Bilboko Alondigeak hóPLAY Bideo-joko Independenteen Nazinoarteko III. Lehiaketearen sariak emon ditu

Bizkaie! 2012-11-29 10:09   kulturbiz

Euskadin bideo-jokoak garatzen dituen 19 konpainia aurkeztu dira HóPLAY Nazinoarteko Lehiaketeak emongo dauen Euskadiko Bideo-joko Onena saria lortzeko. Antolakuntzeak Totxa Games konpainiaren Hikaru lana hautatu dau Euskadin sortutako sormen-lanik onentzat.

Bilboko Alondigeak hóPLAY Bideo-joko Independenteen Nazinoarteko III. Lehiaketearen sariak emon ditu bart. Ekimen hau abenduaren 2ra arte izango da Bilbon martxan dagoan Fun & Serious Festival-aren barruan. Bideo-jokoen nazinoarte mailako garatzailerik barritzaileenek Lehiaketa independente honetan hartu dabe parte. Hain zuzen be, hirugarren edizinoan, AEBetako, Alemaniako, Herbehereetako, Italiako, Suediako eta beste herrialde batzuetako profesionalek hartu dabe parte.

Gainera, urte honetan nazinoarte mailako jaialdi garrantzitsuenetan parte hartu daben proiektuak aurkeztu dira hóPLAY-ra.


Kategoriak eta bideo-joko irabazleak

hóPLAY Lehiaketeak sari honeek emoten ditu, bakotxa 6.000 eurokoa: Jatorrizko Ideiarik Onena, Sormen diseinurik onena, Soinurik-Musikarik onena, Jokagarritasun Onena, Euskadiko Bideo-jokorik Onena, Publikoaren Sari Berezia eta Kinect saria.

The Chinese Room enpreseak Jatorrizko Ideiarik Onena saria eskuratu dau, Dear Esther lanagaitik. Sormen Diseinurik Onena saria Strange Flavor konpainiak eskuratu dau, Barabariball bideo-jokoagaitik.

Beste alde batetik, Crocodile Ertertainment konpainiak Soinu eta Musika Onena saria irabazi dau, Zackzero dalakoagaz. Jolasgarritasun Onena saria Nitronic Rush bideo-jokoak irabazi dau, Team Nitronic egindakoak, hain zuzen be.

Euskadin bideo-jokoak garatzen dituen 19 konpainia aurkeztu dira HóPLAY Nazinoarteko Lehiaketeak emongo dauen Euskadiko Bideo-joko Onena saria lortzeko. Antolakuntzeak Totxa Games konpainiaren Hikaru lana hautatu dau Euskadin sortutako sormen-lanik onentzat.

Kinect Saria be emon da. Sari hau Kinect teknologia erabali dauen proiektu onena saritzen dau. Disco Tank enpresaren Solstice izan da kategoriaren irabazlea. Irabazleek Microsoft-ek Europan daukan Garapen Zentro bat ezagutzeko bidaia jasoko dabe.

Sari honeek guztiak bideo-jokoen sektoreko profesional ezagunek osotutako epaimahai batek emon ditu.

Era berean, hóPLAY irauten dauen bitartean Bilboko Alondigako Kulturen Atarian, Lehiaketako 25 finalisten bideo-jokoak probau ahal izango dira eta erabiltzaileen botoen bitartez Publikoaren Sari Berezia hautatuko da. Botoak abenduaren 2ra arte emon ahal dira. Sari hau erakusketea amaitzen eta botoak zenbatzen diranean emongo da.


hóPLAY Bideo-joko Independenteen Nazinoarteko III. Lehiaketea

Hirugarren urtez jarraian, Bilboko Alondigeak hóPLAY Bideo-joko Independenteen Nazinoarteko Lehiaketea antolatu dau, urteroko erreferentziako hitzordua izateko helburuagaz. Modu horretan, nazinoarteko aisialdi elektronikoaren eta arte alkarreragileen arlo ludiko, teknologiko, industrial, kultural eta sozialak batu eta proiektauko dira Bilbon.

hóPLAY bideo-jokoen mundura egindako hurreraketea da, jente guztiari zuzendutakoa. Horretarako, nazinoarteko deialdia egiten da, eta sormena, garapena eta barrikuntzea saritzen dira. Gainera, bideo-jokoen munduaren inguruko gaiei buruzko berbaldiak eta jardunaldiak eskaintzen dira, bai eta bideo-jokorik barri eta garrantzitsuenei buruzko erakusketa bat be, Lehiaketa independente honetako 25 finalistakaz batera.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu