Na´vi herriaren lurraldean
2014-03-28 13:30 BidaideZhangjiajieko Parke Naturalaren sarrera nagusiak zur eta lur ixten dau bisitaria. Pagoda erraldoi bat agiri da, sasoiko pelikula txinatar batetik ateratakoa emoten dau. Parajea benetan ederra da baina, na’vitarrak edozein momentutan agertuko dirala emoten dau, euren herensuge koloretsuen ganean.
Zhangjiajieko Parke Naturalaren sarrera nagusiak zur eta lur ixten dau bisitaria. Wulingyuan gatzbako uriko etorbide zabal baten amaieran dago. Pagoda erraldoi bat agiri da, sasoiko pelikula txinatar batetik ateratakoa emoten dau. Teilatuz teilatu, sablea eskuetan dabela, ule-txirikorda luzedun heroiek bibote luzedun gaizkileak harrapetan ibilten diran pelikulea horretako batetik ateratakoa, hain zuzen be. Halanda be, atetzar horren ostean altxor natural ikusgarria dago, Unescok Gizateriaren Ondare izentau ebana 1992an, eta Geoparke globala 2004an. Paraje eder hori jauzi ikaragarriak egiteko kapaz diran personaien basoa da. Baina izaki horreek zerikusi gitxi daukie lehengo dinastia txinatarrekaz: azulak dira, estralurtarrak, eta etorkizunean bizi dira. Hori da Na´vi herriaren lurraldea.
Edozelan be, pazientzia behar da lekua ezagutzeko. Hiru dimensinotako pelikulak berrindartu zituan James Cameronek zuzendutako Avatar pelikulearen arrakasteak eragina izan dau. 397,5 kilometro koadro ditu parkeak, eta 590 puntu interesgarri markauta. Hemendik atera zituen zinemagileak pelikulan aidean agiri diran mendiak. Txinako erdiguneko Hunan eskualdean bisitari gehien erakarten dituan lekua bihurtu da. Txinatar turistaz ganezka egoten da. Edozein bazterretan topau daitekezan paisaje ikusgarriak, koba sakonak eta ur-jauzi handiak, tinta txinatarrez egindako mural zaharretako protagonistak be badira. Merezidu dau horreek ikustea, erraza ez bada be parkea zeharkatzen daben ganezka doazen autobusetan lekutxu bat topetea.
Bigarren geldialdian, harrian zizelkatutako mapeak arbola orritsuz inguratutako Urrezko zumearen errekatxu izenekoaren ur gardenen bidetik osteratxu bat egiteko gonbitea egiten deutso bisitariari. Bidea kiribilka doa hatxean, 5.700 metroko ibilbideak ikuspegi ederretara garoaz. Mapeak ez dinoena da igoigailuko ilara luze-luzea itxaron gura ez dauenak 7.000 eskilara-maila dituala aurretik. Tramankulu ikusgarriak 330 metro igoten ditu hatxean gora. Kaleko saltzaileek badakie bide luzetxua daukiela oinezkoek, eta han egoten dira danetariko gauzak eskaintzen. Turista gehienek ez deutsie kasurik be ez egiten, eta gero egarriak hilda amaitzen dabe igoerea.
Eskerrak, dana dala, eskilara-mailen artean ezuste ederrak dagozala. Parkean mila landare-espezie dagoz, eta batzuk berton bakarrik topau daitekez. Long Xia izeneko lorea da horreetako bar. Egunean bost bider aldatu leike kolorez. Davidia involucrata zugatza be berezia da. Bizirik dagoan fosiltzat daukie adituek, batzuen ustez laugarren glaziazinoko espeziea da. Metasekuoiak be hor dagoz, Txinan 1948an topau arte desagertuta egozala pentsetan ziran horreek. Ganera, bidean, Rhesus mamakoren baten lagun egiteko aukerea be badago, honeei asko gustetan jakie inoren gauzak baimen barik hartzea. Pasau leike bere, normala ez bada be, sustu handi bat hartzea urandra erraldoi bategaz topo egin ezkero.
Bien bitartean, mila metroko altuerara igoten gabilzala, ostrotza zarratu eta gurma lodiaren artean, bisitaria bila etorri diran paisajeak agertzen hasten dira: mendeetan euriak eta haizeak zizelkauta harrizko tontor itzelak. Igoeran dagozan ikustokiek ikuspegi desbardinak eskaintzen ditue, baina ikaragarriena Yuanjiajieko ganekoa da. Barandara hurreratzeak be bildurra emoten dau, na’vitarrak edozein momentutan agertuko dirala emoten dau, euren herensuge koloretsuen ganean. Txinatar turistaz ganezka egoten da. Baina, irudimena nahikoa ez bada, Avatar pelikulako personaien irudiekaz erretratua aterateko prest dagozan argazkilariak be han dagoz.
Maila batzuk gorago tontor bi batzen dituan Munduko lehen zubia dago, eta harago Hilezkorren zubia, izen hori segurtasun neurririk ez daukalako izango da akaso, hara joaten ausartzen danak hoba dau betikotasuna ondo asegurata eukitea. Hori baino sano seguruagoa, eta horrenbesteko ikasgarria da, Qiankuneko zutabearen aurrean eregitako kristalezko pasabidea.
Ordurako errementauta ez dagozanek aurrera segidu leikie, gora eta behera eginez, Tianzi tontorrerano ailegau arte. Han, teleferikoa dago, kilometro bi egiten ditu, 692 metrotara. Hodei artean, tontorrak aidean dagozan mendien antza hartzen dabe. Teleferikoan sartzen ausartzen ez diranek beste aukera bat daukie, eskilarak, eta oraingoan subertea dabe, 4.000 besterik ez dira eta!
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!