Alauda Ruiz de Azúa eta Esti Urresola protagonista Berlinalen

Bizkaie! 2022-02-10 12:11   Zinemea

Alauda Ruiz de Azúa bizkaitarraren Cinco lobitos filmaren mundu mailako estreinaldia egingo da.

Europako hitzordu garrantzitsuenetakoa da Berlingo Nazinoarteko Zinemaldia eta euskal protagonista bi izango ditu: Alauda Ruiz de Azúa eta Esti Urresola. Alemaniako hitzordua gaur, zezeilak 10, hasiko da eta hilaren 20an amaituko. Aurten, gainera, online ekitaldiak aurrez aurreko proiekzinoakaz buztartuko dira. European Film Market edo Berlinale Talents lako atalak, barriz, online egingo dira.

Panorama izeneko atalean, kontzientziak astindu nahi dituen filmak erakutsiko ditue, baita ikusleei pelikulak ikusteko ohituretan eta pentsamenduan desafioa egiten deutseen lanak be. Atal honetan, Alauda Ruiz de Azúa zinemagile bizkaitarraren Cinco lobitos filmaren mundu mailako estreinaldia egingo da. Sayaka Produkzinoak, Encanta Filmsek, Buena Pinta Mediak eta RTVEk produzidutako lana da eta kontziliazino arazoak dituan hogeita hamar urte inguruko ama baten istorioa dakar. Protagonistea bere gurasoen etxera bueltetan da, bere umeaz arduratzen dan bitartean bera jagongo daben itxaropenari eutsiz. Barakaldoko zuzendariarentzat bertan estreinetea albiste bikaina da: Hazten joan dan proiektu txiki bat da; beraz, Berlinale lako jaialdi batek bidaia hasteko indarra emon deusku.

Bestalde, nabarmentzekoa da Esti Urresola Berlinale Co-Production Marketeko hemeretzigarren edizioan izango dala, zezeilaren 12tik 16ra. Laudioko zuzendariak merkatuan parte hartuko dau 20.000 especies de abejas (Gariza Films eta Inicia Films) bere lehen film luzeagaz. Identidadeari buruzko kontakizuna da eta Luciaren istorioa azaltzen dau. Zakila dauen neskea da, baina eskolako ikaskideek Aitor deitzen deutse. Berlinen, nazinoarteko produktore potentzialak, finantzaketa-funtsetako ordezkariak, streaming plataformetako zuzendariak, salmenta-agenteak eta telebista-kateetako arduradunak ezagutzeko aukerea izango dau, sektoreko beste profesional askoren artean.

Era berean, Basque. Audiovisual. euskal zinemearen markeak stand birtuala izango dau Berlinaleko merkatuan, Cinema from Spain atariaren barruan, nazinoarteko eragileei azaltzeko zelako pizgarri fiskal eta laguntza-sistemak dagozan euskal lurraldean, baita nazinoarteko industriaren zerbitzura dagozan tresnen eta alkarteen barri emoteko be.

Berlinaleren 72. edizino honetarako Basque. Audiovisual. katalogoaren bersino barri bat be egin dabe eta horra batu ditue garapen fasean nahiz eskuragarri dagozan euskal proiektuak eta Kimuak 2021 film laburren hautaketea. Argitalpen hori programatzaileen, nazinoarteko salmenta-eragileen, plataformen eta sektoreko beste eragileen eskura jarriko da.

Proiekzinoak segurtasun-neurri zorrotzakaz egingo dira: edukierea murriztu eta txerto–ziurtagiria nahiz egunero proba diagnostiko bat egitea eskatuko dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu