Bihar edo etzikoa gogoan bizi dira Txinan

Zigor Aldama 2017-06-12 14:16   Bidaide

Errealidadea gogaikarria da, dino barreka Dong-ek. Zeozertxu erantsi behar deutsagu interesgarria izan daiten, hortxe dago Pokémon Go jokoa.

Errealidade birtuala, erantsia, adimen artifiziala, robotikea, gidari bako ibilgailuak eta interneti esker alkarren artean konektauko diran makinatxu bat gailu adimendun. Emoten dau bihar etzi gizakia izango dala soberan egongo dan gauza bakarra. Zorionez, CES Asiaren zabaltze ekitaldian aurkeztutako barrikuntzak gorabehera, CES Las Vegaseko teknologia ferian, makinak personen beharrizanetarako erabiliko dira oraingoz, baina ez beti orain arte pentsau izan dogun moduan.

Berbarako, XSleep etxearen ohe adimendunak hamarnaka sensore daukaz koltxoian eta burukoan lo dagoan bitartean erabiltzailearen portaerea aztertzeko. Datu guztiak aztertu eta erabiltzailearen loaren kalidadea eskuko telefonoan bertan dagoan formularioan deskribiduteko eskatu ostean, enpresea interneteko lainoan eten barik eguneratzen joango dan aplikazinoak eredu edo patroi medikuak kontuan hartuta, loa zergaitik ez dan gozatsua zehaztuko dau. Diagnostikoa aplikazinoan bertan agertuko jako baina, lo dagoala, erabiltzaileak gauza handirik ezin egin leikenez, koltxoiak mobimentu txikiak egingo ditu gauan deskantsua eragozten deutsen kokatze edo jarrerak zuzendu edo aldatzeko.

Cowa Robot etxearen helburua antzekoa da, ez gaitezala larregi kantsau, hain zuzen be. Bidaian goazenean, gitxitan ikutu beharreko maletatxua da; S1 izenekoa jaubearen atzetik joaten da beti maskotearen antzera eta bideko traba guztiei oso erraz aurre egiteko kapaz da. Eskulekuan sensoreak ditu: kamera bat, hurrentasun sensorea, sonarra, azelerometroa eta GPS gailua; horreekaz danakaz ez dago galtzerik edo eskilaretatik jausterik, edonon itxita be, erraz jakingo dogu non dagoan edota eskuko telefonoa erabiliz abisua emon eta gure bila etortea. Sei errubera ditu eta horreetatik bi monotorizauta dagoz eta eskulekua ikutzen ez dogunean baino ez dira erabiliko. Hogei kilometroko autonomia dauka eta 7,2 kilometro orduko azkartasuna. Beraz, aireportuan batera eta bestera korrika ibili arren, gure atzetik etorriko da adierazo dau Shi Yan-ek, aitatu Txinako enpresa horretako komunikazino arduradunak. Hori bai, maletea ez da bape merkea, Asian 4.999 yuan (660 euroan) dago salgai eta 33 litroko lekua eta 5 kiloko pisua ditu. Lau USB ate ditu eta osorik kargetako bost ordu baino gitxiago behar dituan 24.900 mAh-ko bateria.

Laster R1 izenekoa merkaturatuko dogu eta asmoa pisu gitxiagoko eta autonomia gehiagoko gailuak egiten jarraitzea da; baina Yan-ek ez daki eskuko maletatzat hartu ahal izango diran, ze AEBetako gobernuko Donald Trump-ek eskuko telefonoak baino ez ditu gura hegazkinetan.

Duda barik, eskuko telefono adimenduna da eta izango da gure bizitzetako urruneko aginte-tresnea; CES Asian ugari dabizan dronak erabilteko balio dau eta gure etxeetan zein aisialdian, urpeko ugerraldiak zein hamarnaka metroko sakonerako ibilerak hartzeko balioko dau; ganera, gero eta indar handiagoa hartzen dagoan errealidade birtualaren munduan sartzeko be balioko deusku.

Halan da be, H+ Technology-ko gazteek ez dabe gura bihar etzi gure eskuko telefonoak arpegi-arpegian erabilterik; horretarako, bideojokoen etorkizun paraleloa sortu dabe, hau da, Holus consola holografikoa. 4K bereizmeneko lau pantaila dituan piramidea da eta bideojoku tradizionaletan legez, holograma oso errealistakakaz olgauko dogu. Piramidea kristalezkoa danez, lau jokalarirentzako lekua dago, alde banatan bi eta dibertigarriena da danak danen arpegiak ikusi leikiezala da, azaldu dau Dong Zhe, enpresako buruaren aholkulariak. Benetan, harrigarria da hologramen kalidadea, objektu errealak emoten dabe. Oraingoz, enpreseak prototipo honetarako hiru joko diseinau ditu baina asmoa da eskuko edozein gailutan erabili daitekeen dimensino edo neurri biko edozein joko makineak holograma bihurtzea. Holus hezkuntzan be erabili daitekela pentsetan dogu eta asno interesgarria izan daiteke Power Point arruntagaz ez eze, aurkezpen aberatsagoak eta zehatzagoak gura dituen enpresetarako be, adierazo dau Dong-ek.

Izan be, Txinako hezkuntza arloan oso azkar dabiz teknologia barrikuntza guztiak sartzen eta, esangura horretan, Avatar Mind etxeak Txinako gurasoen obesino bihurtu dan seme-alaben trebakuntzeari ez eze, seme-alabak eten barik jagoteko helburuari be erantzuna emon deutsie. Ipal Robot etxeak umeen lagun, maisu-maistra eta ume-jagolea sortu gura dau. Gizarte mailako robota, adierazo dau Li Weiming-ek; Umeen bakardadeari aurre egiteko be balioko dau, alkarreragina sortuko da eta ikasi bakarrik ez, olgau be egingo dabe ukimen-pantailea eta kamarea be badituen makineagaz. Eskuko telefonoa erabilita urrunetik be konrolau ahal izango da, erruberadun oinaldea dauka eta emozinoak ezagutu eta emergentzia kasuetan gurasoei mezu bat bialtzeko gaitasuna. Laster edadekoentzako bat be izango dogu, aurreratu dau Li-k.

CES Asian lanean eragingarritasuna hobetzeko gailuak be badagoz eta, horren erausgarri, Shadow Creator-ek sortutako errealidade erantsiko betaurrekoak dagoz; enpresearen asmoa da objektu errealakaz ibiltea oso karua dan kasuetan, teknikuen trebakuntzan erabiltea; berbarako, hegazkigintzan. Ez da erraza behargin bat erreakzino-motorraren barruan sartzea edozein konponketa egiteko baina gure betaurrekoakaz hiru dimensino edo neurritan agertuko jako aurrean. Ez da osogai errealakaz behar egiten baina denporea eta dirau aurrezten dira adierazo dau Huang Shenyu, enpresako salmenta arduradunak. Orain medikuntzan sartzeko pausuak emoten gabiz, errealidade erantsiak zeresan handia izan leikelako gure eretxiz.

Argi dagoana da gure begiekaz ikusten dogun errealidadea azken fasean dagoala. Enpresa guztietan dabiz berezitasunaren bila, gure ibilgailuaren datuak haizetakoan agertzea, PilotHUD-ren bigarren belaunaldiak gerra-hegazkinen teknologia erabiliz egindako Futurus erruberak zein bideojokoen multinazionalek sortzen dituen mundu harrigarriak. Errealidadea gogaikarria da, dino barreka Dong-ek. Zeozertxu erantsi behar deutsagu interesgarria izan daiten, hortxe dago Pokémon Go jokoa.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa