Txuma Murugarrenek 'B aldeko kantuak' diskoa aurkeztu dau

Bizkaie! 2010-10-19 18:25   Musikea

Diskoa egiteko orduan, 60-70eko hamarkadetako singleak izan dodaz buruan. B aldeak beti gustau izan jataz gehiago A aldeak baino, hit baten arrakastearen azpian ahaztuta gelditzen diran kantu minberati eta ahulak, horreek maite nituan gehien, eta uste dot bide horretatik joan dirala nire kantuak, B aldeko kantu arrakasta bako horreekaz zerikusi handia daukie.

Txuma Murugarren lan barriagaz jatorku; Donostiako Alde Zaharreko liburutegiko sotoan aurkeztu dau gaur, hilak 19, B aldeko kantuak izeneko diskoa, kantariaren bakarkako ibilbidean ataratako seigarrena, Gaztelupeko Hotsak diskoetxearen eskutik datorrena. Bertan kantu barrien -eta zahar batzuen- bildumea egin dau. Konposizino propioak, betiko musikarien laguntzaz atondutakoak zein Audience taldekoakaz egindako bertsinoa tartean.

Era berean gozo, era berean hits. Murugarrenek berak emoten deusku bere kantuen definizinorik egokiena Gozo eta hits abestian. Era berean argitsu, era berean ilun, gehitu daiteke. Sasoi Ilunak taldeko kide ohiak bi arpegi horreek erakutsi ditu diskoz disko, baina lan honetan beharbada inoiz baino indartsuagoa da bi alderdien arteko kontrastea. Musikeari jagokonez Murugarrenek grabau dituan kantu alaienetako batzuk topauko ditu entzuleak disko honetan, lelo kutsagarri (Gozo eta hits) eta ia euforikoak (Jasanezina bizitza) eta bizipoza transmitiduten daben erritmo jostalariak (Mugaz gaindiko bidaiak), baina aldi berean tonu baltzari eusten deutso hitzetan. Oso disko iluna da, bizitzaren ikuspegi ezkorra, eszeptizismoak eta etsipenak jotakoa; modu zuzenean agertzen ditu egoerak eta gaiak, itzulinguruka ibili barik eta itxaropenak arnasa hartzeko ia zirrikiturik itxi barik; heriotzea be hor dago presente disko osoan zehar, bizitzaren ifrentzua.

Balztasun hori ez jagoke hitzei bakarrik, soinuak be musika baltzera eroaten gaitu hainbat momentutan; haize tresnen eta teklatuen protagonismo handiak 60ko hamarkadako soul eta disko musika baitakarre gogora, esaterako Kantu xalo bat-ek (in crescendo ikusgarri bategaz) eta Jasanezina bizitza-k osotzen daben bikote zoragarrian. Badira pop kantu borobilak be (B aldeko kantuak irratientzako bazka da, eta Gozo eta hits-en Rafa Rueda eta Miguel Ramirezen gitarra zaratatsuak nabarmentzen dira), eta ez da falta ekialdeko musikearen ukutu bohemio eta dekadentea, penak alkoholean itoteko momentua heltzen danerako egokia (Esku hotz bat).

B aldeko kantuen artean sarri agertzen dira diskoetako kantuen bertsino alternatiboak, eta Murugarrenek be holan egin dau. B aldeko kantuak eta Irratia gauean abestien bi bertsino grabau ditu, eta Audience taldea izan dau lagun Irratia gauean-en country bertsinoa egiteko. Horrezaz gan, Sasoi Ilunak-en azken diskotik Bizitza garratza da singlea berreskuratu dau, eta su motelean egositako balada hunkigarri bilakatu dau, Serge Gaingsbourgi egindako keinutxoa tartekoa dala.

Txuma Murugarrenen B aldeko kantuak kantu arantzadunak, bihotz bakoak, kantu zitalak, inork maite ez dituanak, hondamendi batetik erreskatau nituanak dira.

Ezkutuan gelditutako abestiak izaten dira B aldeko kantuak, diskoetan agertzeko aukeratuen multzo pribilejiatuan sartzea lortu ez dabenak eta, kasurik onenean, abesti arrakastatsuen singleak osotzeko erabiliko diranak. Gehienetan, barriz, 'atzeko gelaxkan gordeta' geratzea da euren patua, tiraderan, hain zuzen be, harik eta bateren batek ahanzturatik erreskatau eta bitxikerien disko batean argitaratzea erabagiten dauen arte. Horregaitik beharbada, xarma berezia dabe B aldeko kantuek musika zale askorentzat, Txuma Murugarren horreen artean. Holan azaldu dau diskoari izenburu hori jarteko arrazoia: Diskoa egiteko orduan, 60-70eko hamarkadetako singleak izan dodaz buruan. B aldeak beti gustau izan jataz gehiago A aldeak baino, hit baten arrakastearen azpian ahaztuta gelditzen diran kantu minberati eta ahulak, horreek maite nituan gehien, eta uste dot bide horretatik joan dirala nire kantuak, B aldeko kantu arrakasta bako horreekaz zerikusi handia daukie.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzunak

Ainara Matiko 2010-10-21 17:17 Erantzuna | #1

Aupa Txuma, ederra diskoa. Aspaldi jarraitzen dizut eta gero eta engantxatuago nago zure musikaz, zure ahotsaz, zure istorio ederrez. Mila esker eta segi aurrera!

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa