Gari & Maldanberak 'Behin bizitzea' diskoa kaleratu dau

Bizkaie! 2024-03-14 12:40   Musikea

Bihar, hilak 15, arratsaldeko 20:00retan, aurkeztuko dabe diskoa Bilboko Arte Ederren Museoan.

Zuzenenean 2022 (Elkar) diskoaren aurkezpen-oharrean Roberto Mosok adierazo eban bezala, Gari esatea estilo esatea da, botere eszenikoa eta sentsibilidadea nota bakotxean. Disko hori, Gariren zuzeneko lehen diskoa izan zan, eta horregaz ziklo bat itxi eban. Garik 30 urte baino gehiago egin ditu bakarka; neurri handi batean, bere ohiko banda bihurtu dan Maldanberagaz (Alex Alonso: batería eta programazinoak; Oier Aldekoa: baxua eta ahotsak; Miguel Moyano: gitarrea, programazinoak eta ahotsak).

Oraingoan, Garik eta Maldanberak estudio-lan barria kaleratu dabe, Behin bizitzea izenekoa. Ganera, Iker Lauroban laguntzinoa izan dabe. Diskoa, 2024ko zezeilean grabau eta masterizau da, Elkarrek Adunan dauen estudio barrian, Víctor Sánchez injineruaren gidaritzapean. Nahasketak, barriz, Unai Mimenzak egin ditu.

Legazpiko abeslariak jarrera artistiko barri baten aldeko apustua egin dau. Horretako gehienak egile ezagunek idatzi ditue, esaterako Txuma Murugarren, Jon Benito, Karmele Jaio eta Iñigo Astizek. Guztiek dinamika eta harmonia ezbardinekaz jokatzen dabe, 60. hamarkadako sonoridade batera teletransportatzen dabenak. Ganera, letra eta musikearen buztartze horretan sortzen diran harreman bereziak argazki imaginarioak gogorazoten ditue.

Behin bizitzea diskoa ez da Garirena bakarrik, bandearena be bada; izan be, talde-lanaren fruitua da. Horren atzean entsegu-ordu asko, maketak eta laborategiko lan handia dago. Hori guztia agerian geratu da grabazino eta nahasketa prozesuan.

Entzun disko barriko Minik ez dago kantua. 

Kontzertuak

  • Martiak 15, 20:00etan: Musika-topaketea, Bilboko Arte Ederren Museoan (Disko aurkezpena).
  • Martiak 21, 19:30ean: Victoria Eugenia. Donostia
  • Apiriak 18, 20:00etan: Aurkezpen kontzertua Bilboko Azkunan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu