ETS taldeak 20. urteurrena ospatuko dau

Bizkaie! 2023-12-13 12:16   Musikea

Aurre-salmenta esklusiboa edegi dabe zaleentzat hemen.

En Tol Sarmiento edo ETS modako taldea da, izan be, plataforma digitaletan gehien entzuten dan, sare sozialetan jarraitzaile gehien dituan eta kontzertuetan publiko gehien mobiduten dauen euskal musika-proiektua da. Modako taldea da gazteentzat ezeze, gizartearen zati garrantzitsu batentzat be.

Beraz, ETSk 20 urte Zure Eskutik ekitaldi historikoa egingo dau bere 20. urteurrena ospatzeko eta birarik arrakastatsuenari agur esateko, agertokietatik aldi baterako urrundu baino lehen. Kontzertu erraldoi bat baino gehiago, ETSko kideek ekitaldi soziokulturalez beteriko egun oso bat atondu nahi dabe ikus-entzule guztientzat, taldearen bereizgarri eta arrakastearen eragile izan dan kontzeptuari jarraituz, herri-jaiak. Halanda ze, Barakaldoko BEC!-en jai-giroko egun bat eginez, ETS taldeak uniberso berezia sortu nahi dau, bertoko kultureari balioa emonez eta euskal folkloreari, euskal jaiei eta euskal musikeari omenaldia eginez. Txupinazoa, herri-kirolak, umeentzako jarduerak, erromeria… Eta, eguna amaitzeko, ETSren historiako kontzerturik handiena, sorpresaz beterik eta kolaborazino askogaz.

Taldeak aurreratu dauenez, gauzatzeke dogun azken amesa BEC betetea da. Geure jenteak esperientzia berezia merezidu dau, errepetidu ezina. Ekitaldi handi bat eskaini nahi dogu, historikoa. Urtebete oso bat dogu lan egiteko, eta seguru gagoz momentu gogoangarria izango dala gure ibilbidean.

Hitzordua, 2025eko martiaren 22an izango da, BEC!-en eta gazteek, helduek, familiek eta, azken batean, ETSren zale guztiek egun historiko bat jai-giroan biziteko pensauta dago. Hori dala eta, aurre-salmenta esklusiboa edegi da zaleentzat eta izena emon beharko dabe hemen, gaurtik hasi eta abenduaren 14ko arratsaldeko 18:00ak arte; gero, izena emon dabenek kode bat jasoko dabe sarrerak erosteko, abenduaren 15etik abenduaren 18ko goizeko 09:59ak arte.

Sarreren salmenta orokorra abenduaren 18ko goizeko 10:00etan hasiko da, lasttour.org eta entolsarmiento.com webgunetan. Sarrera orokorrak ETSren eta talde gonbidatuen kontzertuetarako balio dau eta eguneko jardueretarako sarrerea gehitzeko aukerea egongo da. Joan-etorriak errazteko, autobusak egongo dira hainbat herritatik ekitaldira joan eta egun berean bueltetako, beti be, erreserbea eginez hemen. Ondoko herri honeetatik pasauko dira autobusak: Altsasu, Zornotza, Arrasate, Azkoitia, Azpeitia, Beasain, Bermeo, Donostia, Durango, Eibar, Ermua, Errenteria, Gernika, Irun, Iruñea, Lizarra, Oñati, Tafalla, Tolosa, Gasteiz eta Zarautz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu