Grecoren erretratu bi, Bilboko Arte Eder Museoan

Dabi Piedra 2017-05-10 13:49   Kulturea

Obra gonbidatua programearen barruan, 1600 inguruan Diego eta Antonio de Covarrubias anaiei egindako erretratu bana ekarri ditue Toledoko Greco museotik.

Bilbora ekarritako erretratu biak | Ikusi handiago | Argazki originala

16. eta 17. mendeen arteko artista esanguratsuenetako bat izan zan Greco eta haren artelan bi Bilboko Arte Eder Museoko 7. aretoan egongo dira ikusgai behin behinean. Santander Fundazinoagaz hitzarmena barritu dau museoak, Obra gonbidatua egitasmoagaz segidu ahal izateko, eta alkarlan horren emoitzea da hau. Toledon Grecoren obreari eskainitako museotik ekarri ditue erretratuak Bilbora.

Margolariaren sasoiko gizarteko persona ospetsu bi agiri dira koadroetan. Diego eta Antonio de Covarrubias anaiak 16. mendearen amaierako Espainiako bizitzan eragin handikoak izan ziran: Justizian, eleizan eta administrazinoan kargu garrantzitsuak euki zituen. Ganera, kulturearen alorrean, ondo jantzita egozan. Diego de Covarrubias 1577an hil zan eta Grecok ez eban ezagutu. Antonio de Covarrubias anaia gaztea, ostera, artistearen laguna zan. 1600. urtearen bueltan marraztu zituan erretratuak Grecok, lehendik egindako beste obra batzuetan oinarrituta.

Alderdi artistikotik begiratuta, aukera kromatikoa deigarria da. Izan be, zuria eta baltza dira nagusi eta beste kolore batzuen arrasto batzuk baino ez dagoz. Toledoko Greco museoko zuzendari Juan Antonio Garciak azpimarratu dauenez, kolore gitxi erabilita artistea gauza izan zan Covarrubias anaien nortasuna eta pentsakerea agertzeko.

Pinturea modernizetako gogoa be agirikoa da Covarrubias anaien erretratuetan. Miguel Zugaza Bilboko Arte Eder Museoko zuzendariaren arabera, erretratuak egiteko modua goitik behera barritu eban Grecok eta gaur egun be eragina daukan estiloa sortu eban. Zugazak ganeratu dau, Bilbon Grecok egindako erretratu gitxi dagozala eta, beraz, ikuspegia osotutera datozala honeek biak. Toledoko Greco museoagaz alkarlana daukiela argitu dau Zugazak, eta alkarri obrak trukatzen deutsiezala lantzean behin.

Obra gonbidatua programea 2001ean hasi zan eta, ordutik, 66 artelan ikusi ahal izan dira Bilboko Arte Eder Museoan. Beste museo edo bilduma batzuetako obrak ikusteko aukerea ederra da, adierazo dau Zugazak. Santander Fundazinoa 2004an hasi zan egitasmoa babesten eta, hitzarmena barrituta, sendotu egingo dau laguntzinoa. Ganera, museoko patronatuko kide izango da fundazinoa aurrerantzean.

Bingen Zupiria Jaurlaritzako Kultura sailburua Grecoren koadroen aurkezpenean izan da, eta ekimen publikoaren eta pribaduaren arteko lankidetzearen onurea azpimarratu dau. Obra gonbidatua, hain zuzen, gonbidapena da obra jakin bati denpora eta arreta handiagoa eskaintzeko eta bere aberastasunaz jaubetzeko, ganeratu dau Zupiriak.

Miguel Zugazaren arabera, Obra gonbidatua programearen bidez, urtero artelan bi ekartea da aurrera begirako asmoa. Holan, urte bakotxean, antxinako maisu handien eta artista garaikideen obrak tartekatu ahal izango dira.

Domenikos Teotokopulos, Greco ezizenez ezagunagoa, Greziako Kreta ugartean jaio zan, 1541ean. Bere sasoirako modernotasun handiko obrea izan zan berea. Batez be, Espainian egin eban lan, 1570eko hamarkadan Toledora joan zan eta. Ernazimenduko maisu handienetako bat izan zan, baina bere obrearen autortzea, batez be, 20. mendean hasi zan. 1614an hil zan, Toledon. Hari eskainitako museoa dago Gaztelako uri horretan.

Jaurlaritzako eta Santander Fundazinoko ordezkariak, azken hori Arte Eder Museoko patronatuko kide egingo dauen agiria sinatzen

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu