Iñaki Arregi bekea sortu dau UEMAk

Bizkaie! 2019-05-30 12:43   Euskerea berbagai

Udalerri euskaldunen garapena aztertzeko eta euskal soziolinguistikearen ezagutzea zabaltzeko izango da.

Dagoeneko epea zabalik dago Iñaki Arregi ikerketa bekan parte hartu nahi dabenentzat, UEMAk jakitera emon dauenez. Udalerri euskaldunak garatzeko adibide praktikoak aztertu eta martxan jarteko asmoa betetera dator egitasmo barria. Lehenengo deialdi honetan saritu bi egongo dira, eta, Eusko Jaurlaritzearen babesari esker, 5.000 euro emongo deutsiez bakotxari.

Udalerri euskaldunak garatzea da euskerearen arnasguneei sendo eusteko modu eraginkorrena. Ondorio horretara heldu ziran igaz UEMA bera, Kontseilua, Udako Euskal Unibertsitatea eta Gaindegia. Garapen horretarako proponidu ziran erespide eta oinarriei kasu eginaz sortu dau mankomunidadeak beka deialdi barria. Gipuzkoako Foru Aldundia, Kontseilua eta UEU be bultzatzaileen artean dagoz.

Zehatz esanda, udalerri euskaldunak garatzeko proposamen bideragarriak batu nahi ditu Iñaki Arregi bekeak. Proposamenak eta lehen laginak aurkezteko epea garagarrilaren 24an amaituko da, eta epaimahaiak irailaren 20an jakin eragingo dau diruz lagundutako ikerlanak zeintzuk izango diran. Egun horretatik aurrera, saridunek bederatzi hilabeteko epea izango dabe proiektua garatzeko eta ikerlanak aurkezteko. Amaitzean, 75 eta 200 orrialde bitartean izan beharko ditue lanek.

Norbanakoek zein lantaldeek aurkeztu leikie hautagaitzea. Udalerri euskaldunen garapenagaz ez eze, soziolinguistika edukiak zabaltzeagaz eta udalerri euskaldunei buruzko ikerketakaz lotura estua izango dau bekeak, eta UEMAk antolatutako jardunaldietan ezagutarazoko dira bertako edukiak.

Oinarriak eta informazino gehiago, hemen.

Iñaki Arregiren omenez

Ikerketa bekeari ipini deutsien izena UEMAren bultzatzaile eta ekintzaile handienetako bat izan zanari egindako omenaldia da. Hain zuzen be, Iñaki Arregi Ihartza (1953-2010) UEMAren koordinatzailea izan zan, hil arte.

Ederto ekian UEMAren nondik norakoak eta helburuak ganerakoei helarazoten, eta mankomunidadearen arimea izan zan, sorreratik. Euskaltzale sutsua be bazan, eta Euskal Herri euskalduna lortzeko bidean ezinbestekoa begitantzen jakon UEMAren lana eta lurgunea zabaltzea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu