Eh11Kolore herri mobimentua jaio da, euskal gizartearen kultur aniztasunaren alde

Bizkaie! 2012-12-17 14:28   kulturbiz

Gure gizartean bizi dogun jatorri aniztasunaren inguruan hausnartu eta eztabaidea sustatzeko asmoagaz sortu da. Egitasmo horrek euskal gizartearen kultur aniztasuna babestu eta sustatu nahi dau, berezko balio lez, joera uniformatzaile eta segregatzaileen aurrean.

Donostiako San Telmo Museoan egin eben joandako zapatuan Eh11 Kolore (Euskal Herria Hamaika Kolore) herri ekimenaren aurkezpena. Gure gizartean bizi dogun jatorri aniztasunaren inguruan hausnartu eta eztabaidea sustatzeko asmoagaz sortu da. Egitasmo horrek euskal gizartearen kultur aniztasuna babestu eta sustatu nahi dau, berezko balio lez, joera uniformatzaile eta segregatzaileen aurrean.

Unibersidade irakasleek, kultur eragileek eta hainbat giza mobimentuetako ordezkariek osotutako kolektiboak bultzatuta, Euskal Herria 11 Kolore gizarte eragile, alkarte nahiz erakunde guztien parte hartzeari zabalik dago.

Ekitaldian, ekimenaren bozeroaile diran Xabier Mendiguren Bereziartu euskaltzaleak, Xoxe Estevez Rodríguez historialariak eta Fato Cultural Galegoren fundatzaileak eta Samira Goddi Mendizabal kultur arteko bitartekariak hartu dabe parte. Bozeroaileagaz batera, jatorri anitzeko herritar alkartekideak izan dira aurkezpenean, ekimenagaz bat egiten; horreen artean, Rafael Gimenez, AGIFUGI Gipuzkoaren Etorkizunerako Ijito Alkarteko kidea; Mireia Perea, Arabako Etorkin eta Errefuxiatuen KIRA Alkarteko presidentea; Souleymane Sarr, Markinako Senegaltarren Alkarteko burua; Magbula Hafdala Ali, saharaui emakumeen alkarteko ordezkaria, edota Hajar Samadi, Eusko Islamiar Kontseiluko kidea.

Jatorria edozein dabela be, herritar guztien eskubideen, betebeharren eta aukeren bardintasunaren aldeko aldarrikapena irakurri dabe, hainbat hizkuntzatan (Erantsitako artxiboan irakurgai).

Eh11Kolore-k jatorri askotako euskal herritarren arteko topaketarako, alkarrekintzarako eta alkarlanerako esparruen alde egingo dau lan, gure aniztasuna ikusgai bihurtuz, eta alkar ezagutzeko dinamikei bide emonez, alkarregazko errespetua eta onarpena lortzeko, gaineratu dabe.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu