Bilboko Guggenheim Museoaren ondoko aramuaren ama hil da

Bizkaie! 2010-06-02 10:45   kulturbiz
Louise Bourgeois 98 urte zituala hil zan New Yorken

Aramuak eta amatasuna banatu ezineko kontzeptuak ziran Louise Bourgeois eskultorearentzat. Aramuak 1947an margotu zituan lehenengoz, baina 90eko hamarkadan agertu ziran eskultura handi modura. Bilbokoa 1999an sortu eban.

Louise Bourgeois eskultorea Parisen jaio zan, 1911n, eta New Yorkera joan zan 1938an, gurasoakaz batera. Han bizi izan da azken arnasa emon arte.

Aramuak eta amatasuna banatu ezineko kontzeptuak ziran Louise Bourgeois eskultorearentzat. Aramuak 1947an margotu zituan lehenengoz, baina 90eko hamarkadan agertu ziran eskultura handi modura. Han-hemenka dagoz Bourgeoisen aramuak: Tokion (Japonia), Ostenden (Belgika), Seulen (Hego Korea), Otawan (Kanada)... Bilboko Guggenheim Museoak be badauka bere aramua, Ibaizabal ibaiaren ertzean. Maman (Ama) dau izena, hain zuzen be, brontzez eta altzairuz egindako bederatzi metroko obreak. 1999an sortu eban Bourgeoisek.

Artearen munduan ezarrita egozan konbentzinoen kontra egin eban. Artea 'gizonezkoen feudoa' zala jaubetu, eta feudo hori apurtu gura izaten aitzindaria izan zan.

Egitura patriarkalen kontrako jarrerea Femmes-Maison seriean erakutsi eban 1940ko hamarkadan. Emakumeak gorputz anonimo moduan errepresentetan zituan, eta arpegiaren ordez etxeen irudiak agertzen zituan, emakumea etxeko lanetara mugaturik egoala salatzeko.

Generoaren ardureagaz lotuta, sexu identidadeaganako ardurea eukan. Eskulturetako asko karga sexual handikoak ziran, zakil itxurako Fillete (1968) lana, kasurako. 1974an sorturiko Aitaren suntsipena izan zan lan paradigmatiko eta katarkikoena gai horretan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu