Koldo Zuazo: ‘Herri bakotxean erabilten dan berbetea jagon, landu eta babestu behar da’

Ainhoa Lores 2017-05-22 08:24   Barriketan

Hizkuntzalaria eta EHUko irakaslea.

Lan sakon baten ostean dator eibartarrak plazaratu barri dauen Mendebaleko euskara (Elkar). Liburu zehatz eta dibulgatibo honetan Araba, Bizkaia, Deba ibarra, Urolaldea, Goierri eta Burundako berbakerea erakusten dau. Urteak daroaz euskerea eta batez be euskalkiak ikertzen. Euskal Herriko eskualde desbardinetan denporaldiak emon ditu bertako dialektoak aztertzen. Berak zabaldu eban bizkaierea Arabatik datorren hipotesia. 1998an euskerearen dialektoen mapa gaurkotua aurkeztu eban eta igaz, Euskalkiak.eus webgunea be martxan jarri eban.


1.- Mendebaldeko euskerearen ezaugarri orokorrak zehaztasunez erakutsi dozuzala aitatzen dozu liburuan. Zelan?

Liburuak zati bi ditu. Bata gramatikea da eta bestea hiztegia. Gramatikako zatiak hiru atal ditu. Lehenengoan mendebaleko euskerearen ezaugarri orokorrak erakutsi dodaz; bigarrenean, azpieuskalki bienak eta, hirugarrenean, gaur egun ikusten dodazan zazpi hizkera edo berbetenak. Bakotxaren fonologia, morfologia eta sintaxi gertakariak aurkeztu dodaz.


2.- Nori zuzendutako liburua da Mendebaleko euskara?

Era honetako liburu bat irakurteko, hizkuntzea gustau eta interesau egin behar da, baina baldintza hori bete ezkero, edozeinek irakurteko modukoa dala esango neuke. Ez dago teknizismo askorik.


3.- Hiztegi txikia zelan osotu dozu?

Hiztegia ez da hain txikia. 678 sarrera ditu eta 54 azpisarrera. Hiztegia da, hain zuzen, buruhauste gehien emon deustana, berba bakotxaren eremua zehaztu nahi izan dodalako. Hasteko, 900 berba inguruko zerrendea osotu neban eta mendebalde osoko 18 herritan egin neban galdeketea: Urduliz, Fruiz, Mungia, Leioa, Zeberio, Orozko, Dima, Otxandio, Elorrio, Aramaio, Eskoriatza, Bergara, Mallabia, Mutriku, Ondarroa, Lekeitio, Kortezubi eta Muruetan. Galdeketa horren emoitzak ikusita, berba batzuk mendebalean, beste batzuk ekialdean, beste batzuk herri gitxi batzuetan… erabilten zirala konturatu nintzan eta, ondoren, galdetegi txikiagoak atondu, eta eskualderik eskualde ibili nintzan galdezka: Lea-Artibain, Durangaldean, Nerbioi ibarrean, Deba ibarrean… Mendebaleko euskalki osoan erabilten ziran berbakaz beste galdetegi bat osotu eta Urolaldean, Goierrin eta Burundan, Altsasu aldean, erabili neban. Holan lortu dot berba bakotxak zer eremu daukan jakitea.


4.- 100 mapa inguru be jasoten ditu liburuak. Lan nekeza baina ezinbesteko elementuak dirala dinozu. Zer erakusten dabe?

95 mapa dagoz eta beste horrenbeste hizkuntza ezaugarriren siluetea erakusten dabe. Gauzea da mapak oso argigarriak dirala: begiratu bategaz ikusten da gertakari batek zer zabalera daukan. Baina mapak ez dira egiten gitxi gorabehera. Eskualderik eskualde eta herririk herri ibili behar izaten da galdetzen eta egiaztatzen. Uste dan baino behar handiagoa dago mapa bakotxaren atzean.


5.- Azpieuskalkiei be erreferentzia egiten deutsazu liburuan; lehenengo aldia da horren lan sakona egin dana mendebaldeko hizkeren ganean?

Azpieuskalki biak eta zazpi hizkerak aurkeztu dodaz eta, bai, orain arte ez egoan horren ganeko albiste askorik. Bonapartek 19. mendean azpieuskalkiak eta hizkerak egoazala esan bai, baina ez zituan euren ezaugarriak zehaztu.


6.- Euskalkien egoerea nahiko txarra dala dinozu, Zer gertatzen dabil?

Ez dira aintzakotzat hartzen. Nire eretxian ondo dago euskera batua, beharbada ondo egongo da bizkaiera batua, baina herri bakotxean erabilten dan berbetea jagon, landu eta babestu behar da. Bizkaian ez dot uste hori ondo egiten danik: oso euskaldunak diran herriak alde batera itxita, ganerakoetan euskerea ez dago sendo. Jenteak berba egiten dauenean, euskera batua, bizkaiera batua, herriko berbetea, erderea, danak nahasten ditu eta holako nahasketak ez dira izaten inoren gustuko: ez entzuteko, ez egiteko.


7.- Uribe Kostako azpieuskalkia be aitatzen dozu liburuan. Bertako berbakerea egoera ahulean dago, baina era berean, gero eta jente gehiago entzuten da batuan berba egiten. Euskal Herriko beste eskualde batzuetan be zabaldu dan fenomenoa dala esan daiteke. Zelan erakarri jentea, euren herriko hizkerea kontuan hartu daien?

Norbere etxeko berbetea, norbere herrikoa, norbere nortasunaren osogaia dira. Hori kendu eta horren ordez batua sartzen bada, jentea deserrotu egiten da. Jentearen buruan beste ikuspegi bat zabaltzea komenidu da: bai batua eta bai bere herriko berbetea biak dirala onak, eta biak jakitea eta erabiltea komenidu dala, baina bakotxa bere esparruan. Euskera batua Euskal Herri osoko lagunakaz egiteko da; herriko berbetea, barriz, norbere ingurukoekaz erabilteko.


8.- Liburuak aurretik plazaratu ez dozuzan barrikuntzak be badakarz. Zeintzuk?

28 urte luze behar izan dodaz liburua egiteko. Bidea zatika egin dot: lehenengo Arabako euskerea aztertu neban, gero Burundakoa, gero Deba ibarrekoa, ondoren etorri zan Uribe Kosta-Mungialdea-Txorierrikoa eta, azkenean, zatiak bata besteagaz lotu eta euskalkiaren ikuspegi osoa erakutsi dot.


9.- Esan lei Mendebaleko euskara liburuak etapa bat zarratzen dauela ala eremu hau ikertzen jarraituko dozu?

Bost euskalki ikusten dodaz gaur egun eta beste laurak erakustea nahiko neuke. Orain Nafarroan eta Lapurdin nabil beharrean.


10.- Liburuan azaltzen dozunaren arabera, 1989an Arabako euskera zaharra aztertzen hasi zinan. Zelan konturatu zinan mendebaldeko euskalkia bertatik datorrela eta ez Bizkaitik?

Deba ibarreko euskerea aztertzerakoan etorri jatan susmo hori. Ibar horretako hegoaldeko berbetak bizkaitarragoak ziran iparraldekoak baino; hau da, Oñati, Gatzaga edo Eskoriatzako berbetak bizkaitarragoak, Elgeta, Eibar eta Elgoibarkoak baino eta, zer da kontua, eta Elgoibarrek, Eibarrek eta Elgetak Bizkaiagaz mugea egiten dabe eta Oñatik, Gatzagak eta Eskoriatzak ez. Ganera, hegoaldeko horreek herriok ez dira Bizkaira begira egon, Gasteizera baino. Holan jarri nintzan ni be Arabara begira. Gero, Nafarroako mendebaleko ibar batzuetako euskerea ezagutu nebanean, Burunda, Ameskoa eta Lana, euskalkiaren sorlekua nahitaez Gasteiz izan behar ebala ikusi neban.


11.- Zergatik hasi zinan Arabako euskera zaharra aztertzen?

1989an hasi nintzan Gasteizen beharrean eta hango euskera zaharra zelakoa zan jakiteko gogoa piztu jatan. Euskal Herriaren hegoaldeko ertzean egonda, eta gaztelaniagaz hartu-emonean, pentsau neban interesantea izango zala. Eta hala gertatu da.


12.- Ingurukoek zelan hartu eben zure teoria barritzailea?

Ondo sustraituta dagoen eretxi baten aurka egiten dozunean, gitxitan ikusten da begi onez. Ganera, mendebaleko euskalkia Gasteiz aldean sortu zala esateagaz batera, beste jazoera bat be ekarri neban gogora: gaur egungo euskalkiak ez dirala antxinako leinuak (karistioak, barduliarrak, baskoiak, akitaniarrak) egiten zituenak, askoz barriagoak baino, Erdi Aroan sortutakoak. Mitxelenak aspaldi esan eban hori, baina jenteak ez eutson jaramon handirik egin.


13.- Denporeagaz, badirudi jenteak onartu dauela Mendebaleko euskerearen jatorria Araban egon leiteken hipotesia. Zelan lortu dozu eretxia aldatzea?

Esango neuke berez gertatu dala. Hain da begi bistakoa! Behinik behin, gaur egun dakiguna kontuan hartuta, horixe da gauzarik zentzuzkoena. Ikusiko dogu etorkizunak zer ekarten dauen.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzunak

ROBERTO 2017-05-25 15:05 Erantzuna | #1

Euskaldunen eta erdaldunen artean glotofagia dan modu berean dago glotofagia bizkaieradunen eta batuadunen artean. Neuk Ondarroa ezagutzen dot eta horixe da neure abiapuntua. Glotofagia horren sustraiak botere-antolaketari dagoz loturik, eta boterea poliedro bat da, arpegi askokoa, sozio-ekonomikoa, sozio-kulturala, sozio-linguistikoa. Glotofagia amaitzeko gauza asko irauli behar dira, baina ez dogu gura. Koldo Zuazori inoiz kontraesan horretan harrapauta, urtuta, kateatuta ikusi dot eta dakust: zelan askatu bizkaieradunok euzko nazionalismoa nasugi dala? Ezin.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa