X. Bad Jaialdiaren kartela, publiko inkonformistearen espiritua omenduz

Bizkaie! 2008-10-10 16:40   kulturbiz

Antzerki eta jantza garaikidearen erakustaldia dan BAD Jaialdiaren X. edizinoa urriaren 24tik zemendiaren 2ra bitartean egingo da aurten.

Begirada garbia eta aldi berean inkonformistea, tristea baizen alaia; jantza-pausu bat gogorarazoten dauen jarrerea; neska gazte bat soineko zuri batez jantzia eta soinekoaren erdian orban baltz bat; antzokiko aulki klasiko bat, zurez eta belus gorriz apaindutakoa, igogailu ultramoderno baten barrualdean. Osogarri horreek buztartuz landu da BAD jaialdiaren X. edizinoko kartela, irudi originala eta harrigarria osotuz, antzerki eta jantza garaikidearen erakustaldi honetako tradizinoari jarraituz. Aurten, BAD urriaren 24tik zemendiaren 2ra bitartean egingo da.

Miren Gaztañaga antzezle eta kantaria (Antzerkiola Imaginarioko eta Sagarroi musika taldeko kidea) aukeratu dabe aurten jaialdiaren irudi. Jantziak (Mayda Zabalaren eskutik sortutakoak) eta ile-apainketea eta makillajea (Izaskun de la Fuente estilistearen ardurapekoak) arte eszenikoetan (antzerkia, operea, jantzea), zineman eta publizidadean eskarmentu handia daben profesionalek landu ditue. Bertako Nemonica Grupo Arista konpainia kontzeptuaz, diseinuaz eta koordinazino orokorraz arduratu da, eta karteleko irudia Vicente Paredes Gil argazkilariak egin dau.

Kartelaren sortzaileentzat, plateako ohiko aulki batean jesarrita dagoan neska honen irudiak omenaldia egiten deutso Jaialdiak hamargarren edizinoa bete daian lagundu dauen publikoari. Neskearen mamu-itxureak, eszenatokitik, fokoen atzean erdi ostenduta atzemoten dan publikoaren irudia iradokitzen dau, eta bere arpegiera anbiguoak komedia eta tragediaren sinbolo klasikoa gogorarazoten dau. Igogailuak publikoaren gogo-aldarte aldakorrak irudikatzen ditu, eta aparatuaren modernotasunaren aldean, aulkiaren izaera klasikoa nabarmentzen da, mamu-giroa sortzea errazten dauen argiztapen saturatu baten laguntzaz.


BADen soinu-banda

Aurten hasita, BADek soinu-banda eta guzti izango dau. Inaugurazino ekitaldian eta antzezpen bakotxaren aurrean entzungo da, eta www.badbilbao.com webgunean eskuratzeko aukerea be egongo da. Bi mobimentuko doinua da, esparru publikoetan grabautako giro-soinuetatik abiatuta baliabide elektronikoez egindako beste soinu batzuetara aldatuz doana. Egilea Madelman da, edo hobeto esanda, José Luis Rebollo musikari elektronikoa, Chico y Chica bikoteko kidea Alicia San Juanegaz batera eta dj Madel goitizenaz be ezagutzen dana. ‘Koro'-k musika eta antzerki klasikoaren oihartzunak batzen ditu, eta doinu esperimental eta elektroniko hutsa da, egilearen esanetan: 'ez da jantzagarria, ezta pop doinua be, ez eta etxean balada baten antzera entzuteko modukoa'.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu