Ane Undurraga: 'Niretzat artea beharrizana da eta ogibide bihurtu dot'

Dabi Piedra 2017-05-29 11:31   Barriketan

Artistea eta AUA galeriaren sortzailea.

Sen artistikoa betikoa dau Ane Undurragak, baina orain bere bizitzearen erdigune bihurtu dau. Komunikabideetan eta antropologian egin dituan lanak atzean itxi eta AUA galeria zabaldu dau Bilboko Gorte kalean. Alde batetik, bere sorkuntzak erakusten ditu bertan, esaterako Txakur ametsetak bildumako piezak. Ganera, beste artista batzuen erakusketak antolatzen ditu. Orain Samba Sy senegaldarraren ilargi-maskarak ditu ikusgai.

Martian zabaldu eban AUA eta hasikerako asteetan lan handia egin behar izan dauen arren, badirudi martxea hartzen hasi dala. Izan be, apustu sendoa egin dau Undurragak, badakialako gaur egun artetik bizitea gatxa dala. Baina berarentzat artea barru-barrutik jatorkon beharrizana da.

 

1.- Ikus-entzunezkoetan eta antropologian ibili zinan lehenago eta orain artearen mundura pasau zara. Zer dala eta aldaketa hori?

Nire bizitzeari lotutako aldaketea izan da, beharrak eroan nau honetara. Txikitatik arteari lotuta egon naz, nire familia guztia be artearen inguruan ibili da beti. Esaterako, nire aititak marrazten segiduten dau, 96 urtegaz, izekoa be margolaria dot... arte giroan hazi naz. Ogibidea erabagiteko orduan, ostera, eten moduko bat euki neban, ez nintzan kontziente artea nahi nebala egin, barru-barruan eroan arren. Ze ni txikitatik ibili naz marrazten eta sortzen. Orduan, komunikazinoaren bidea zabaldu neban, azken finean letrak be asko gustetan jataz. Hamar urte egon naz alor horretan, irratian, prentsan eta telebistan, oso polita izan da.

Baina barruan beti euki dot ezinegon bat, neure lekua edo esentzia artean dagoala sentiduten dot. Orain dala bost urte, Ines Medina izeneko artista plastiko bategaz hasi nintzan ikastaro batzuetan, Igorren. Nire berezko sortze prozesua ezagutzen lagundu eustan eta beragaz ikasitakoari esker erabagi dot arte galeria montetea. Hor artea, antropologia eta komunikazinoa buztartu dodaz.


2.- AUA izena ipini deutsazu galeriari, zure izenaren hasikerako letrakaz (Ane Undurraga Arriaga). Ze ezaugarri ditu?

Galeria barritzailea da, ez da klasikoa. Hau da, erakusketa estatiko bat ipini eta amaitu arte ezer ez aldatu, hori ez dot egingo. AUA galeria multidisziplinarra da, eskulturea, pinturea, sormen prozesuen emoitzak eta abar erakutsiko dodaz. Ganera, erakusketak martxan dagozan artean, ekintza osogarriak antolatuko dodaz. Esaterako, orain Afrikako ilargi-maskaren erakusketea dago ikusgai eta lau jarduera paralelo egongo dira, ilargia heldulekutzat hartuta. Adibidez, ramadanaz egingo deusku berba Bizkaiko komunidade senegaldarrak, ilargiagaz lotutako hila dalako. Gero, beste sortzaile batek ilargi-atmosferea sortuko dau. Amaitzeko, ilargi formako pastak preparauko doguz.


3.- Ilargi-maskaren erakusketea ikusgai, beraz, egunotan AUAn. Zelakoa da hori?

Samba Sy artista senegaldarrak egin ditu maskarak. Berak ezin izan dau etorri Bilbora, traba burokratikoak dirala eta. Berak egindako bost maskara dira, Boli Kostako baoule etnian egiten diran modukoak. Artistea Senegalgoa da, baina maskaren estilo hau Boli Kostatik hartu dau. Bagilaren 25era arte egongo da erakusketea.


4.- Zelako artistak eta sorkuntzak ekarri nahi dozuz AUAra?

Balore barriak aportauko dituen artistak bilatuko dodaz. Eta ez artistak bakarrik, sorkuntzan dabilen edonor. Ze, gaur egun, formazinoz artistea izan barik, arteari aportazinoa egiten deutsan jente asko dago. Emakumeen ahotsa be garrantzitsua da, baita Afrika be. Horregaitik, irailerako, Euskal Herrian bizi dan artista senegaldar baten erakusketea atontzen nabil. Beraz, kolektibo bi, emakumea eta Afrika, edo zabalago esanda, gizarteari zeozer aportetako daukien artistak. Ganera, sortzaileen familia bat ezagutzen dot eta eurek be euren gauzak ipiniko ditue galerian, nik ipinten dodanagaz paraleloan.


5.- Zeu be sortzailea zara, zelakoa da zure artea?

Niretzat artea esentziala da, neure buruagaz berba egiteko modua da, neure burua ezagutzen laguntzen deust. Ezagupen prozesu horretan, koadroak eta opari sortzaileak egiten dodaz. Nire barrua, parte espirituala lantzen dot, ikuspegi metafisikoa, baita espresionismo abstraktua be. Emozinoak adierazoteko da espresionismo abstraktua, lehenengo pausu baten modukoa. Bigarren pausua mentalagoa da, eta ikuspegi horretan metafisikea sartuko litzateke. Plano emozionala eta espirituala jorratzen dodaz, beraz. Marrazteko teknikeari jagokonez, teknika ugari erabilten dodaz. Olioak asko egiten dodaz, akrilikoak be bai. Akuarelan be zeozer egiten dot, eta lantzean behin pastelak eta halakoak.


6.- Txakur ametsetak izeneko proiektua be badaukazu. Zer lantzen dozu hor?

Galeria sortu aurretik, ekintzailetzan ipini neban lehenengo harria izan zan hori. Oraindino sormen prozesu guztia ez neban ezagutzen, baina idea bat baneukan: arte plastikoa eta literaturea buztartzea, sormenezko opariak egiteko. Katiluak, poltsoak eta abar egiten dodaz. 2015ean hasi nintzanean, nire izeko Ana Undurragak egiten eustazan akuarelazko irudiak, bera margolaria dalako. Nik testua ipinten neban. Holan hasi zan Txakur ametsetak bildumea. Gaur egun, bildumea hazten doa, eta akuarelak be neuk egiten dodaz orain. Proiektu honen beste alderdi bat da artea gizarteratzea eta personakan pentsetea. Hamar euroan hasita, piezatxuak erosi leitekez, esaterako katiluak eta poltsoak. Zeozer berezia bilatzen dauenak, artea opari bihurtuta topauko dau.


7.- Garbi dago arteak eta sormenak asko emoten deutsula zuri. Zuk artearen bidez zer emon nahi deutsazu jenteari?

Nire obreak ikuspegi afektiboaz egiten dau berba batez be. Argi askoko obrak dira, harmonia erakusten dabe. Ze nik ikuspegi positibo batetik ikusten dot bizitzea, eta gizarteari emon nahi deutsat ikuspegi hori. Gerratik, gatazkatik, tirabiratik harago joan nahi dot.


8.- Artetik bizimodua ateratzea ez da erraza, apustu sendoa egin dozu.

Bai, sendoa baino arriskutsua esango neuke. Gauzak eginda emoten deuskuezenean, alderdi asko ez doguz behar dan moduan baloretan. Bizimodu errazago eta planifikaduago baten bizi izateko hezi gaitue, baina nik baneukan kontzientzia artearen inguruan eta horregaitik egin neban pausua. Nire helburua pozik bizitzea da, ordu asko nabil lan egiten, hasikerako hileok ez dira errazak, baina ilusinoari eusten deutsat, nik artea behar dot, eta ogibide bihurtu dot. Asko arriskatu dot, baina egia da familiaren babes izugarria dodala. Nire amesa egia bihurtzen nabil.


9.- Gorte kalean zabaldu dozu AUA. Arteagaz lotutako ingurua da hori, badagoz beste galeria batzuk, horma-irudiak... nahita aukeratu zenduan lokal hori?

Ba, egia esan, ez. Nik sormena ikusteko daukadan moduari lekua egiteko espazio bat zabalduko nebala banekian, baina ez nekian non. Bizkaian izango zala garbi neukan, bizkaitarra nazelako, eta zer hoberik uriburua baino. Ekintzaletzea eta sormena buztartzeko, Gorte eta inguruetako zonaldea bultzatzen dabil Bilboko Udala, Bilbo Zaharra bizibarritzeko. Orduan, han lokalak bilatzen hasi nintzan eta hau topau nebanean izugarri gustau jatan.


10.- Aurretik komunikazinoan eta antropologian ibilita zagoz. Horreek alorrak guztiz itxita daukazuz?

Nik uste dot antropologia eta komunikazinoa oso lotuta dagozala galeriagaz. Azken baten, erakusketa baten atzean dagoan lan guztia komunikazinoa da eta, nire kasuan, antropologia be bai. Afrikako maskaren erakusketa hori, esaterako, antropologiako gaia da bete-betean. Ikerketea egin behar izan dot, Afrikara joan naz hangoa ezagutzeko... eten barik nabil neure espaziotik antropologia, artea eta komunikazinoa buztartzen. Horrezaz gan, kolaborazino batzuk egiten segitzen dot dokumental batzuetan.


11.- Antropologia eta Afrika aitatu dozuz. Baina zure antropologo sasoian liburu bi itzuli zenduzan eta bietan Euskal Herriko gaiak landu: Islandiako baleazaleak eta Gernikako bonbardaketea.

Bai, azken finean, euskalduna naz eta euskal kulturea beste edozein baino gehiago sentiduten dot. Liburu horreek biak itzultzeko aukerea izan neban. Apirilean 80 urte bete dira Gernikako bonbardaketatik eta liburua aurkeztu neban orduan. Islandian euskal baleazale batzuen kontrako erasoa egon zan orain dala 400 urte, eta horri buruzkoa da bestea. Antropologiako lanak dira biak, baina kazetaritzakoak be bai, ze bonbardaketatik bizirik urten ebenen lekukotzak itzultzen ibili nintzan.

Afrikara be asko begiratzen dot, txikitatik gustau jatan kontinentea da, alderdi artistiko, humanistiko zein kulturaletik. Bidaia dezente egin dodaz hara. Ipar Afrika osoa eta Senegal eta Gambia ezagutzen dodaz. Nire esentzia artistikoa Afrikan dagoala esaten dot batzuetan.


12.- Beste jarduera profesional batzuk probau eta gero, artearen munduan zagoz orain, galeria baten arduradun. Aldaketa gehiago espero dozuz zure ibilbidean ala pausu hau da behin betikoa?

Nik uste dot artea iturri agortezina dala, puntu batera heldu eta horrek hurrengoagaz konektetan zaitu. Azkenean, proiektu hau atxakia baino ez da nire ikuspegia landu eta gizarteratzeko, artea zelan bizi dodan erakusteko. Momentu honetan barruak eskatu deustana da hau, baina etorkizunean proiektu gehiago etorriko dirala seguru nago. Galeriatik harago, munduari zabalik nago, munduko kulturak asko gustetan jataz eta bidaiatzea be bai. Orduan, ez dot uste galeria honetan lan eginaz jubilauko nazanik. Nire bizitzan eta ibilbidean disfrutetan nabilen prozesu bat da hau, ondoren zer egingo dodan ez dakit. Hori bai, espero dot AUA galeria ogibide bihurtu ahal izatea, baina estatikotasun barik, estatikotasunak artea mugatzen dauelako.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa