Naizen alkartea eta Delaporte eta BSRT Kolektiv protagonista ZEID Fest Gaztea jaialdian

Bizkaie! 2024-03-27 09:52   Musikea

Apirilaren 13an izango da Bizkaia Arenan (Barakaldo).



Jaialdiarako hilebete baino gitxiagoren faltan kartel ofiziala aurkeztu dabe EITBren Bilboko egoitzan egindako jentaurrekoan. Kultura proposamen zabala dator hirugarren urtez BEC-eko Bizkaia Arenara. Musika, jantza, euskal sortzaileen azokea, foodtruckak, DJ setak eta show ugariz gozetako aukerea izango dabe hurreratzen diranek.

Euskal proposamenak dira Izaro, Gatibu, Eire, Bulego, Etxepe, Tatta eta Mutiko, Eusko Princess, Sara Zozaya eta Janus Lester, besteak beste. Euskal Herrira datozen artistak be badira kartelean, eta trap soinu garaikideak eta popa izango dira egun honen oinarri; Zoo, La Plazuela, Delaporte, The Tyets, Lia Kali, Fillas de Cassandra eta Yadam horreen artean.

Musikaz gan, ohitureari jarraituz diziplina artistiko ugari iragarri ditue: Elektropottotte eta Euskal Trabestien showa izango dira bertan, baita euskal sortzaileen azokea eta Eleder Magoa be. Jaialdiaren hasieran lekukoa estu batetik bestera pasauko da eta Jaizkibel Konpainiak Naizen Elkarteari emongo baiteutso hitza.

Aldarrikapena, askatasuna eta etorkizuna

Julen Hernandez, jaialdiaren komunikazino arduradunak adierazo dauenez, antolatzaileak gogotsu dagoz egun handiaren aurrean, jente ugari batzea espero baitabe: Ateak edegi eta berehala musika martxan jarriko da, Gatibu eta Eire taldeek emongo deutse hasierea jaialdiari. Amaierea, barriz, Delaporte eta BSTR Kolectiven esku geratuko da.

Leixuri Arrizabalaga, Euskera, Kultura eta Kirol saileko Foru Diputaduak Bizkaiak jaialdia harrotasunez hartuko dauela adierazo dau: jaialdi bat baino askoz gehiago da ZEIDFest Gaztea, kultur aniztasunaren isla da. Edade guztietako jentea batuko da.

Maite Goñi, EITBko Audio eta Digitaleko Zuzendaria be bertan izan da, aurten Gaztea jaialdira gehitu baita, oso harro eta pozik gagoz ezkontza honegaz, sendo egin nahi izan dugu, indarrak batuz, azaldu dau Gazteak saio bereziak eskainiko dituala gogorarazoz. Streaming bidez jarraitzeko aukerea be eskainiko dabe.

Aurtengo barritasunetako bat Azoka guneko DJ Set-a izango da, Barratik Kalera eta DJ Jonkass (Jon Castañeda) izango dira bertan. Castañedak esker ona adierazo deutse atontzaileei, kartel honek Euskal Musikearen ibilbide oparoa erakusten dauela azpimarratuz.

Prentsaurrekora karteleko izen handi bat gerturatu da, kantuz barikua goxotzera: María Soa eta Sara Faro, Fillas de Cassandrako kideak, Galiziatik etorri dira: Zoriontsu gagoz galegoa zuengana ekarteaz, eta batez be kartel eder honen parte izateagaitik. Itzel disfrutauko dogu jaialdia, bai eszenatokiaren gainean, baita ikusle bezela be.

Jaialdiaren hasierearen harian, Naizen Elkarteko Beli Monterok eskerrak emon nahi izan ditu holako proiektuei ikusgarritasuna emon nahi izanagaitik: barri onak eta momentu onak ospatzea ikaragarria begitantzen jaku, eskerrik asko ZEIDFest Gaztea lako espazio seguru bat eregitearren. Edegiera jaiaren inguruko zenbait datu eskaini ditu: edegiera jaia familia artean egingo dogu, batukada bategaz sartuko gara gure kantua abestuz.

Amaitzeko, Txomin Olabarri Bizkaia Arena aretoko zuzendariak ondokoa esan dau: urteroko hitzordu hau garrantzitsua da, oso berezia, atzera begira jarrita, ZEIDFest izan zan pandemia ostean gauzak egiten hasi ginan momentua, hori ez jaku inoiz ahaztuko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu