Mongolia honezkero ez da nomaden herrialdea (I)

Zigor Aldama 2014-12-26 14:41   Bidaide

Mongolia osoan bizi diran hiru miloe lagunetatik herenaren bizitoki dan uriburua mendi-hegalez inguratuta dago eta horreetan milaka ger dagoz, inguruan egurrezko hesia daben kanpin-denda modukoak, nahiz eta egurrezko hesiak ez ohikoak izan nomaden bizimoduan.

Kanpotik begiratuta Erden Bat familiaren etxeak Mongoliako yurta tradizionalaren antza dauka. Ganera, saretutako eta leku batzuetan arrakalaz jositako olanak ikusita egunerokoari ezin eutsita bizi dan familiarena emoten dau. Dana dala, ez da komenidu etxurearen arabera eretxia emotea ze barrualdean sekulako ezustea hartuko dogu: eten barik lekuz aldatzen dan etxebizitza eta milurtekoetan mongliarren aterpe eta bizitoki izan dan etxea sano horniduta dago XXI. mendeko bizimoduari aurre egiteko. Izan be, familiako bi seme-alabak, Maral, 17 urtekoa eta Gankhoyag, 20koa Hollywoodeko superprodukzino horreetako bat ikusten dagoz plasma pantaila erraldoian eta bien bitartean, amak, Toya Tsetsegek garbigailua martxan jarri eta mikrouhin-labean esnea berotzen dago. Kanpoan hotz handia dago baina Maral praka laburretan dago eta bere anaiak paparra agirian dauka. Barruan epel-epel dago. 

Edozelan be, deigarriena da urtaroaren arabera eta bazkaleku onenen bila joaten diran ganaduzaleen yurtak muntau eta desmuntetako diseinautako etxebizitzak dirala pentsau arren, Erden Bat familiarena, barriz, sakon ainguratuta dago Mongoliako uriburuko, hau da, Ulán Batorreko bazter auzo batean. Eta ez da bakarra. Mongolia osoan bizi diran hiru miloe lagunetatik herenaren bizitoki dan uriburua mendi-hegalez inguratuta dago eta horreetan milaka ger dagoz, inguruan egurrezko hesia daben kanpin-denda modukoak, nahiz eta egurrezko hesiak ez ohikoak izan nomaden bizimoduan.

Surrealismotik hur dagoz. Uriburuaren erdialdean kristal eta altzairuzko etxe orratzak dagoz, gehienbat meatzaritza sektoreak eragin dauen hazkunde ekonomiko handiaren erakusgarri; inguruko mendietan, barriz, gero eta gehiago diran puntu zuriak agiri dira. Horreetako bakotxa nomada familia bat da, asfaltoaren gainean bizimodu hobearen bila bertan ainguratuta. Erden Bat familiak orain sei urte egin eban bidaia hori, Mongolia erdialdeko amaiera bako lautada berdeetatik uriburura, hain zuzen be: Ez geunkan ganadu askorik eta normalean baino negu hotz batek ia-ia abere guztiak akabau zituan. Eguraldiaren pentzutan bizi behar horrek eraginda, bizirik geratu ziranak saldu eta Ulan Batorrera joatea erabagi neban. Hor banekian hezkuntza hobea jasoko ebela nire seme-alabek eta etorkziun oparoagoa izango ebela. Estepan hara eta hona ibiltea gero eta gogorragoa da.

Halan da be, ganadua salduta ez eban nahikoa dirurik izan uriburuan metro koadroa 800 euroan dagoan apartamentu txiki bat erosteko. Beraz, Mongoliako legerian zehaztuta dagoan lez, herritar bakotxari jagokon 0,7 hektareako lurzatia hartu eta administrazinoak emondako lekuan, ekialderantza, uriburutik 10 bat kilometrora, ezarri eben euren yurta. Ger honetan jaio eta bizi gara eta guretzako naturala da hemen jarraitzea. Baina oraingoz Erden Bat familiak espero ebana ez da bete. Estepan ezinezkoa izango zan hezkuntzea jaso dabe seme-alabek baina yurtaz betetako bazter auzoetan % 60 ingurukoa da langabezia. Nire ama jostuna da eta aitak ez dauka lanik, tarteka-marteka eraikuntza sektorean ibilten da. Ez daukagu diru-sarrera egonkorrik eta ez dau emoten epe laburrean holan izango danik adierazo dau Maralek.

Presino demografikoa gero eta handiagoa eta da holan gero eta gatxagoa da beharra topetea. Tokian tokiko Gobernuz Kanpoko Erakundeek zabaldutako estadistika ez ofizialean arabera, urtero yurta auzoetara estepatik eta basamortutik igesi 40.000 lagun inguru heltzen dira. Dagoeneko 800.000 dira eta 2010. urtetik nabarmen hazi da lekuan bertan gelditzeko jokerea. Urte hori oso gogorra, baltza izan zan nomadentzat, izan be, ezagutzen dan negurik gogorrenean, 8,5 miloe abere hil ziran, abere kopuru osoaren % 20 inguru. Zud esaten deutsie pasadizo horri, berbaz berba, heriotza zuria, izan be, 770.000 ganaduzale izan ziran kaltetuak, horreetatik 165.000 inguruk ganaduaren erdia edo galdu eben eta 43.500ek abere guztiak galdu zituen.

Ordutik ez da antzeko krisirik izan baina Gobernuak 2009an argitaratutako txosten potoloan aurreikusten zan aldaketa klimatikoak eragin zuzena eta birrintzailea izango ebala nomaden bizimoduan. 1940. urtetik tenperaturea 2,14 gradu igon da batez beste eta neguko euriteak be gero eta handiagoak dira eta uda sasoiko sikateak, barriz, bildurgarriak. Hamarkada birik behin Gobi basamortuak 150 bat kilometro irabazten ditu iparralderantz. Eta egoereak okerrera egingo ei dau adituen esanetan. Natura eta Ingurumen Ministerioak egindako aurreikuspenen arabera, mende honetan zehar gero eta handiagoak izango dira muturreko fenomeno klimatikoak, 2010eko Zud haren antzekoak; euri zaparradak % 20 gehiago izango dira eta tenperaturak beroagoak izango dira urtetik urtera. 

Hori guztia gitxi ez balitz, giza jarduerea be erabagiorra da ingurumenaren eten bako gainbeheran. Bilioi bat euroko baliabideak ei dituan meatzaritza industriaren garapen basatiak mirakulu ekonomikoa eragin dau eta Gengis Kanen herrialdea da gaur egun munduan gehien hazten dana (2011n, % 17,5ekoa izan zan eta 2014an, Barne Produktu Gordina % 15 haztea espero da); horrezaz gan, per capita errentea bost aldiz haziko dala dinoe adituek, 2000. urtean 1.460 euro izan ziran eta datorren urtean 7.000 izatea espero da). Dana dala, lurren eta ibaien kutsadurea be ezin ahaztu. Ganera, neurri eta muga bako artzaintzeak landa eta zelaietako biomasa produkzinoaren % 30eko galerea ekarri dau azken lau hamarkadotan (Mongolia Frantzia baino hiru aldiz handiagoa izan arren, Euskal Herriaren antzeko biztanle kopurua dauka). Labur-zurrean, nomada bizimodua gero eta gogorragoa da eta uriburuan, joan-etorririk bako bizimodua be ez da bape erraza.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu