Jon Uriarte komisarioaren eskutik, 'kalera' urtengo dau 2020ko Getxophotok

Bizkaie! 2019-12-18 08:17   Kulturea

Irailaren 1etik 27ra egingo dabe jaialdiaren hurrengo edizinoa.

'Jump Trump' instalazinoak arrakasta handia izan eban 2018ko edizinoan (argazkia: Getxophoto) | Ikusi handiago | Argazki originala

Getxoko Irudiaren Nazinoarteko Jaialdiak, Getxophotok, 2020ko edizinoaren ezaugarri batzuk aurreratu ditu, ohar baten bidez. Gai nagusia kalea izango da: Aldarrikapenen topaleku, adierazpen artistikorako eremu, olgetarako zein ospakizunerako espazio eta harreragune da kalea, Getxophotoko antolatzaileen arabera, eta parte hartuko daben artistei kontzeptu horregaz lotutako lanak eskatuko deutsiez.

Argazkigintza jaialdia izan zan hasieran Getxokoa, eta argazkiek leku zabala izango dabe. Baina ikusizko adierazpideakaz lotutako beste arte batzuetara be heldu da urteotan Getxophoto. Hortaz, parte hartu nahi dabenek bideoartea, instalazinoak, performancea, arte digitala... be egin leikie. Zabalik dago proposamenak bialtzeko epea.

Kalera! lemapean, beraz, Getxoko espazio publikoa hartuko dau 2020ko Getxophotok, aire zabalean zein eraikin berezietan. Antolatzaileek azaldu dabenez, irailaren 1etik 27ra izango da, baina egitarau zehatzagoaren barri aurrerago emongo dabe, artistak eta proposamenak aukeratu eta gero.

2020ko beste nobedade bat Jon Uriarte komisarioa izango da. Jaialdiaren norabide artistikoaz eta edizino bakotxeko edukiez arduratzen dan komisarioa ez da persona finko bat izaten, normalean hiru urterik behin aldatzen dabe. Mónica Allende komisarioak bere zikloa amaitu eban 2019ko edizinoan, eta hurrengo hiru urteetarako Jon Uriartek hartuko dau ardurea.

Hondarribian jaio zan Uriarte, baina Londres aldean dabil azkenaldion, The Photographers' Gallery dalakoaren programa digitalaren arduradun. Argazkigintzeagaz eta arte bisualagaz lotuta gidatu dituan nazinoarteko ekimenen artean, aitatzekoa da WidePhoto plataformea sortu ebala 2012an. Sortzaile legez, taldekako zein bakarkako makina bat erakusketatan hartu dau parte Uriartek, tartean Getxophotoko aurreko ekitaldi batzuetan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu