Errespetuan oinarritutako jaiak eskatu ditue Bilboko txupinereak eta pregoilariak

Dabi Piedra 2017-08-10 11:47   Kulturea

Aste Nagusiko txupinera Ane Ortiz eta pregoilari Nati Ovelleiro jentaurrean agertu dira gaur.

Ane Ortiz txupinerea eta Nati Ovelleiro pregoilaria | Ikusi handiago | Argazki originala

Abuztuaren 19an, Arriaga antzokiko balkoian, hiru protagonista nagusi egongo dira Bilboko Aste Nagusia hasten dauen txupinaren ekitaldian. Bata, urterokoa, Marijaia. Beste biak, urtero barritzen diran karguak, txupinerea eta pregoilaria. Aurten, Askapeña konparsako Ane Ortizi egokitu jako txupina jaurtitea eta Errefuxiatuak Ongi Etorri plataformeari pregoia irakurtea. Azken horren ordezkaria da Nati Ovelleiro.

Biak pozik agertu dira, txupinera eta pregoilari jantziagaz egin daben lehenengo agerraldian. Ondo pasetako deia egin dabe eta, batez be, jaiak errepestuz bizi izateko. Jaigunean ez dabela ezelako erasorik onartuko azpimarratu dabe. Bilboko Konparsetako eta Bilboko Udaleko ordezkariek be bat egin dabe aldarrikapen horregaz. Hortaz, Aste Nagusia sexismo, homofobia, transfobia eta diskriminazino bako gunea izatea da asmoa.

Aurten Askapeña konparseari tokau jako txupinerea bere kideen artean aukeratzea eta Ane Ortizek beteko dau zeregin hori Aste Nagusiko bederatzi egunetan. Konparsen eta jaien antolakuntzearen atzean dagoan lanaren ordezkaria dala adierazo dau Ortizek, urte osoan konparsek egiten daben lana gogoratu behar da. Bilbotarrei eta jaietara datozan bisitariei honako mezua bialdu deutse txupinereak: Errespetuz eta zentzunez jokatu behar da, erasorik ez dogu onartuko, nazkatuta gagozalako.

Nati Ovelleiro pregoilariak, bestalde, harro dagoala azaldu dau. Franco hil osteko lehenengo bajadan egon nintzan, umetan, eta sekula be ez neban pentsauko orain pregoilari izango nintzanik. Gogoratu dau bera Errefuxiatuak Ongi Etorriren ordezkari legez egongo dala Arriagako balkoian txupinaren egunean, konparsei eskertu nahi deutsegu aukera hau, plataforma gaztea gara eta oso txarto pasetan dabizanakanako sensibilidadea erakutsi nahi dogu.

Pregoia laburra eta zehatza izango dala besterik ez dau aurreratu Ovelleirok. Errefuxiatuak Ongi Etorriren izenean jardungo dauen ezkero, testua talde lanean idazten dabizala argitu dau. Pregoiaren unea hurreratzen doala eta, urduri baina pozik dagoala azaldu dau Ovelleirok eta jaiak alaitasunez eta errespetuz disfrutetako deia egin dau.

Oihana Pascual Bilboko Konparsetako ordezkari eta orain dala urte bi txupinera izandakoak, Errefuxiatuak Ongi Etorri plataformearen lana txalotu dau. Euren lana eskertu nahi izan deutsiegu, Bilboko uriaren alkartasunaren ordezkari dira. Bestetik, txupinaren eguneko protagonistak Marijaia, txupinerea, pregoilaria eta jaigiroan dagozan personak dirala adierazo dau Pascualek, eta ez arrautzak eta uruna. Hartara, txupin garbiaren alde egin dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa