Umorea Txinako diktadurearen kontra

Zigor Aldama 2017-08-31 13:14   Bidaide

Badiucaok uste dau biñetak margoztea dala bere jaioterriko potere absolutistea gogaitzeko eskura daukan modu bakarra.

Badiucaok ez dauka izenik. Ezta arpegirik be. Badiucao esangura bako ezizen absurdu bat baino ez da eta horren atzean izkutatzen dan artistea ez da jentaurrean agertzen, bere nortasuna maskara baten atzean babestu ezean. Edonor izan leiteke, dino. Banskyren moduan. Batzuek uste dabe Sia abeslariak erabilten dauen estrategia komertzialaren parekoa dala, baina ez da: Badiucaok munduko erregimen totalitario poteretsuenari aurre egiten deutso. Nor nazen jakiterik ez dot nahi, nire eta nire senideen segurtasunagaitik, kontau deusku Melbournetik telefonoz. Bertan bizi da diktadura komunistea biñeten bidez biluzten dauen artista eta disidente txinatarra.

Marrazki zuzenak dira, gehiegikeriarik bakoak. Marra baltzak kolore lauen ganean. Batez be, gorria. Badiucaok arpegi ezagunak eta sinbolo unibersalak erabilten ditu: Mao Zedong zein Tiananmen plazako tankearen aurreko gizona. Azkenaldion, Liu Xiaobo, Donald Trump eta Winnie the Pooh be agertu dira bere sorkuntza garratzetan. Danak bihurtzen ditu tiraniaren aurkako burrukarako eta bidebakokeriak salatzeko arma.

Lehenengo biñetea Weibon argitaratu neban -Twitterren antzeko sare sozial txinatar bat-, 2011n, abiadura handiko tren bik alkar jo ebenean Wenzhoun. Ikusi neban jenteak egia jakin nahi ebala eta Gobernuak ezkutau egiten ebala jazotakoa. Ordura arte ikusi bako zeozeren lekuko nintzala nabaritu neban: Poterearen eta Txinako gizarte zibilaren arteko burrukea interneten. Berehala pentsau neban hor parte hartu behar nebala eta marrazkien bidez egin neban, gogoratu dau 1980ko hamarkadan Shanghain jaiotako Badiucaok. Bere belaunaldikideakan zelan eragin badakian millennial-a da.

Orain dala bost urte, Txinako sare sozial hasibarriak askatasunaren gordeleku bitxia ziran. Bertan, erabiltzaileek euren eretxiak argitaratzeko modua eukien eta, politikari ustelen kalterako informazinoa zabaltzen eben. Sarean hareen gehiegikeria ekonomikoen eta larregizko bizi mailearen barri emoten zan, eta hipokrisia bistan geratzen zan euren maitale eta prostitutakaz argazkiak plazaratuta. Zentsurea egon baegoan, baina berandu eta baliabide gitxiagaz lan egiten eban.

Horregaitik, Badiucaoren biñetek ekatxa eragiten eben zentsureak ezabatu aurretik, ganera agintariek ez eben guztiz ezabatzea lortzen. Baina orain zentsurea sofistikaduagoa da. Norbere benetako nortasuna jakitera emon behar da Weibo eta WeChaten kontua zabaldu ahal izateko, eta Gobernuaren arma informatikoak, algoritmo sekretuak, kapaz dira marrazki arriskutsuak identifiketako, ez berbak bakarrik. Badiucaok badaki: Internet agertzea bikaina izan zan askatasunerako Txinan, baina ez dago ezer ospatzeko orain.

Gaur egun, Badiucaoren marrazkiak ez daiezan ezabatu, edo ziberespazioan pixka bat luzaroago egon daitezan, internauta txinatarrek irudimen handiko metodoak erabili behar ditue, esaterako Photoshopegaz bueltea emotea edo proportzinoak aldatzea. Katuaren eta saguaren betiko jokoa da. Aldea da, orain Gobernuaren kontra jotearen ondorioak handiagoak izan leitekezala, katua tigrea da eta, dino Badiucaok. Orain Twitterren argitaratzen dau bere sorkuntzea, China Digital Times kontu disidentearen bidez eta erregimen komunistea kritiketan daben komunikabideetan. Gero eta museo eta galeria gehiagok erakusten ditue marrazkiok eta hiru dimensinoko sormenean hasi da. Baina atentzinoa emoteak ikarea be eragiten deutso.

Ai Weiweirena adibide ona da, ahotsa altzetan dauenari jazoten jakona ikusteko, azaldu dau. Hain zuzen be, Txinako artistarik entzutetsuenak era guztietako abusuak jasan ditu: buruko traumatismoa eragin eutsan jipoi bat eta 80 eguneko legez kanpoko atxiloketea, zergak ez pageteagaitik jasotako kondenea ahaztu barik, Txinako gobernuaren asmakuntzatzat jo dauena. Badiucao bildur da Txinatik kanpo be zer jazo ahal jakon, oraintsu Australiako herritartasuna hartu badau be.

Badiucaok uste dau biñetak margoztea dala Txinako potere absolutistea gogaitzeko eskura daukan modu bakarra. Pixkanaka, bere marrazkietako seriotasuna alboratu eta umoreari lekua egiten hasi da, eraginkorragoa dalakoan. Hasikeran enfrentamendu handiagoa nahi neban, irudiak serioagoak ziran. Baina orain ziur nago eraginkorragoa dala diktadurea erridikuluan ipintea, azaldu dau.

Horren adibide ona da Winnie the Pooh marrazki bizidunetako hartzagaz egiten dauena. Txinako presidente Xi Jinping-egaz lotzen da pertsonaia hori, Barack Obamari eginiko bisitaldi baten hartzaren eta presidente txinatarraren arteko antzekotasunaz berba egin zanetik. Zentsuratzaileek debekatu egin dabe Winnieren argazkiak argitaratzea, hori guztiz erridikulua dala uste dot. Horregaitik, pertsonaia hori marrazten dodanean, badakit zelan edo halan irabazi egingo dodala: Zentsurau ezkero, Gobernuak daukan ikarea agirian geratzen dalako eta bizi dauen egoera absurdua baimentzen badabe, jenteak ulertu egingo dauelako lengoaia bisuala eta agintarien kontura barre egingo dauelako.

Badiucaok azpimarratu dau txinatar gazte gehienak anestesiaren eraginpean dagozala. Horren errua hezkuntza sistemea dala dino, robotak sortzen ditualako, baita propaganda gero eta sofistikaduarena be. Txinako Gobernua oso zuhurra da eta gazteen lengoaia erabilten jakin dau. Orain bere mezuak rap musikan edo Wolf Warrior 2-ren tankerako zinemako superprodukzino handietan ezkutauta datoz. Agintariak ultranazionalismoa bultzatzen dabiz, euren burua babesteko. Horrek azaltzen dau zergaitik Txina gero eta nazinoarteko gatazka gehiagotan sartuta dagoan, Indiagaz, Japoniagaz eta Asia hego-ekialdeko herrialdeakaz

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu