José Antonio Rodríguez Ranz: 'Gizartearen kezkak mahai ganean ipintea da Hermesen norabidea'

Dabi Piedra 2017-05-15 08:14   Barriketan

Hermes aldizkariko zuzendaria.

Ehun urte bete barri dira Hermes pentsamendu aldizkariaren lehenengo alea kioskoetara heldu zanetik. Euskal Herrian aldaketa garaia zan 1917koa, lehenengo aldiz abertzaleek eskuratu eben Bizkaiko Diputazinoko agintaritzea. Aldizkariaren eta abertzaleen lorpenaren mendeurrena, biak gogoan hartu ditu Hermesen 55. zenbakiak. Ale berezi horretan, politikearen lehen lerroko kargudunen eretxia zein adituen analisia datoz.

José Antonio Rodríguez Ranz da Hermeseko zuzendaria gaur egun. Izatez, aldizkari bi dira 1917koa eta oraingoa: 1922ra arte plazaratu zan Hermes aitzindaria eta, 2001ean, Sabino Arana Fundazinoaren babespean pentsamenduari eta historiari eskainitako aldizkari bat sortu zanean, izena berreskuratzea erabagi zan.

 

1.- Hermes aldizkariaren lehenengo aleak 1917tik 1922ra argitaratu ziran. Etenaldiaren ostean, 2001ean barriro hasi zan martxan. Zergaitik erabagi zan Gerra aurreko izenari eta izakereari eustea?

Ni momentu haretan ez nintzan Hermeseko zuzendaria, gero sartu nintzan, baina esango neuke, batez be, keinu bat egiteko asmoa egoala hor. 1917an plazaratutako lehenengo Hermes hari keinua egin nahi izan jakon. 1922ra arteko Hermes historikoak ekarpen nagusi bi egin zituala esango neuke. Batetik, barritzailea izan zala eta, bestetik, begirada edegia eukala. 2001ean, hain zuzen, horreek ezaugarri biak azpimarratu nahi izan zirala uste dot.


2.- Hermes gogo barritzaileagaz sortu zan 1917an. Europan eta Euskal Herrian be barritasun asko egon ziran sasoi haretan, ezta?

Bai, aldaketea egon zan gizarteko alor guztietan: Esaterako, Lehen Mundu Gerreak euskal ekonomiaren garapenerako aukerea edegi eban. Kulturan be aldaketak izan ziran, ordukoak dira Eusko Ikaskuntza, Euskaltzaindia... kulturearen loraldi horretan sartu behar dogu, nik uste, Hermesen sorrerea.


3.- Ganera, Bizkaiko Diputazinoko agintaritzara heldu ziran, lehenengoz, abertzaleak. Aldeko haizea eukan Hermesen erako proiektu batek.

Bai, ez dot uste Bizkaiko Diputazinoaren kontu horren eta Hermesen sorrerearen artean lotura zuzenik egon zanik, baina giro politiko horrek, duda barik, eragina izan eban. Hermes ez da, dana dala, abertzaletasun ortodoxotik sortutako aldizkaria, ez zan alderdiaren, sasoi haretako Comunion Nacionalista Vascaren, organua. Abertzaletasunaren unibersoan sortutako aldizkari kultural bat zan, baina oso edegia, heterodoxiatik egina.


4.- Zelako gaiak lantzen ziran Hermes historiko haretan?

Batez be, kulturea lantzen eban. Ospe handia izan eban, izen handiko kolaboratzaileak eukazalako eta jorratzen zituan gaiakaitik. Olerkiari garrantzia emoten jakon, musikeari be bai... Kulturea hizki larriakaz egiten eban Hermesek.


5.- Zergaitik desagertu zan 1922an?

Arrazoi bat baino gehiago egongo zan. Baina, aitatu behar da, bere eragile eta bultzatzaile nagusia Jesus de Sarria izan zala, euskal jatorriko kubatarra. 1922an bere buruaz beste egin eban. Ez dago ulertzerik Hermes aldizkaria Jesus de Sarriaren ekarpen barik.


6.- Orduko Hermes aldizkari abertzalea baina heterodoxoa zan, eta kulturea eban ardatz. Gaur egungo Hermesen ezaugarri dira horreek oraindino?

Gure leloak dino pentsamendu eta historia aldizkaria garela. Orduan, ahalegintzen gara horreek elementu biak batzen, begirada edegiagaz. Iragana, oraina eta etorkizuna lotu nahian gabiz, horixe da gure eremua.


7.- Zuen kolaboratzaileak abertzaleak izaten dira beti, ala bestelako ikuspuntuei be lekua egiten deutsazue?

Ez dira danak abertzaleak, ezta gitxiago be. Gure aldizkaria abertzaletasunaren unibersoaren barruan sortutako aldizkaria da, pentsamenduari eta historiari emona. Eta orain arte argitaratu doguzan 55 zenbakiak errepasau ezkero, 500 kolaboratzaile baino gehiago izan doguz. Jakina, danak ez dira abertzaleak.

Egia da 55. zenbakian, orain atera dogun honetan, EAJ-ren inguruko izen asko dagozala. 100 urte bete dira lehenengo diputazino abertzalea osotu zala eta, horregaitik, abertzaletasunaren erronken inguruko gogoetea egin dogu. Gogoeta hori barrutik begiratuta egin nahi izan dogu, erantzunkizun instituzionala eta politikoa daukien personen bidez. Lehendakaria, lehendakari ohiak, Legebiltzarreko presidentea, ahaldun nagusiak, alkateak eta abar dagoz eretxi emoileen artean. Bestetik, euskal abertzaletasunaren inguruko gogoetea egin daben adituek be idatzi dabe eta, hor, abertzaleak dagoz, eta abertzaleak ez diranak be bai.


8.- Goi agintari ugariren eretxia batu dozue: Lehendakariak, ahaldun nagusiak eta abar. Juan Mari Atutxa Sabino Arana Fundazinoko presidenteak esan eban, gatxa dala aldizkari bakarrean horrenbeste izen esanguratsu alkartzea. Ahalegin berezia egin dozue ale honetan.

Ilusino handia geunkan ale honegaz, egia da. Geure buruari erronka bat ipini geuntsan: begitu deiotsagun etorkizunari,  baina abiapuntua orain dala ehun urtekoan ipinita. Baldintza horreekaz egin daigun gogoetea. Orrialde gitxitan batu nahi izan dogu hori, erraz irakurten dan alea da 55. hau. 29 ekarpen dira eta, ondorio orokorra da, etorkizuna edegia dala.


9.- Ale honen aurkezpenean adierazo zenduan etorkizunerako profeziarik ez zenduela egin nahi.

29 kolaboratzaileen artean, bakotxak bere gogoetea egin dau, bere ekarpena, eta batuketa horretan sortzen da etorkizunari edegita egoteko jarrera hori.


10.- Hermesek politika, gizarte eta historia gaiak sakon aztertzen ditu, adituen ikuspuntua eta politikariena buztartuta. Patxadaz irakurteko moduko aldizkariok be beharrezkoak dira, dana arin eta bizkor nahi dauen gizarte honetan?

Nik beti esaten dot Hermesen zeregina dala, arduratzen gaituen gaiak lantzea, euskaldunentzat garrantzitsuak diran gaiak jorratzen doguz. Urteotan aitatu doguz pake prozesua, berradiskidetzea, emakumeen kontrako indarkeria, Afrika, Palestina, energia, enplegua... kezkatzen gaituen gaiak dira. Gizarte honetan danontzako lekua dago, bai gogoeta mamintsuak egiteko be, eta gero gogoeta horreek modu desbardinetan adierazo leitekez. Baina gogoeta barik azalean geratuko ginateke. Bada lekua gogoeta sakon eta edegiak egiteko. Gero, hori zelan gizarteratu? Hori beste gauza bat da, bigarren mailakoa.


11.- Edozelan be, 1917an sortutako idea honek aurrera segiduko dauela emoten dau.

Gure norabidea da, gizartearen kezkak mahai ganean ipintea, debatea sortzea. Formatua gitxienekoa da, ez dau zertan papelezko aldizkari bat izan, internetez be egin leiteke, edo beste bideren bat erabili. Atzean dagoana da garrantzitsua, ideen trukaketea.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa