Aldundiak eta Eleizbarrutiak indusketa arkeologikoa sustatu dabe VECVNIA uri indigena topetako

Bizkaie! 2024-05-10 09:03   Kulturea

BFA eta Eleizbarrutia dira ekintzaileak.

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Gotzaintzeak Begoñako Andra Mari Basilikan esku-hartzeko eta haren balioa nabarmentzeko proiektua aurkeztu dabe eta asmoa hipotesi bat egiaztatzea da: tenplu erlijioso horren azpian VECVNIA izeneko uri zaharraren hondakinak dagoz eta hori Bizkaiko uriburuaren lehenengo herrigunea litzateke. VECVNIA/Begoña proiektuaren ikerlan arkeologikoa urtebetean egingo da basilikearen barruan, 1.100 metro koadroko eremuan eta lau gunetan egituratuko da, ezarritako lan-erritmoagaz, mezak eta eta gitxien oztopatzeko. Bizkaiko Foru Aldundiak gero laborategi-azterketak egingo ditu erregistro arkeologikoa informazino historiko bihurtzeko; horretarako proiektuaren parte legez antropologia eta genetika azterketak egingo dituen diziplina guztietako adituakaz lan egingo dau.

Jentaurreakon izan dira Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusia, Joseba Segura Bilboko Gotzaina, Ignacio Fernandez Begoñako parrokoa eta Bizkaiko Foro Aldundiaren Kultura Ondarearen Zerbitzuko burua. Bizkaiko giristinotasunaren jatorriaren eta Bilboko lehen populazinoaren ezagutzan sakontzea dau helburu proiektu honek, baita lurraldeko ondare historiko eta kulturala aberastea be.

Arkeologian adituak diran personek iradoki dabe Begoñako egungo Andra Mari okupau dabenn Erdi Aroko eleizen azpian VECVNIA izeneko antxinako uri indigena baten hondakinak egon daitekezala; hipotesien arabera uri hori erromatarren garaian kolonizau zan. Uri horren existentzia inoiz baieztatu ez bada be, hipotesi hau planteetan da: VECVNIAko biztanleak Bilboko egungo populazinoaren arbasoak izan daitekez eta hareen kokalekua Artagan muinoan egoan, desagertutako Vecunia herrixkan. Hipotesi horretan oinarrituta, ikerketa arkeologikoaren proiektua VECVNIA/Begoña proiektua izentau dabe.

Bizkaiko Ahaldun Nagusi Elixabete Etxanobek azpimarratu dauenez, gure historia eta sustraiak ezagutzeko pasinoak, proiektu berezi honetan sartzea dakar; Begoñako basilikearen indusketa arkeologikoan, antxinako Vecuniaren aztarnen bila. Gure iragana hobeto ezagutu nahian. Etxanobek gaineratu dauenez, indusketa honek Bizkaiko leku adierazgarrienetako bati buruzko erradiografia parebakoa eskaini leike. Iraganari leiho bat edegiten deutsagu, bizkaitar lez ditugun sustraiak eta nortasuna hobeto ulertzeko. Amaitzeko, proiektu hau gure sustraiak arakatzeko, gure ondare kulturala aberasteko eta herri lez dogun nortasuna indartzeko aukera parebakoa dala azpimarratu dau Ahaldun Nagusiak.

Era berean, Joseba Segura Bilboko Gotzainak azpimarratu dauenez, leitekeana da egingo diran ikerketek gure historiaren oinarrizko alderdiak argitzeko aukerea emotea, baina ez daukat dudarik gure mugetatik harago be argi egiteko balioko dauala.

Proiektuaren premisea Basilikearen gaur egungo funtzino espiritualak eta debozinozkoak babestea da esku-hartze arkeologiko eta arkitektoniko integrala egiten dan bitartean. Holan, kultuak jarraitzen dauela bermatzeko, Foru Erakundeak lan-erritmoak ezarriko ditu, indusketa-faseetan eleizearen % 60, gitxienez, irisgarri izateko.

Proiektu hau mugarri bat da Bizkaiko ondare historiko eta kulturalaren konserbazinoan, ikerketa zientifikoa sustatzen dau eta lurraldeko historiarik zaharrenari buruzko ezagutzea aberasten dau.

Begoña/VECVNIA proiektuak 1.200.000 euroko aurrekontua izango dau.

Indusketaren faseak

Indusketa hasi baino lehen, aurreikusita dago azterketa geofisiko bat egitea, lurpearen mapa sinplifikatu bat sortzeko, indusketak gauzatzeko proiektua zehazten lagunduko dauena.

Udea baino lehen hasiko dan prozesuan, zunda bat sartu nahi da lurpean, lekuko edo zutabe estratigrafiko bat atarateko. Horri esker lurraren oinarriko hatxa zein sakoneratan dagoan eta mendeetan zehar metatutakon giza okupazinoko tarteko geruzen potentzia zein dan jakin ahal izango da.

Aldez aurreko fase hori amaitu eta emoitzak aztertu ondoren Foru Erakundeak indusketeari ekingo deutso.

Indusketak egiteko urtebete beharko da eta Begoñako basilikearen barruan, 1.100 metro koadroko eremu batean banatutako lau arlotan egingo da, eta eremu bakotxean hiru hilebeteko esku-hartzea egingo da.

Lehenengo eremua hegoaldeko nabean egongo da; bigarrena iparraldeko nabean; erdiko nabearen burualdeko hiru zatiak hirugarren eremuan induskatuko dira eta, azkenik, laugarren eremuan erdiko nabearen oinaldeko hiru zatiak induskatuko dira.

Eremu horreetan lan egingo dan aldian, ikusmenaren eta akustikearen aldetik isolatuko da ikertzaileen lan-eremua, beharrezko segurtasun-neurriak ezarriko dira eta aldez aurreko ekintzak egingo dira; kenduko ez diran elementu higigarriak babestea da asmoa, besteak beste, erretaulak eta koadroak.

Gainera, lan-fase guztietan, indusketen eraginpeko eremua tenpluaren gainerakotik isolatuko da olanaz estalitako egurrezko panelakaz; holan, esku-hartzearen ondorioz ezkutuan geratzen diran zatien irudiagaz serigrafiauko da lan-eremu hori, bisitariek eleizaren ikuspegi integrala galdu ez deien. Gainera, ikerketeak kultuan oztoporik sortu ez daian, tenpluan erabiltzaileen sarbidea eta ikertzaileena bereiztuko ditue.

Fase bakotxeko esku-hartze arkeologikoa amaituta, kaltetutako zoladura lehengoratzea aurreikusten da eta, ikerketearen emoitzen arabera, egitura arin bat sartzea da asmoa, zoladura flotatzaile bat bermatzeko eta etorkizunean lurpeko espaziora sartu ahal izateko.

Indusketa arkeologikoak egingo ditue hamar profesionalek eta laguntzaileak be izango ditue.

Indusketaren ondoko azterlanak

Behin indusketa amaituta, Foru Erakundeak horren ondoko azterlana jarriko dau martxan, Begoñako populaketa eta populazioaren bilakaerearen lagin osoa lortzeko.

Indusketea laborategiko azterketa eta analisi-plan bati lotuta egongo da, landa-lanetan lortutako erregistro arkeologikoa informazino historiko bihurtzeko.

Indusketa batek beragaz dakarzan ohiko azterketak (estratigrafiaren, egituren eta berreskuratutako materialen analisia) berariazko azterketakaz osotuko dira, besteak beste, arkeobotanikearen, paleogenetikearen, DNAren eta isotopoen arloko analisiak eginez. Horretarako, azterlanean hainbat diziplinatako adituak izango dira.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu