Ikasturte barria eta euskerea erabilteko dekalogoa aurkeztu ditu AEK-k

Dabi Piedra 2017-09-08 11:59   Euskerea berbagai

Jone Goirigolzarrik atondu dau hamar puntuko zerrendea, ikasleei hiztun aktibo bihurtzen laguntzeko.

Mertxe Mujika, Jone Goirigolzarri eta AEK-ren Artezkaritza Kontseiluko kideak, Bilbon egindako ekitaldian | Ikusi handiago | Argazki originala

Nobedade handi bi aurkeztu ditu AEK-k, Bilboko Indautxu auzoko euskaltegian egindako ekitaldian. Alde batetik, ikasturte barrian ikasleak erakarteko kanpaina barria eta, bestetik, euskerearen erabileran egiteko dekalogoa. Berez, Deustuko Unibersidadeko irakasle eta ikerlari Jone Goirigolzarrik sortu dau dekalogoa, baina AEK-k bat egin dau bertan esaten danagaz eta ikasleen artean zabalduko dau mezua.

Euskerea ikasteko modu efektiboa eta afektiboa eskaintzen dau AEK-k, kontzeptu bien arteko berba jokoa eginaz. Erabileran oinarritutako metodogia dogu, ikasleek esperientzia aparta bizi izango dabe, adierazo dau Mertxe Mujika koordinatzaile nagusiak. Egunerokoan euskerea erabilteko prestakuntzea emotera bideratzen dau AEK-k bere ahalegina: Inguruko hartu-emonak euskeraz egitea, lan egoerea hobetzea, euskera mailea igotea... aitatu ditu Mujikak ikasleek topauko dituen onuren artean.

Sare sozialetako emotikonoak dira 2017-18 ikasturteko kanpainearen sinboloak. Irudia aldatu nahian, emotikonoen alde egin dogu, modan dagozalako, argitu dau Mujikak. Hainbat euskarritan zabalduko dabe euren mezua, % 100 afektiboa lelopean. Bideoa be plazaratu dabe (ikusi hemen).

Igazko ikasturtean 12.000 ikasle inguru izan zituan AEK-k eta orain hasiko dan ikasturtean antzeko kopurura heltzea da helburua eta, ahal bada, apur bat igotea. Horretarako, etenbako barrikuntzea ezinbestekoa dala uste dau Mertxe Mujikak: Metodologiaz gan, egoitzak hobetzen ahalegintzen gara. Hain zuzen be, hiru egoitza barri inaugurauko ditue hileon: Andoainekoa 13an zabalduko dabe, Lekunberrikoa 15ean eta Urnietakoa 26an.

Ikasturte barria aukezteaz bat, ganera, euskerearen erabilerea bultzatzeko dekalogoa plazaratu dabe AEK-k eta Jone Goirigolzarrik. Zergaitik ikasi euskerea eta zelan heldu euskaldun izatera? galderea da dekalogoaren izenburua. Euskera ikasleen artean azterlana egin eban Jone Goirigolzarri Deustuko Unibersidadeko adituak eta bertan jasotako eretxien eta ateratako ondorioen emoitzea da dekalogoa. Euskerea ikasteak ez dakar beragaz erabilerea eta, horregaitik, erabilera datuak hobetzea izan da gure kezkea beti, adierazo dau Mertxe Mujikak, Joneren ikerketea hasikeratik segidu dogu. Bertan esaten dana AEK-ren lana indartzeko aproposa izango dala uste dau.

Jone Goirigolzarrik azaldu dauenez, ikasleen esanei kasu eginda osotu dau dekalogoa eta hartzaileak be ikasleak eurak dira. Euskerea ikasteko orduan zalantza edo kezka ugari daukiez, era askotakoak, eta horrek euskerea ez erabiltera bultzatu leikez. Hartara, euskeraz berba egiteko arrazoiak eta konfiantzea dira hamar puntuotako ardatz nagusiak.

Euskeraz berba egiten dogun guztiok gara euskaldunak, dan-danok gara benetako euskaldunak, azpimarratu dau Goirigolzarrik. Dekalogoaren hamar puntuak honeek dira:

1.- Euskerea ikasteak poztasuna eta harrotasuna dakarz. Sari ugari eta askotarikoak eskaini deutsez euskaldundu diranei.

2.- Euskerea ikasten hasteko edo barrikasteko arrazoi eta motibazino ugari egon leitekez, eta dan-danak dira baliozkoak.

3.- Euskaldun aktiboa bihurtzea ez da prozesu automatikoa, bidean agertuko diran erronkei eta ardurei aurre egitea funtsezkoa izango da.

4.- Garrantzitsua da ez izatea autokritikoegia norberaren gaitasunari jagokonez. Ganera, gogoan izan: hizkuntzak alkarregaz komuniketako dira, komunikazinoa baldin badago, helburua lortuta.

5.- Euskeraz komuniketako orduan, eta oraindino ikasten gagozala, baliogarria izan leiteke alkarrizketetan berbak tartekatzea (erderazko berbak eta esaldiak be erabiltea).

6.- Batua eta euskalkiak, danak dira euskerea. Euskera batua oso euskera jatorra da eta, era berean, erraza da lekuan lekuko ezaugarri batzuk bereganatzea, hiztunak gustora egon daitezan erabiliko daben hizkuntzeagaz.

7.- Testuinguru erdaldunenetan be, posible da euskerea erabiltea, estrategia batzuk garatu ezkero.

8.- Posible da ingurukoakaz hizkuntza-ohiturak aldatzea, hau da, beti erderaz besterik egin beharrean, euskeraz (be) egiten hastea.

9.- Euskerea errepertorio linguistiko aktiboan sartzeko, lagun barriak edo jarduera barriak egiteko momentuak erabili behar dira.

10.- Jarrera proaktiboa izanda, askoz euskera gehiago erabili leiteke. Era berean, kontzientzia hartzea oso-oso garrantzitsua izan da urratsa egin dabenentzat.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa