Eduardo Chillidaren eskultura zaharbarritua aurkeztu dau Bilboko Arte Eder Museoak

Dabi Piedra 2017-06-13 12:09   Kulturea

Topaketak IV porlanezko piezea museoaren kanpoaldean dago eta tratamendu zehatza behar izan dau arrakalak eta hezetasuna kentzeko.

Topaketak serieko laugarren obreak egiten deutso ondoetorria Bilboko Arte Eder Museora doanari. Izan be, Chillida izeneko plazatxuan, museoaren atarian dago. Aire zabalean egon dan ezkero, kalte handiak izan ditu eskultureak eta konserbazino eta zaharbarritze programako protagonista nagusia bihurtu da asteotan. Behin konponketak amaituta, barriro bere lekuan dago Topaketak IV.

Miguel Zugaza museoko zuzendariak azaldu dauenez, ez da zaharbarritze hutsa izan, ikerketea be egin dogu. Izan be, aire zabalerako egindako porlanezko egitura handia da Topaketak IV, 16 tonakoa, eta halako pieza bat konpontzea ez da ohikoa izaten. Serieko beste obrak hainbat lekutan dagoz (Madrilen, Mallorcan, Venezian...) eta jaube guztiek agertu dabe interesa Bilbon egindako lanagaz, erraz hondatzen diran eskulturak diralako.

María José Ruiz-Ozaita museoaren zaharbarritze saileko arduraduna eta Javier Chillida harrizko materialetan espezialistea izan dira prozesuaren gidariak. Barruko metalezko egiturearen erruz, porlanean arrakalak egozan eta eguraldiak be hondatzen lagundu dau, azaldu dau Ruiz-Ozaitak. 2016ko udan egin eben lehenengo batzarra, zaharbarritzeari nondik heldu erabagiteko. Javier Chillidaren esanetan, hasteko, egiturearen konposizino zehatza aztertu eben. Porlanaz gan, harriak eta bestelako hautsak daukaz.

Ondoren, arrakalak estaltzeari ekin eutsien, kontu handiz. Porlan likidoa erabili eben zulotxuak tapetako. Era berean, material biozidea bota eutsien, eskulturea kaltetzen daben mikroorganismoei aurre egiteko. Amaitzeko, hezetasunaren kontrako geruzea emon eutsien. Bide batez, eskulturearen inguruko zabalgunea, Chillida plazea, konpontzeko aprobetxau dabe.

Lan hau ez da gaur amaitu, hasi egin da, adierazo dau Miguel Zugazak. Aire zabalean egonik, bizkor hondatu leitekeen eskulturea da Topaketak IV eta, hartara, aurrerantzean jarraipen zehatza egingo deutsie. Modu prebentiboan jagongo dogu, azaldu dau María José Ruiz-Ozaitak.

1973an egin eban Topalekuak IV Eduardo Chillida eskultore gipuzkoarrak, serie horretako laugarrena. Obra berezia da, kable batzuetatik zintzilik dagoalako, beheganea ikutu barik. Chillida esegitako eskultureagaz esperimentetan hasi zanekoa da, azpian geratzen zan espazioa pasabidetzat eukan, azaldu dau Zugazak. Artisteak 1982an emon eutsan piezea museoari eta 2001. urtetik dago bertako atarian. Chillidak berak gainbegiratu eban obrearen instalazinoa.

Topalekuak saila 1964an hasi eban Chillidak eta zazpi obra dira guztira. Espazio publikoan erakusteko sortutako eskultura monumentalak dira, danak porlanez eginak. Material horren laztasuna eta balio monokromatikoak lantzen ditu, itxuraz kontrajarriak diran ezaugarri horreek batzeko asmoz.

Bilboko Arte Eder Museoak, bestalde, zaharbarritze programeagaz segiduko dau. Datorren astean bertan, Durrioren iturria desmontauko dabe. María José Ruiz-Ozaitak azaldu dauenez, uraren kanalizazinorako barruko mekanismoak huts egin dau eta konpondu egingo dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa