Gitarrea eta harizko beste musika tresna batzuk ardatz, badator Mila Musika Haria

Bizkaie! 2018-11-14 10:01   Musikea

Zemendiko barikuetan eta zapatuetan izango da Bilboko Bertendona institutuan.

Gitarrearen eta harizko musika tresnen zaletuek eta jarraitzaileek, gitarrearen eta harizko musika tresnen inguruan sortzen diran musikei eskainitako Mila Musika Haria zikloaren zazpigarren edizinoaz gozau ahal izango dabe barikutik, hilaren 16tik, aurrera. Bilboko Udalak antolatutako ekimenak bost kontzertu jasoko ditu zemendiaren 30era arte, Bertendona institutuan.

Gitarreagaz eta harizko musika-tresnakaz egiten diran topaketek kalidadezko askotariko errepertorioa eskainiko dabe. Aurten, harpea eta zortzi harizko gitarrea be izango doguz. Egitaraua zemendiaren 16an hasiko da, blues-aren, roots-blues-aren, country-aren, folk amerikarraren eta rock klasikoaren artean dabilen Getxoko Ou Mama! taldeagaz; ingelesezko, gaztelaniazko eta euskerazko bersinoz osotutako errepertorioa euren estilo berezira moldatuta, umorez, beti be.

Mila Musika Haria programako bigarren kontzertua hurrengo egunean, zapatu honetan, izango da, Ana Crismánen eta Concha Medinaren El arpa se hace flamenca ikuskizunagaz. Harpearen 37 hariek ahots kordeakaz bat egingo dabe kontzertu bitxian. Musika-tresneagaz trebea dan Ana Crismán bakarlari, eta, aldi berean, Concha Medinaren ahotsaren laguntzaile parte hartuko dau, flamenkoaren musika paisajeetatik egindako ibilaldian. Ana Crismánek askatasunez aztertzen ditu musika-tresna horren aukerak, eta flamenko estilo tradizionaleko errepertorioari ekiten deutso. Harpa jotzaileak modu autodidaktan daroaz aurrera harpa flamenkoko musika-tresnearen teknika barriak; tentuak, tangoak, soleák, alegríak, buleriak, seguiriyak, rondeñak, granainak... Estilo guztiek adierazkortasun berezia topauko dabe harpan.

Hilaren 23an, Robert Rodrigoren txandea izango da. Kontzertua, Barakaldoko gitarristearen lau diskoetatik egingo dan ibilbide musikala izango da, gehi musika klasikoko piezaren bat. Gitarra elektrikoaren handiakaz ibili da agertokietan, eta Metal panoramako gitarra jotzaile handienetakoa da.

Hurrengo egunean, zemendiaren 24an, Julio Lazcanok Distancias lana eskainiko deutse ikus-entzuleei. Hainbat bidek egiten dabe bat Julio Lazcanoren lanean: haren jatorrizko Argentinan sortutako musika-tresnearen inguruko teknika landua, bat-batekotasun eta konposizino lan handia, eta munduko hainbat lekutako musikarien ondoan aurrera eroandako nazinoarteko jarduera artistikoa. Hori guztia islatzen da Distancias lanean.

Mila Musika Haria egitarauaren edizino hau hilaren 30ean amaituko da, Livio Gianola musikari italiarraren kontzertu bereziagaz; ez ohiko talentua eta sensibilidadea dituan Bergamoko (Italia) musikariak erraztasun sinistezinagaz joten dau zortzi hariko gitarrea, kontzertu bakotxean interpretazino beroa, dinamikoa eta trebea lortuz. Haren konposizinoen artean Espainiako Ballet Nazionalerako egindako lana azpimarratu behar da.

Kontzertu guztiak arratsaldeko 19:30ean izango dira Bertendona Institutuan (Bertendona, 5), eta sartzea doban izango da leku guztiak bete arte.

Informazino gehiago www.kulturabarrutik.eus webgunean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu