Artea Txinako sustraietan

Zigor Aldama 2014-08-12 13:10   Bidaide

Zhang-ek ez eban zuztarren teknikea ezagutzen, eta Shanghaira joan zan larogeitaka urteko maisu bategaz ikastera. Etekin handia atera eutson haregaz emondako urteei. Lan bakotxak 10 ta 20 egun eskatzen ditu, baina gatxena zuztar bakotxarentzat diseinu egokia egitea da. Hilebeteak behar dira, edo urteak. Hamar urte baino gehiago behar izan nituan ‘Laoxiu’ piezea amaitzeko. Saria, hori bai, lanaren parekoa da.

Zhang Dehe-k (Xiangshan, 1955) asko dauka eskertzeko Deng Xiaoping-i. Izan be, Mao Tsetung-en oinordekoak 1970eko hamarkadan egindako aldaketei esker egin dau gora artista lez. Deng Xiaoping-ek, lehenengo eta behin, Zhang-i hezkuntza arautua ukatu eutson Iraultza Kultural (1966-76) zentzunbakokeri komunistea amaituarazo eban. Ostean, herrialdea kapitalismoan sartu zan, bete-betean, aberastea gauza handia da! lemeari segiduz. Aldaketa horrek Txina munduko bigarren potentzia bihurtu dau, eta AEBen ostean, aberats gehien dituan herrialde bere bai. Aberatsoi esker galtzekotan egozan arte muetak biztu egin dira. Horren adibide da, berbarako, Zhang ospetsu egin dauen artea: arbolen sustraietako eskulturea.

Erresuma Burrukalarien (K.a. V. mendea) sasoiko artea da, eta komunismoa 1949an heldu zanean beherantz egin ostean, barriro be txinatarrak baloretan hasi diran jarduerea. Txinatarren erosahalmenaren gorakadeak mesede egin deutso, hil hurran egoan eta, dino Zhang-ek. Orain dala zortzi urte museoa zabaldu eban kostaldeko Ningbo urian, eta han ikusgai ditu bere 200 pieza onenak. Buda tripontzi baten irudiak dagoz, edozein umeren amesgaiztotako nekazari bizardunak, eta emakume delikadu eta finak. Pieza batzuk, indikainabereagaz egindakoak batez be, esku baten sartzen dira; beste batzuk, barriz, erraldoien antzera, bost metro ditue.

Teknika honek daukan gauzarik garrantzitsuena, eskultura tradizionalak ez daukana, lantzen gabilzan zuztarraren adierazpide naturala gordetea da. Ez da egur zati bat edo mihise zuri bat, naturearen sorkuntza bat da, guk berrinterpretetan doguna. Horregaitik, nik gurago dot nire lanari grabadua esatea, tailaketea baino. Materialaren berezitasunak pieza bakotxa bakarra eta errepikatuezina bihurtzen dau, eta hori oso erakargarria da bildumazale txinatarrentzat. Egurrean egindako lanak pieza bakotzeko 10 ta 20 egun eskatzen ditu, baina gatxena zuztar bakotxarentzat diseinu egokia egitea da. Hilebeteak behar dira, edo urteak. Hamar urte baino gehiago behar izan nituan ‘Laoxiu’ piezea amaitzeko. Saria, hori bai, lanaren parekoa da: berak egindako eskultura txikiek 30.000 eta 50.000 yuan inguru balio ditue, 3.700 eta 6.100 euro inguru, eta behar handiena daukienek, miloak, milaka euro.

Arrakasta handia bizi dau orain Zhang-ek, baina kostata izan da. Beti gustau izan jat artea, baina aita gaixotu egin zan nerabea nintzala, eta pintore hasi behar izan neban beharrean. Handik gitxira Deng-ek herrialdea mundura edegi eban eta arte txinatarra esportetako enpresea sortu neban lagun batzukaz batera. Orduan ez geunkan oso argi zer izan eikean interesgarria kanpoan. Halandea ze, guzurretako egurrezko antxinako eskulturak saltzen hasi ginan, Qing eta Ming sasoikoak ziralakoan. Ondo konpondu ginan, piezak 'zahartzeko' teknika egokia topau genduan eta, pintau barik te berde eta sojeagaz bustiten genduzan, gogoratzen dau erdi lotsatuta. Harik eta japoniar batzuk etorri jakuzan indikainaberen sustraien eskulturea berreskuratu gura ebela esanez.

Zhang-ek ez eban teknikea ezagutzen, eta Shanghaira joan zan larogeitaka urteko maisu bategaz ikastera. Etekin handia atera eutson haregaz emondako urteei. Lehenengo eskaerea 100 piezakoa izan zan, eta horrek neure kontu hasteko aukerea emon eustan. Apurka-apurka, Txinako jatorrizko artearen inguruko jakin-mina hasten joan zan, kopien eskaerearen beherakadeagaz batera. Falsifikazinoak diru-iturri garrantzitsua izan ziran hasieran, baina orain Txinak urrunago joan behar dau, eta barrikuntzea topau bere tradizinoaren zuztarretan.

Betebehar hori nabarmendu egin da azkenengo sei urteotan, mundu osoan krisi ekonomikoa zabaldu zanean, salmentak behera egin, eta arte txinatarraren gehigikeria agirian geratu zanean. Kanpotarren jakin-mina desagertu ez bada be, interesgarria da ikustea bertoko klase aberatsek hemengo artea baloretan dabela eta gorde gura dabela, orain arte esnobagoak izan badira be euren zaletasunetan. Aldaketea enkante etxeetan be igarten da, bildumazale txinatar askok galdutako ondarea berreskuratu nahi dabe eta. Nire etxea hipotekau egin dot eta piezarik onenak Gobernuari emon deutsodaz museo hau zabalteko, holan jente gazteak arte mueta hau ezagutu eta gorde daian. Behintzat, segiduten badabe ez dabe goserik pasauko.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu