Eñaut Barandiaran: 'Jenteak ikusten eban honelako proiektu baten beharra'

Dabi Piedra 2017-08-21 08:05   Barriketan

Harmaila aldizkariaren sortzailea.

Euskerazko kazetaritzan egon dan behar bati erantzutera dator Harmaila, bultzatzaileen esanetan. Izan be, kirola jorratzen daben argitalpen ugari dagoz baina, orain arte, bakar bat be ez da egon euskeraz. Dagoeneko 0 zenbakia plazaratu dabe, proiektua gizarteratzeko asmoz, eta 1. zenbakia be laster helduko dalakoan dagoz. Aitor Manterola, Iñaki Berastegi eta Eñaut Barandiaran dagoz egitasmo barriaren atzean eta azken horrek emon deuskuz azalpen guztiak.

 

1.- Nondik dator euskerazko kirol aldizkari bat egiteko asmoa?

Aspaldiko kontua da, 2012an Aitor Manterolak Futbolmamia webgunea sortu eban, futbolaren ingurukoa, eta orduan hasi ginan gai honetaz berbetan. Orain dala urtebete Twitter bidez Iñaki batu jakun eta hirurok alkarlanean hasi ginan. Hutsune eta behar bat badagoala ikusi genduan. Hari horretatik tiraka heldu gara hona.


2.- Hutsune bat dagoala dinozu. Beraz, euskal irakurleak eskatzen dau Harmailaren moduko produktu bat?

Bai, ezaguna da euskal prentsea azken hamarkadetan asko hazi dala baina kirolaren inguruan ez dagoala ia ezer. Kirolak jorratzen dira hainbat mediotan baina ez dago argitalpen bereziturik. Beste hizkuntza batzuetan agertu dira azkenaldion aldizkari asko, adibidez gaztelaniaz Libero edo Panenka, horreek futbolaren ganekoak baino ez diran arren. Gure egoereagaz alderatuta ikusi dogu hutsunea. Pentsau dogu jentea euskerara erakartea kirolaren bitartez.


3.- Pasino handia behar da holako proiektu bat abian ipinteko...

Bai, ganera aspalditik gabiz honi bueltak emoten. 2012tik hona askotan batu eta gauza asko begiratzen ibili gara. Momentu baten konturatu ginan berba asko egiten genduala, asmo onak geunkazala, baina martxan jarri ezean beste bost urte edo gehiago pasauko genduzala holan. Horregaitik erabagi genduan orain hastea, atzeratu barik. Beharbada ez da unerik onena, 0 zenbakia udan atera dogulako, baina hasikera moduko bat behar genduan.


4.- Hiru bultzatzaile nagusi zarie, bana kolaboratzaile gehiago be beharko dozuez aldizkaria egiteko, ezta?

Printzipioz hirurok hasi gara, baina garbi daukagu kolaboratzaileen sare handi bat behar dogula. Zentzu horretan, bardintasuna jagon nahi dogu, ze askotan jazoten da kirolari lotutako gauzak gizonezkoek bakarrik lantzen dituela. Orduan, kolaboratzaileen aldetik parekidetasuna bilatuko dogu. Atera barri dogun 0 zenbakirako lagunakana jo genduan eta hortik tiraka bagabiz kolaboratzaileen zerrendea osotuten eta parte hartu nahi dauenak gure atea zabalik daukala jakin behar dau.


5.- Zuk zeuk be lotura estua dozu kirolagaz, ezta?

Batez be futbolaren munduan nabil, kirol zuzendaria naz harrobiko talde baten. Horregaitik, futbolaren errealidadea barrutik ezagutzen dot gitxi gorabehera. Egia da beste kirol batzuetan bizi daben errealidadea eta futbolekoa desbardinak izango dirala gauza batzuetan, zentzu horretan be aberasgarria izango da beste errealidade horreek ezagutzea eta dana ez dala futbola ikustea. Guretzat garrantzitsua da hori azpimarratzea, futbola beste edozein kirolen moduan jorratuko dogu.


6.- Futbolari ez deutsazue lehentasunik emongo, beraz, ze kirol landuko dozuez?

Gure asmoa da ahal dala kirol guztiak lantzea. 0 zenbakian konturatu gara arraunak leku handia hartzen dauela, azken finean udea arraun sasoia izaten da Euskal Herrian. Lehenengo azalerako eta gai nagusirako aukeratu dogu arrauna. Aurrerantzean, kirol guztiei lekutxua egiten ahaleginduko gara. Kolaboratzaile sare aproposa behar dogu, ahalik eta kirol gehien hartzeko, alde horretatik askatasuna emongo deutsegu kolaboratzaileei, gehien ezagutzen dituen kirolen ganean idatzi daien. Futbolak, saskibaloiak, peloteak eta abar garrantzia handia daukie Euskal Herrian, baina gure aldizkariaren ikuspuntua beste bat izango da, danei tartea egingo deutsegu.

Emakumeen eta gizonen kirolei jagokenez, ostera, gure asmoa da erdia eta erdia egitea gitxi gorabehera. Azalari eta gai nagusiari begira be orekea bilatuko dogu, batzuetan emakumeak, besteetan gizonak. 0 zenbakian onartzen dogu ez dogula guztiz lortu, baina lehenengo zenbakitik aurrera zorrotzagoak izango gara.


7.- Euskal Herriko kirola izango da zuen ardatza, ala nazinoarteari begiratuko deutsazue?

Euskal Herriko kirolari emongo deutsagu garrantzi handiagoa, gure errealidadeari begiratuta. Baina ez dogu baztertzen kanpoko beste gai batzuk sartzeko aukerea, egoerearen arabera izango da. Adibidez, Joko Olinpikoak edo Munduko Txapelketak badagoz.


8.- Harmaila ez da eguneroko argitalpena izango. Eguneroko albisteen zurrunbilotik urten eta beste era bateko testuak lantzeko aukerea da hori?

Gehienbat gaiak sakonean lantzea bilatuko dogu, erreportaje edo alkarrizketa formatuetan. Barriek bere horretan ez daukie zentzun handirik, ze bi hile eta erdiro atera nahi dogu aldizkaria. Askotan egunerokotasunari lotuta ez dagozan gaiak jorratuko doguz, horrek emoten deutsu aukerea testuak patxadaz lantzeko. Normalean gai nagusia egunerokotasunari lotuago egongo da, baina ganerakoetan ikuspuntua egunero lantzen ez diran gaietan jarriko dogu.


9.- Papelean argitaratuko dozue Harmaila, urtean zenbat ale?

Urtean bost zenbaki izatea nahi dogu. Horrek esan nahi dau bi hile eta erdiro, gitxi gorabehera, ale barri bat atera beharko dogula.


10.- Interesa daukan kirolzaleak zelan erosi leike bere alea?

Momentuz webgunearen bidez zabaldu dogu harpidetzea egiteko aukerea. Hor eskaintzen dogu urteko harpidetzea egitea, bost aldizkari jasoteko. Irailetik aurrera aurkezpenak egingo doguz Hego Euskal Herriko lau uriburuetan eta Baionan, jenteak Harmaila ezagutu daian, eta hor hainbat aukera aurkeztuko doguz aldizkaria lortzeko. Adibidez, harpidetza digitala egiteko modua emongo dogu. Papelezko harpidetzea egiten dauenak etxean jasoko ditu bost aldizkariak eta digitala daukanak internetetik ikusi ahal izango ditu eduki guztiak. Harpidedunentzako sorpresatxuak edo opari bereziak be preparau nahi doguz, baina hori aurrera begirako kontua da.


11.- Webguneak ze funtzino beteten dau?

Lehen esan dodanez, era honetako aldizkari baten ez dira egunerokotasuneko gaiak gehiegi lantzen. Webgunea, hain zuzen, era horretako barriak edo gaurkotasunagaz lotutako kontuak sartzeko erabiliko dogu. Aldizkarian lekurik ez daukien gauzak, baina une baten interesa euki leikenak. Beharbada, hurrengo alea ateratzen dogunerako futbol ligearen hasikerako artikulu batek ez dau zentzunik izango, zaharregia izango da, baina webgunean sartu ahal izango doguz holakoak. Formatu biakaz jokatuko dogu, papela eta sarea.


12.- 0 alea atera dozue dagoeneko, Harmaila zelakoa izango dan erakusteko. Irakurleen eretxirik batu dozue?

Jentea pozik dago, feedback ona izan dogu. Esan deuskue gauza batzuk hobetzeko edo aldatzeko, jakina, baina harrera oso ona egin deutsie. Nabaritu dogu jenteak ikusten ebala arlo honetan hutsunea eta honelako egitasmo baterako beharra.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa