Emakumeak protagonista Zornotzako XII. Haizetara jaialdian

Dabi Piedra 2017-06-14 12:23   Musikea

Bagilaren 23tik 25era, bertoko eta kanpoko bederatzi taldek parte hartuko dabe fanfarreen eta kaleko banden lehiaketan.

Girls in Band-eko kide bik pieza batzuk jo ditue Haizetararen aurkezpenean. Ezkerrean, Luisja Ugarte, Lorea Bilbao eta Andoni Agirrebeitia | Ikusi handiago | Argazki originala

Urtero legez, musikaz eta doinu alaiz beteko dira Zornotzako kaleak Haizetara jaialdiari esker. Aurtengo edizinoa, 12.a, berezia izango da. Lehiaketan parte hartuko daben talde guztietako kide gehienak emakumeak dira, kaleko musikan ibilten diran andrazkoen lana erakutsi nahi dabelako. Zornotzako Udalaren Ametx erakundeko gerente Enara Venturinik azaldu dauenez, izena emoteko baldintzetako bat izan da kideen erdia baino gehiago emakumeak izatea. Holan, 28 talde apuntau dira eta bederatzi aukeratu ditue.

Luisja Ugarte antolatzailearen arabera, estilo askotako musikea entzun ahal izango da Haizetaran. Kaleko musikearen eta fanfarreen ataleko jokerak ezagutzeko aukerea izango da beraz. Jatorriari jagokonez be, herrialde ugaritako bandak egongo dira.

Honeek dira lehiakideak: Pas Ce Soir Cheri (Belgika), The Dawlins (Espainia), Tokyo Brass Style (Japonia), Wonder Brass Band (Frantzia), Bluenette Sisters & The Seamen Orchestra (Danimarka), Tell Tale Tusk (Erresuma Batua), Balkan Paradise Orchestra (Katalunia), Las Taradas (Argentina) eta Euskal Herriko banda bat, Durangoko Fanfarre Sugarri. Talde bakotxak lau pase joko ditu.

Bandarik onenaren saria 10.000 eurokoa da, publikoaren saria 4.000koa eta mila euro emongo deutsiez instrumentistarik onenari. Lehiaketa formatua aukeratu dogu, ikusi dogulako taldeek hobeto lantzen dabela ikuskizuna eta ahalegin handiagoa egiten dabela kaleko jenteagana heltzeko, azaldu dau Luisja Ugartek. Ainara Ortega izango da aurten epaimahaiburua. Publikoaren saria botazino bidez aukeratuko dabe herritarrek.

Lehiaketatik kanpo, Girls in Band taldeak jam session-ak eskainiko ditu hilaren 23an eta 24an Harrison hotelean. Sexismoaren erruz, banda amerikar handietako emakumeek ez eben ezelako errekonozimendurik izan eta hori konpontzeko asmoagaz datoz emonaldiok. Emakumezko hareen talentua eta adorea aldarrikatuko dau Girls in Band laukoteak.

Ganera, Gucako (Serbia) tronpeta jaialdiaren inguruko argazki erakusketea egongo da ikusgai Zelaieta zentroan, bagilaren 22tik garagarrilaren 7ra. Milaka lagun joaten dira urtero bertara eta Aleksander Jelic-ek ateratako argazkien bidez ezagutu ahal izango dabe zornotzarrek.

Andoni Agirrebeitia Zornotzako alkatearen ustez, giro bikaina eroango dau Haizetarak herrira, guretzat aste berezia izaten da. Aurtengo edizinoa polita izango dala uste dau, emakumeak protagonista izango diralako: Bardintasunaz berba asko egiten da, baina gitxi egiten da.

Lorea Bilbao Bizkaiko Kultura diputaduaren esanetan, emakumeak lehen lerrora ekarri izana balio erantsia da jaialdiarentzat. Haizetara akulu izango da, gazteentzat eredu izango dala uste dot. Musikearen munduan, beste alor guztietan legez, emakumeek ekarpen handia egiten dabela baina sarri ezkutuan geratzen dala dino Bilbaok eta, horregaitik, Haizetarak lan hori bistaratzen lagunduko dauelakoan dago.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa