Txinan txarto hartzen nabe (II)
2014-10-31 13:26 BidaideEz dau inork horrenbeste eztabaida eta eretxi eragin ingelesik ez dakien enpresaburu txinatarrak baino The New York Times egunkariaren zati bat erosteko mila miloe dolarreko eskaintzea egin ostean. Mundu guztiak galdetzen deust ia zergaitik egin dodan eskaintza hori dino Chenek. Eta erantzuna erraza da: munduko egunkari entsutesuena izanda, biderik eraginkorrena da nahi dozun mezua zabaltzeko
Zigor Aldamaren artikuluaren lehenengo zatia irakurri gura izan ezkero klik egin hemen.
Duda barik, Chen Guangbiaoren jarrereak hasarrea eragiten deutse askori Txinan, bai arlo politikoan zein enpresa munduan. Chenek autortu dau tokiko agintariekaz dituan hartu-emonak sano tirabiratsuak dirala, izan be, bildur dira irabazitako estatus edo mailea galtzeko herritarrek euren eretxia askatasun osoz azaltzen dabenean. Esangura horretan, probintzia batzuetan politikoek betoa jarrita deukotsie haren enpreseari eta lagunarteko tratuak eta tartean eskupekoak dagozanean baino ez dituela egiten adierazo dau; era berean, salaketa faltsuak tarteko dirala, kartzelan sartu leikielako bildur da Chen. Badakit zuhur jokatu behar dodala; oraingoz atzerrian nire jarduerek daben garrantzia eta oihartzunak eta Pekingo gobernu zentraleko agintariek erakusten deustien errespetuak babesten nabe.
Txinan egindako jarduera filantropikoen erakusgarri Chenek bere bulegoko horma guztiak 2.000tik gora ohorezko ziurtagiri, diploma eta dominez josita ditu eta bulegoaren ondoko batzar gelan dituan argazkiak be ez dira gitxi; dinastia zaharretako barroko estiloan apaindutako aretoan, atzoko eta gaurko agintari nagusiakaz ateratako argazkietan agiri da Chen: Alderdiko organo betearazleko kide nagusiekaz zein lehengo presidenteagaz eta gaur egungoagaz, Hu Jintaogaz.
Xi Jinping da nire itxaropena. Agintari bikaina da, Zuzenbide Estatuan eta meritukrazian sinisten dogunon alde dago eta ziur nago bederatzi urte barru, haren agintaldia amaitzen danean, ustelkeria kasu gitxi egongo dirala eta enpresa-pentsakerea be goitik behera aldatuta egongo dala.
Halan da be, Chenek uste dau Txina ez dala sekula AEBen aurretik jarriko munduko herrialde boteretsuenen artean, ezta datozen 100 urteetan be. Eragin globala ez dago neurtzerik Barne Produktu Gordina kontuan hartuta; aldagai horretan, txinak abantaila handia dauka, izan be, laukoiztu egiten dau AEBetako demografiaren datua. Ez, boterea herritarren aberastasun mailearen eta herrialdearen alkartasun indizearen pentzutan dago; Txinak estadubatuarrek ongintzazko proiektuetara bideratzen daben kopuruaren % 4 bakarrik gastetan dau horretan. Oraindino asko dago egiteko, talentu handiko lagunak behar doguz eta diru-goseak kalte handia egingo dau, gure natur baliabideak babes neurri barik, ezelako kopla barik hondatzen eta agortzen gagozalako.
Chenen bazkide bi alboko gelan dagoz zain eta, beraz, bazkaltzeko proposamena egin deusku alkarrizketeagaz jarraitzeko. Chenen sukaldari personalak serbidu deusku jatekoa eraikineko jantoki pribatuan; menuan arrain-zopea, karramarroa, barazkiak, okelea saltsan eta globo arraina, sano pozointsua dana, izan be, zianuroa baino 12 aldiz toxikoagoa da eta behar dan moduan kozinetan ez bada, minutu batzuk nahikoa dira persona bat hilteko. Ganera, baimen berezia behar da aitatu arraina kozinetako. Ez arduratu, mahaira ekarri aurretik suetean probetan dabe dino hornitzaile batzuekaz laneko kontuetaz berba egiten dauen bitartean.
Chenek ez deutse jaramonik egiten kanpotik heltzen jakozan kritikei, ezta bazkideenei be eta laneko kontuak baztertuta, azken itaunari erantzuten jarraitu dau. Triste dago Txinan jasoten dituan kritika asko eta asko zentzunik bakoak diralako. Bidezkoa da gauzak egiteko dodan moduagaz bat etortea ala ez baina ingurumenagazko errespetua eta gizarte bardinkideagoa aldarrikatzeko nire mezuaren alde positiboak ikusi eta onartu beharrean askok iraina baino ez dabe erabilten. Izan be, 'kapitalista gorria' ezizenagaz ezaguna, bufoitzat eta berbontzitzat hartzen dabe eta Txinako makinatxu bat komunikabidetan entzun behar izan ditu entzutekoak.
The New Express egunkari sentsazionalistea izan zan Chenen altruismoa dudan jarri eban lehenengoa. Bertako kazetarien ikerketen arabera, ipar-mendebaldeko Xinjiang probintziako fundazino bati mila ordenagailu agindu arren, azkenean 500 izan ziran; eregi eban zaharretxe bat haren familiaren bizitoki da gaur
egun; eta proiektu desbardinetarako agindu izan dituan diru kopuruak sano murriztu dira azkenean.
Southern Metropolis Daily, egunkari entzutetsuak salaketa gogorra egin eutson birziklaketea enpresea erabiliz, 200 eraikinetan eraiste lan basatiak eginez 37 miloe euroko irabaziak izan ostean. Era berean, Chenen jarduerak kritikau ostean, Ye Wentian kazetariak e-postaz jasotako heriotz mehatxuak eta gorpuen argazkiak salatu izan ditu Weibo, txinatar Twitter sarean. Halan da be, auzotar batzuen testigantzak kenduta ez dago froga zehatzik eta Ye Wentianek onartu egin dau ezin dauela seguru jakin Chen izan dala aitatu bialketak egin dituana.
Enpresaburuak ez dau gura polemikarik baina ez daki isilik egoten. Sekula ez naz ibili legez kanpoko kontuetan eta enpresearen irabazietatik % 50 ongintzazko proiektuetarako bideratzen dogu; ganera, Txinaren beharrizanak gogoan hartu eta konpromiso argia lortu guran, 2010. urtean, Warren Buffett eta Bill Gatesegaz egin neban afariaren ostean, berbea emon neban hilten nazenean nire diru eta ondasun guztiak dohaintzan emongo dodazala. Eta holan egingo dot.
Nire seme-alabek badakie eta bat datoz nire erabagiagaz' adierazo dau. Dana dala, ezelako bildur barik esan behar dot atzerrian jarduteko arrazoi nagusietakoa Txinan emoten deustien tratu eskasa da esan dau alkarrizketa hau horniduteko argazki saioan fresko egoteko sistea egitera joan aurretik.
Txinatik kanpo be Chenek ez dauka lagun askorik, errezelo eta susmo ugari batu ditu haren ongintzazko jardueren atzean motibazino politikoak dagozalakoan.
Berbarako, joandako bagilean, AEBetako CNN kateak azpimarratu eban Chenek Falung Gong sektako emakumezko jarraitzaile biren larruazal inplantea pagau dauela; Alderdi Komunisteak galarazo egin eban aitatu sektea eta persona bi horreek 2001. urtean, Tiananmen plazan erregimenaren kontrako protesta ekitaldian bontzo erara euren burua erre eben. Gaur egun erakunde sasi-erlijiosoari uko egiten deutsie emakume bi horreek baina sektako jarraitzaile sutsuek, barriz, dinoe hau guztia Gobernuaren trikimailua baino ez dala erakundearen irudi ona kaltetzeko eta ziurtatu egin dabe erakundeak ez deutsola inori bere burua hilarazoten.
Beste alde batetik, Chenek ez dau goraipamen handirik jaso Txinatik kanpo pobreziari aurre egiteko bideratu dituan kanpainen harian. Enpresaburuak huts egin eban New Yorken, izan be, pobrezia gorria bizi daben 250 lagunentzako bazkaria atondu eta bakotxari 300 euro emongo eutsiela berbea emon arren, azkenean dirua emoten ez eutson itxi tartean egoan erakundeak esan ebalako diru hori alkohola eta drogak erosteko erabili leikiela. Chenek, halan da be, argi dauka: formula bakarra dago emoten dozun dirua nahi dozun lagunak jasoten dauela ziurtatzeko, hau da, eskura emotea.
Edozelan be, ez dau inork horrenbeste eztabaida eta eretxi eragin ingelesik ez dakien enpresaburu txinatarrak baino The New York Times egunkariaren zati bat erosteko mila miloe dolarreko eskaintzea egin ostean. Mundu guztiak galdetzen deust ia zergaitik egin dodan eskaintza hori dino Chenek. Eta erantzuna erraza da: munduko egunkari entsutesuena izanda, biderik eraginkorrena da nahi dozun mezua zabaltzeko eta ahalik eta jente gehiagorengana heltzeko. Zabalkunde handia izateko txinatarrez bersino bat argitaratu eta herrialdeko salmenta toki guztietan salgai jartea proponidu neban, gaur egun New York Times eta atzerriko beste hedabide batzuk blokeauta dagozalako txinan. Marketing sistemea aldatzekoa asmoa azaldu neban baina lerro editorialean eta lantaldean eskurik ez nebala sartuko berbea emon arren, ez eustien onartu. Barria zabaldu zanean, egunkariaren akzinoak azken bost urteotako mailarik handienera igon ziran baina erantzuna argia izan zan. Egunkaria ez egoala salgai esan eustien.
Chenek hasitako bideari ekiteko konpromisoa azaldu dau. Wall Street Journalen edo Voice of American sartzea da orain nire asmoa. Zergaitik? Mundua aldatzeko gaitasuna daben bakarrak AEBetako hedabide handiak diralako' adierazo dau arpegiera serioagaz. Argazkietarako, barriz, irribarretxu dotoreena eta zelebre mozorroa erakutsi ditu.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!