'Hiruka'-k babesa eskatu deutse Uribe Kostako herritarrei

Bizkaie! 2018-12-21 08:01   Euskerea berbagai

Urtea amaitzerako, 333 hirukalagun barri lortu nahi ditue.

Orain dala ia lau urtetik dago martxan Hiruka, Uribe Kostako euskera hutsezko komunikabidea. Aldizkariaren eta webgunearen bidez, eskualdeko hamar udalerritako informazinoa zabaltzen dau, baina horrek gastu handia dakar. Publizidadeak eta diru-laguntzinoek behera egin dabela eta aldizkaria doban banatzen dala kontuan hartuta, hirukalagunen ekarpena ezinbestekoa dau Hiruka-k.

Proiektuak aurrera egin deian, herritar gehiagoren babesa behar dau Hiruka-k. Hori dala eta, Zu zara giltza lemadun kanpainea ipini dabe abian. Helburua da urtea amaitu orduko gitxienez beste 333 hirukalagun lortzea, aldizkariak arnasea hartu deian, batez be alderdi ekonomikoan. Izan be, hirukalagun bakotxak 35 euro emoten ditu urtean, edo nahi badau, gehiago.

Trukean, laguntzinoa emoten dabenek Hiruka-ren etorkizuna sendotuko dabe. Izan be, Uribe Kostako herritarrek informazino lokala euskeraz jasoteko bide nagusia da Hiruka: 160.000 biztanleko eskualdea (erdiak Getxon), eta euskeraz ulertzen daben 102.000 bat lagun. Uriburuak albo batera itxita, tokiko hedabide bat daukan eskualderik jentetsuena da Euskal Herrian.

UK papelezko aldizkariak eta Ukberri.net atariak bat eginda jaio zan Hiruka, Uribe Kostarako proiektu komunikatibo globalagoa sortzeko asmoz. Gaur egun, aldizkariaren 8.000 ale banatzen ditue doban, 450 banaketa-gunetan, eta interneteko gunea egunero barritzen dabe. Eskuko telefonorako aplikazinoa aurkeztu eben udan eta irratia sortzeko asmoa ez dabe baztertu.

Honek guztiak aurrera egiteko, Uribe Kostako euskaldunei dei egin deutsie, hirukalagun bihurtu daitezan. Zu zara giltza kanpaineari esker, herritar askok emon dabe babesa, baina gehiago behar dira. Informazino gehiago hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu