Bilboko Udalak eta Euskaltzaindiak hitzarmena barriztau dabe

Dabi Piedra 2017-06-05 13:10   Euskerea berbagai

Urian euskerearen transmisinoa, erabilerea eta kalidadea bultzatzea da akordioaren ardatza.

Andres Urrutia eta Juan Mari Aburto, hitzarmena sinatzeko ekitaldian (argazkia: Bilboko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak sinatu dabe goizeon erakunde bien arteko hitzarmena. 2008tik alkarlanean dabiz Udala eta Euskaltzaindia eta, orain arte jasotako frutuak gogoan, hitzarmena luzatzea erabagi dabe. Bilbok eta euskereak alkarren eskutik joan behar dabe, adierazo dau Aburtok.

Erakunde bien alkarlanaren oinarria hirukotxa izango da: Batetik, euskerearen transmisinoa bermatu nahi dabe Bilbon. Bestetik, kalean euskerea gehiago erabili daiten ahaleginduko dira. Azkenik, euskerearen kalidadea hobetzea be bada asmoa. Horrezaz gan, Juan Mari Aburtok zehaztu dauenez, urian euskal kultureari bultzadea emongo deutsie sinatzaile biek alkarlanean.

Euskerea bultzatzeko asmoz, azken urteotan Bilboko Udalak pausu esanguratsuak egin dituala azaldu dau Aburtok. Esate baterako, Euskerearen Aholku Batzordea sortu dabe. Baina lanean segidu behar da eta, horretarako, Euskaltzaindiari laguntzinoa eskatuko deutsagu, ganeratu dau alkateak. Euskerea Bilboko hizkuntza nagusia izatea nahi dot, urian euskerea normalizauta egotea eta hizkuntza eskubideak betetea.

Andres Urrutiak, bere partetik, Akademiak Bilbogaz beti izan dauen hartu-emona gogoratu dau: Euskaltzaindiak Bilbotik zabaldu dau bere lana, hemen ondo finkatuta gagoz. Zeregin horretan Bilboko Udala konplize izan dabela nabarmendu dau euskaltzainburuak. Aurrerantzean be alkarregaz lan egiteko gogoa agertu eta datorren urtean Euskaltzaindiaren mendeurrena ospatzen hasiko dirala aitatu dau.

Bilboko Udalaren eta Euskaltzaindiaren arteko hitzarmen barriak sei alderdi nagusi jorratuko ditu:

- Euskaltzaindiak Bilboko Udalari laguntzinoa eta aholkua emongo deutsoz euskerearen normalizazinoan eta garapenean, hizkuntzeari berari jagokonez zein berau gizarteratzeko orduan.

- Bilbogaz loturea izan daben persona esanguratsuen bibliografiak argitaratzeko ahalegina egingo dau Akademiak. Esaterako, aurten Xabier Kintana euskaltzain osoaren bibliografia lantzen hasiko da.

- Euskaltzaindiak, Udalagaz lankidetzan, euskerea eta euskal kulturea zabaltzeko jarduerak antolatuko ditu udagoienean, eta aurrerantzean urterokoa izango da programazino hori. Berbaldiak, kantaldiak, erakusketak eta abar egongo dira.

- Euskaltzaindiaren egoitzako zerbitzu orokorretan, herritarrek informazinoa eskatu ahal izango dabe.

- Kulturea zabaltzeko ekimenak antolatu ahal izan daitezan, Akademiak Bilboko Plaza Barrian daukan egoitzako zerbitzuak eta azpiegiturak eskainiko ditu.

- Hizkuntzearen inguruko aholkularitzea eskainiko deutse Euskaltzaindiak Udaleko sailei.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu