Elhuyarren itzultzaile automatiko eleaniztuna, doban

Bizkaie! 2019-11-27 10:45   Kulturea

Adimen artifizialean eta sare neuronaletan oinarritutako puntako teknologia darabil.

Gaurtik aurrera, erabilgarri dago Elhuyar-en itzultzaile automatiko eleaniztuna, doban, ordenagailu eta eskuko telefonoetarako: itzultzailea.eus.

Adimen artifizialean eta sare neuronaletan oinarritutako punta-puntako teknologia oinarri hartuta, Euskal Herriko hiru hizkuntza nagusiak (euskerea, gaztelania eta frantsesa) eta katalana eta galegoa dakizen itzultzaile automatiko bat landu dau Elhuyarrek, eta gizartearen eskura jarri, doban.

Elhuyarren itzultzailea itzultzailea.eus webgunean erabili daiteke, edo aplikazinoa meskuko telefonora deskargatuta. Bai batean eta bai bestean, ondoko bost hizkuntzen arteko itzulpenak egin daitekez: euskerea, gaztelania, frantsesa, katalana eta galegoa. Horretarako, nahikoa da testua jagokon lekuan idaztea, emoitzea zer hizkuntzatan nahi dogun aukeratzea eta Itzuli botoia sakatzea.

Aplikazinoaren kasuan, ez dogu testua aplikazinoan bertan idatzi beharrik. Edozer irakurten gagozala, testua aukeratu, kopietako botoia sakatu, eta Elhuyarren itzultzailearen ikonoa agertuko jaku; haren gainean klik eginda, zuzenean eroango gaitu berak aplikazinora, eta jagokon testu-kutxan idatzita agertuko da kopiau dogun testua.

Itzultzaile automatikoa lantzeko, teknologiarik barritzaileenak erabili ditue Elhuyarreko I+Gko injineruek, besteak beste, adimen artifiziala eta sare neuronalak. Erosoa eta erabilerraza da oso, eta, malgua, holan nahi daben bezeroei beren beharren araberako zerbitzu aurreratuak emon ahal izateko, izan be, Elhuyarren itzultzaile automatikoaren bidez, dokumentu formatudunak osorik itzuli daitekez segundo gitxian, eta sistemea edonon txertatu daiteke, REST APIaren bidez: itzultzaile profesionalen tresnetan (Wordfast, SDL Trados Studio...), erabiltzailearen webgune eta CMSetan, erakundeen autentifikazino-sisteman (Single Sign On bidez)...


Elhuyarren ibilbidea hizkuntza-teknologietan

Elhuyarrek sorreratik bertatik (1972) izan du hizkuntzak zientziagaz eta teknologiagaz lotzeko bokazinoa, eta eredu da euskerearen eta inguruko hizkuntzen tratamenduan.

2002an ekin eutson hizkuntza-teknologien arloko ikerketeari, Hizking21 proiektuagaz, eta handik urte bira heldu eutson itzulpengintza automatikoari. Ordutik, arlo horretako hainbat proiektutan esku hartu dau, baita zerbitzuak erabilgarri jarri be:

- 2007an, sarean jarri eban lehenengo gaztelania > euskera itzultzaile automatikoa, EHUko Ixa ikerketa-taldeagaz batera: Matxin. Erregeletan oinarritutako sistemea zan, kode edegian landutakoa.

- 2011n, orduko jokera teknologikoei eutsiz, sistema estadistikoetan oinarritutako itzultzailea etorri zan, noranzko bietan itzultzen ebana: euskeratik gaztelaniara eta gaztelaniatik euskerara.

- 2016an, Ametzagaiña, EHUko Ixa ikerketa-taldea, ISEA eta Vicomtech-egaz batera, adimen artifiziala eta sare neuronalak oinarri hartuta, Modela ikerketa-proiektuari ekin eutson Elhuyarrek, eta 2018tik erabilgarri dago modela.eus euskerazko lehen itzultzaile automatiko adimenduna. Gaztelaniatik euskerara nahiz euskeratik gaztelaniara itzultzen dau Modelak, eta, kalidadean, asko hobetu ditu aurrekoen emoitzak.

Ordutik, ikertzen jarraitu dau Elhuyarrek eta, teknologien arloan nahiz hizkuntzen arloan dauen eskarmentua buztartuta, gaztelaniaren eta euskerearen arteko itzulpenen kalidadea hobetzeaz gan, beste hizkuntza batzuk be txertatu ditu bere itzultzaile barrian. Holan, Euskal Herriko hiru hizkuntza nagusien arteko itzulpenak egiteko erabili daiteke (euskerea, gaztelania eta frantsesa), baita katalanezko eta galegozko testuak itzultzeko nahiz sortzeko be.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu