Gerra sasoiko Bilbo, binetarik bineta

Dabi Piedra 2017-06-19 13:53   Kulturea

Prentsako marrazkilariek 1930eko hamarkadan egindako lana ikusgai dago Bilboko Zabalguneko eraikinean.

Aline Soberon, Juan Mari Aburto, Nekane Alonso zinegotzia eta Txema Uriarte, erakusketearen inaugurazinoan | Ikusi handiago | Argazki originala

Faxistak Bilbon sartu ziraneko 80. urteurrena bete dan egunean bertan, bagilaren 19an, zabaldu dau Udalak Gerra garaiko umorea erakusketea. Gerra Zibilaren sasoian Bilboko egunkari eta aldizkarietan binetak argitaratzen zituen marrazkilarien ekarpena gizarteratzeko asmoz antolatu dabe. Izan be, ikuspegi artistikoa izateaz gan, jazoera lazgarrien lekuko be badira irudiok. Umorearen eta zorroztasunaren bidez, egun hareetan Bilbon eta inguruan bizi izandakoa agiri da.

Gerrea hasi orduko prestakuntzak, frenteko gorabeherak, bonbardaketak, herritarren estualdiak, arerioari kritikea eta abar batzen dira erakusketarako aukeratutako binetetan. Hamasei paneletan banatu ditue marrazkiak, gaika. Guztira 90 bat bineta dira, orduko komunikabideetan agertutakoak: Tierra Vasca, La Gaceta del Norte, La Tarde, La Unión eta abarretan.

Aline Soberon eta Txema Uriarte historialariak dira komisarioak. Erakusketea atontzeko ikerlan sakona egin behar izan dabe, prentsako marrazkilariek gerran izandako parte-hartzea ahaztuta egon dalako. Askok ezizena erabilten eben eta, behin gerrea galduta, betiko desagertu zan euren arrastoa. Gitxi landutako gaia da hau, baina material asko dago, dino Soberonek. Izan be, binetak komunikazinorako tresna eraginkor bihurtu ziran gerra sasoian eta egunkari askok argitaratzen zituen egunero.

Aline Soberonek azaldu dauenez, gerrearen bilakaerea eta herritarren gorabeherak ulertzeko bide aproposa dira binetak. Horrezaz gan, baina, balio artistikoa be badaukiela azaldu dau, formakuntzadun marrazkilari profesionalak izaten ziralako autore asko. Txema Uriartek ganeratu dauenez, omenaldia egin nahi deutsie marrazkilariei, hainbeste urtean ahaztuta egon eta gero. Erakusketa honegaz erakutsi nahi dogu, tragediaren erdian umorea eta bizipoza topetea garrantzitsua dala, adierazo dau Uriartek.

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak erakusketearen helburu nagusiak azaldu ditu: Batetik, memoria gordetea eta, bestetik, pakearen eta alkarbizitzearen alde egitea. Ganera, Bilbo defendidu ebenei zein gerrearen erruz iges egin behar izan ebenei errekonozimendua emoteko bidea be bada erakusketea, alkatearen ustez. Egia aldarrikatu eta gerrearen bidebakotasuna salatu nahi dogu.

Beste alde batetik, marrazkilari hareek anonimotasunetik ateratzeko asmoa be badaukie erakusketearen antolatzaileek. Autoreen ganeko datu gitxi dagoz eta, horregaitik, deia zabaldu deutsie herritarrei, baten batek marrazkilarietako baten inguruko informazinoa euki ezkero, Aline Soberoni edo Txema Uriarteri jakinarazoteko. Hortik tiraka, artista hareen ibilbidea hobeto ezagutu nahi dabe eta topautakoa ikerlan baten batu.

Abuztuaren 18ra arte egongo da erakusketea Zabalguneko eraikinean. Sartzea doban da.

Erakusketako paneletako bat

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa