Burruka librearen monjeak
2015-08-26 12:50 BidaideArratsaldeko bost eta erdiak dira eta India iparraldeko Haryana estaduko zeruertxean eguzkia agur esaten hasi bada be, bero dago, 35 gradu baino gehiago. Baina hori ez da arazoa. Lehenengo ikasleak hasi dira okasinorako atondutako lursailera hurreratzen eta gerripeko txikiak jantzita beharrari ekiten deutsie.
Arratsaldeko bost eta erdiak dira eta India iparraldeko Haryana estaduko zeruertxean eguzkia agur esaten hasi bada be, bero dago, 35 gradu baino gehiago. Baina hori ez da arazoa. Lehenengo ikasleak hasi dira okasinorako atondutako lursailera hurreratzen eta gerripeko txikiak jantzita beharrari ekiten deutsie. Ume eta nerabeen lehenengo zeregina atxurra hartu eta lurra mobidutea izaten da gero hor burrukan ikasteko. Nahitaezkoa da lurra bigun, bustita eta sendo egotea, jausikeran zauririk ez egiteko eta mobimentu azkarrak egin ahal izateko. Beraz, batek lurra mobiduten dauen bitartean, beste batek ura botaten dau. Isilean egiten dan lana da, hiru bat milurteko baino gehiago dituan kushti izeneko kirolak merezidu dauen errespetu guztiagaz.
Burrukalari profesionalak 18:00ak aldera heltzen dira eguneko bigarren entrenamentu saioari ekiteko. Lehenengoa goizean izaten da, egunsentian eta gehienbat alde fisikoa lantzeko ariketak egiten ditue. Kasu batzuetan, egunean 3.000 flexino be egiten ditue eta korrika saio luzeak, ezinezko bihurrikatzeak eta sokatxu bat erabiliz arbola erraldoietara igotea lako ariketak be ohikoak izaten dira. Halan da be, gogorrena eta ikusgarriena arratsaldean izaten da, akhara (Kushti burrukea praktiketako lekua Indian) txikian 30 bat kirolari indarra eta burrukarako estrategiak neurtzeko asmoagaz batzen diranean.
Burruka libreko modalidade ia guztietan legez, helburua arerioa gitxienez pare bat segunduan inmobilizetea da. Kushtiren kasuan, barriz, arerioari sorbaldatik hartuz lortu behar da geldiarazotea eta guruek (Entrenatzaileek) adierazoten daben moduan, indarra baino gehiago abilidadea behar izaten da horretarako. Horregaitik zazpi urteko ikasleak be onartzen ditue horixe baita edaderik onena burrukarako estrategiak jasoteko. Burrukan egiten ez eze, pehlwanek bizitzarako estrategia eta jarraibideak be ikasten ditue, izan be, espiritualtasunagaz eta garbitasunagaz lotzen da euren jarduna. Sexua, alkohola eta tabakoa galarazota dagoz eta dietea be nahikoa zehatza da, chapatiak (Gari-opilak), ghee (Koipea), arrautzak, almendrak eta esnea baino ez ditue jaten. Kirolari honeek eredu izatea da asmoa, monjeena lako ereduari eustea adierazo dau Mohit Sarohak, Indian kirol hau salbetako ahaleginetan dabilen alkarteko abokatuak.
Izan be, desagertzeko zorian dago. Gobernuak ez dau kirol modalidade hau babesten eta gurago dau nazinoartean zabalduago dagozan burruka modalidadeak sustatu, holan herrialdeak emoitza hobeak lortuko leukezalakoan Joku Olinpikoak lako lehiaketetan jakinarazo dau abokatuak. Gaur egun Sushil Kumar da eredu eta adibiderik esanguratsuena, aitatu lako antzeko akhara batean lehen pausuak emon ostean, banakako diziplinetan Indiako lehenengo dominak irabazi zitualako, urrezkoa 2010eko Munduko Txapelketan, zidarrezkoa 2013ko Jokoetan, Londresen eta 2008an, brontzezkoa Pekinen. Bera lako kirolariak sustatzeko eta laguntzeko erabilten da dirua eta gure kulturearen parte dan kirola, barriz, baztertu egiten da. Esangura horretan, akhara gehienak landa eremuetan dagoz egun eta txapelketak maila eskasekoak izaten dira. Lehen burrukeagaz bizimodua ataraten eben kirolariek baina gaur egun ezinezkoa da hori dino Sarohak.
Kontuak kontu, Haryanako akharan entrenetan daben gehienak beste zeregin eta beste ogibide batzuk ditue, besteak beste, mekanikoak, nekazariak eta abeltzainak. Onenak izateko bete-beteko jarduna, beste zereginik barik kushti praktiketan emon beharko geunkez orduak Japonian sumo burrukalariek egiten daben moduan, baina gurean jateko be ez leuke emongo jardun horrek. Beste behar batzuetan gabilz bizimodua atarateko eta gero kantsauta joaten gara entrenamentu saioetara eta holan ez dago hobetzerik. Ganera, tradizinoaren arabera, burrukalariok alkarregaz bizi beharko geunke eta hori be ezinezkoa da guretzako dino Dinesh jn.ak, 120 kiloko hogei bat urteko gazteak. Beste arazo bat da Kiroletako administrazinoan dagoan ustelkeria, izan be, diru asko behar ez dan lekuetara desbideratzen da gehitu dau Sarohak.
Edozelan be, aitatu arazo eta gorabehera horreek guztiak berehala ahaztuten dira oin biluziek lurra zapaltzen dabenean; kontuan hartu behar da lurra osogai sagradua dala eta hasierako agurrean burrukalariek eskuagaz hartzen dabela. Hortik aurrera broma gitxi izaten da, benetako burrukea hasten da, arerioen artean ez da jantzarik izaten eta estrategiak eta indarrak agintzen dabe. Hasierako besarkadea edo topekadea basatia izaten da eta arpegiek be alkar joten dabe, giharrak puztu egiten dira eta arerioa lurrera botatea ez da nahikoa izaten, gorputz osoa geratu behar da lurragaz kontaktuan. Sarritan ustez menperatua izan danak ezustean bueltea hartu eta irabazi egiten dau. Irabazleak lurragaz arerioaren lepoa igurtzi eta hortxe amaitzen da burrukea. Jarraian guruak hurrengo lehiakideak aurkeztuko ditu eta holan segiduko dabe odola, izerdia eta malkoak nahastean dituan lurretik azken eguzki izpiak desagertu arte.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!