Arrietako erretaulearen berreskuratzea argazkietan batu dau Santiago Yanizek

Dabi Piedra 2021-12-05 11:28   Kulturea

Ia 500 urteko artelana da.

Jesus Muñiz eta Santiago Yaniz, liburua aurkezteko ekitaldian | Ikusi handiago | Argazki originala

Arrietako San Martin baseleizako erretaula nagusia berreskuratu dabe adituek, eta prozesu guztia zehetasun handiz batu dau Santiago Yanizek, milazak argazki egin ditu piezea ikertu eta konpontzeko pausu guztiak dokumentauta egon daitezan. Horreen arteko erretratuetako batzuk eta erretaulea berreskuratzearen inguruko azalpenak liburu baten plazaratu ditu Yanizek.

Durangoko Azokan aurkeztu dau Yanizek argitalpena, Jesus Muñiz alboan dauela. Erretaulea konpontzen ibili dan lantaldeko aholkularietako bat izan da Muñiz, eta arte erlijiosoan aditua da. Artezaleentzat interes handiko liburua da hau, azaldu dau Muñizek.

Yanizek kontau dauenez, astean bi edo hiru bidar joaten zan erretaulea konpontzen ebizan estudiora, argazkiak egiten. Era horretara, prozesu osoa irudietan batu dau, libururako ez eze, etorkizunean egon leitekezan beste proiektu batzuetan be erabilteko. Estudioko sabaian kamarea esegita eukiten eban, erretaulearen detaile guztiak ondo hartzeko.

Arrietako San Martin eleizako erretaulea ez da edozein erretaula, Jesus Muñizen esanetan. Ia 500 urteko artelana da, balio artistiko handikoa. Ganera, jatorrizko polikromia berreskuratu ahal izan dabe, antxinatasun horretako erretauletan bape ohikoa ez dan subertea. Kalidade handiko polikromia da, dino Muñizek.

Erretaulea barriztau beharra egon dala aprobetxau dabe ezaugarri historiko guztiak ikertu eta artelanaren atzean dagoan egiturea ezagutzeko. Orain dala 15 bat urte sutea egon zan eleizan, eta ur piloa bota behar izan eben. Horrek kaltetu eban gehienbat erretaulea.

Liburuan, argazkiakaz batera, San Martin eleizearen historia kontetan da, baita erretaulea barritzeko egin dituen pausuak zehatz-mehatz azaldu be.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu