Euskerearen aldeko deia Arabako Errioxara heldu da

Bizkaie! 2017-06-19 10:08   Euskerea berbagai

Eguzkipean, milaka lagunek parte hartu dabe Araba Euskarazen, Wow! lelopean.

Agintariak eta ikastoletako ordezkariak, goizean egindako ekitaldian (argazkia: Araba Euskaraz) | Ikusi handiago | Argazki originala

Ebro ibaiaren ertzera, ardaoaren lurraldera heldu zan Araba Euskaraz atzo, Bastidara. Sasoi baten guztiz erdaldundutako lurraldean euskerearen aldeko hazia erein dabenak izan ziran antolatzaile eta milaka euskaltzale alkartu ziran. Hain zuzen be, Cristina Uriarte Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak azpimarratu eban, hezkuntza sistemea giltzarria izan dala euskerea Araba guztira zabaltzeko.

Astronauta eta guzti egin eben inaugurazino ekitaldia, espazioa eta unibersoa izan diralako aurtengo Araba Euskarazen gai nagusiak, Wow! lelopean. Agintariek berba egin eben ekitaldi horretan; Cristina Uriarteren ustez, hezkuntzea eta euskerea banatu ezinezko bikotea dira dagoeneko eta Arabako Errioxa eredu da hizkuntzea zabaltzeko lanean. Horrezaz gan, aniztasuna eta alkarbizitzea hezkuntza sistemearen oinarria izan behar dirala aldarrikatu eban sailburuak.

Bestetik, Euskaltzaindiaren ordezkariak be Bastidan izan ziran. Bastidako ikastoleak, 1979an hasi zanetik, frutu emonkorrak batu dituala uste dau Roberto Gonzalez de Viñaspre Akademiaren Arabako ordezkariak. Oraingo lana be, bihar-etziko zimentarri izango da, etorkizun itxaropentsua dauka euskereak Errioxan. Euskaltzaindiaren izenean, Gonzalez de Viñasprek esker ona adierazo eutsien Bastida ikastolako bultzatzaile eta beharginei, egunero euskerearen alde egiten daben lanagaitik.

Behin jaia amaituta, Ikastolen Alkarteak balorazino positiboa egin dau. Aurtego Araba Euskarazek nota altua atera dauela dinoe ikastoletako ordezkariek, eta Arabar Erioxara euskerearen aldeko jai handia eroan ahal izan dabela azpimarratu dabe.

Kontuak kontu, Bastidak Argantzuni pasau deutso lekukoa, 2018ko Araba Euskaraz han egingo da eta.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu