Euskal idazleen poemetan oinarritu da Inun, 'Da nola' disko barria egiteko

Dabi Piedra 2016-10-18 12:35   Musikea

Mikel Inunziaga, Inun, bakarlari zornotzarrak bigarren diskoa plazaratu dau: Da nola. Formeari emon deutso garrantzia, hau da, melodia eta berbak ondo buztartzeari.

Mikel Inunziaga, Inun, gitarrea joten, Bilbon egindako aurkezpenean | Ikusi handiago | Argazki originala

Ez eukan disko hau egiteko asmorik Inunek, ia ezustean sortutako proiektua izan da. Kontua da, igaz eta aurten, literaturearen inguruko jaialdi batzuetan parte hartu dauela zornotzarrak eta hitzordu horreetarako olerki batzuen bersino musikatuak egin dituala. Bilduma polita dala ikusi dauenez, Da nola izeneko disko hau argitaratzeko erabagia hartu dau.

Bederatzi kanta daukaz disko barriak, danak euskal idazleen poemetan oinarritutakoak, Estudiante kondenatua bertso herrikoia izan ezik. Jon Mirande, Karmele Igartua, Miren Agur Meabe, Jon Arano, Itxaro Borda, Bernardo Atxaga eta Castillo Suarezen olerkiak musikatu ditu Inunek. Orain dala urte bi plazaratutako Berreginez diskoaren aldean, bigarren hau jantziagoa dala dino Inunek: Oraingoan instrumentazino gehiago dago.

Beste autore batzuen berbak diran arren, kantak bere-bereak dirala sentiduten dau Inunek, poemak neure egin dodaz. Formeari emon deutso garrantzia: Energiarik gehien horretan gastau dot, berbak eta melodia ahalik eta ondoen buztartzen ahalegindu naz. Diskoaren izenburua be, Karmele Igartuaren idazlan baten oinarritutako Da nola, filosofia horren erakusle da. Gauzak zelan egin izan da niretzat inportanteena, ez zer edo non egin.

Pozik geratu da emoitzeagaz, bere estiloko diskoa dala uste dauelako, ezustean sortutako egitasmoa izan arren. Kanta biren oinarrietan dagozan poemak lehendik be musikatuta egon dira: Jon Miranderen Oianone Zaramak bihurtu eban abesti, eta Garik Atxagaren Egun finlandiar bat poemearen bersinoa egin eban. Halandabe, Inunek dino bere bersinoek ez daukiela zerikusirik aurretik egindakoakaz, bakotxak bere estiloa daukalako. Inunen kasuan, pop erako bersinoak dira.

Bakarlaria da Inun eta diskoan be holan lan egin dau, instrumentazinoan eta ahotsetan kolaborazino txikiak euki dituan arren. Ganera, diskoa autoprodukzinoa da. Ekoizle barik, lan gehiago baina askatasun handiagoa daukala dino zornotzarrak. Diskoetxeren baten eskaintzea jaso ezkero ez dau baztertzen baiezkoa emotea baina autoprodukzinoa da berarentzat lehenengo aukerea, ez ei dauka produktoreen ateak joten ibilteko asmorik.

Da nola aurkezteko lehenengo kontzertua Bilboko Kafe Antzokian emongo dau Inunek eguenean, urriak 20. Kasu horretan, eta hurrengo asteetako emonaldietan be bai, bakarlari izakerea alboratu eta bandeagaz joko dau. Daniel Tomas Gomez, Argibel Euba eta Ekain Alzola izango ditu alboan. Dana dala, bakarlari legez emoten dituan kontzertuak gustoko dituala eta formatu horretara bueltauko dala ziurtatu dau. Era berean, disko hau sortu aurretik idatzita eukazan bost edo sei kanta eta, beraz, ez dau baztertzen laster beste diskoren bat preparetan hastea.

 

Diskoaren azala

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu