Stacey Kent, Bill Frisell eta James Carter aurtengo 47. Getxo Jazz Jaialdian

Bizkaie! 2024-03-27 08:29   Musikea

Garagarrilaren 3tik 7ra egingo da.

James Carter (1969, Detroit) | Ikusi handiago | Argazki originala

Badator Getxoko 47. Nazioarteko Jazzaldia eta dagoeneko zarratu dira ordainezko kontzertuen lehenengo izenak. Stacey Kent abeslaria, Bill Frisell gitarristea eta James Carter saxofonistea dira garagarrilaren 3tik 7ra egingo dan Getxo Jazzaren lehenengo artistak. Ohikoa danez, Muxikebarrin egingo dira izen handien saioak baina aurretik Talde Lehiaketako bandek joko dabe. Sarrerak apirilaren 15ean hasita egongo dira salgai Kultur Etxeko ohiko saltokietan, bonuakaz batera.

James Carterrek (1969, Detroit) izango da lehenengo protagonistea garagarrilaren 3an. Saxofonista estadubatuarrak merezidutako ospea lortu eban Billie Holiday, Django Reinhardt edo Coltrane lako artista handien lanen berezko interpretazinoen eskutik, eta aurten hirukote formatuan bisitauko dau Getxo, Alex White bateriak eta Gerard Gibb teklisteak lagunduta. Zuzeneko indartsu eta bizia eskainiko dau, jazza eta funk erritmoak buztartuz; saxo-gama osoa menperatzen dau artisteak, saxo altutik baritonoraino, eta klarinete eta klarinete baxuagaz be trebezia handia erakusten dau, erregistro guztiak hartzen dituan soinu ikusgarria jorratuz.

Garagarrilaren 6an, Stacey Kent (1968, New Jersey) abeslariaren txandea izango da. Getxo bigarrenez bisitauko dau kantariak eta lehen aldiz ibili zanetik hamar urte igaro ondoren, artistearen ibilbidea sano aberatsa da eta mundu mailako jazz-ahots nagusien artean nabarmendu da. Grammy sarietarako izentautakoa eta miloe bi disko baino gehiago saldu dituana, generoko handiena arloan sentiberatasun poetikoa izanik ezaugarri nagusia. Artista moldakorra, generoko klasikoak nahiz bossa nova eta pop doinuak interpretetako kapaz da, frantseseraz egiten dauen errepertorio zabala ahaztu barik.

Hilaren 7an, domekan, Bill Frisell gitarrista eta konpositoreak borobilduko dau jaialdia. Artista eklektikoak, folk progresibo, musika klasiko, country eta noiseko doinuak jorratzen ditu, besteak beste. Erritmo parebakoak sortzeko hainbat efektu erabilteagaitik ezaguna, bere ibilbidea sendotzen hasi zan Pat Metheny grabazino batean ordezkatu ondoren eta, batez be, Paul Motian eta Joe Lovanogaz hirukotea osotu ebanean. Forrmatu horretan, hain zuzen be, joko dau Muxikebarrin, Tonny Scherr baxuan eta Kenny Wollesen baterian lagun dituala, inprobisazinoa ardatz izango dauen kontzertuan.

Igor Sarralde

Jazzaldiaren 47. edizinoko kartela Igor Sarralde Getxoko ilustratzaile eta komikigilearen lana da, besteak beste, Kataluniako Museu Nacional d 'Art-en eta Bartzelonako Komiki Azokan egin ditu erakusketak, eta igaz Getxon Sinestesia Drawing Band proiektua aurkeztu eban, Kultura Sormen Deialdiaren barruan. Kultura Etxeak bultzatutako ekimen horretarako, zuzenean ilustrau zituan 2023ko jazz eta folk jaialdietako kontzertuak, ekitaldi bien testigantza grafikoa emoteko asmoz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu