Rafa Rueda: 'Gure kantuek ondo eutsi deutsie urteen joanari'

Dabi Piedra 2017-05-02 13:10   Barriketan

Pi L.T-ko kantari eta musikaria

Ikusmin handia eragin dauen bireari ekingo deutso hurrengo egunetan Pi L.T taldeak. 1990eko hamarkadan eta 2000koaren hasikeran, euskal musikako ereferente nagusietako bat izan zan, baina hamarkada bat baino gehiago pasau dau isilik. Horregaitik, zaleek gogo handiz hartu dabe taldearen itzulerea. Hori bai, bost kontzertu emon eta barriro isilduko da Pi L.T.

Maiatzaren 5ean, barikuan, Bilbon joko dau Pi L.T-k, eta sarrerak agortu egin dira. Hilaren 6an, Iruñean izango da boskotea; 12an, Tolosan eta 13an Gasteizen. Udan EHZ jaialdian joko dau taldeak, Lekornen. Rafa Ruedak bakarkako ibilbide oparoa egin dau Pi L.T geldirik egon dan tartean baina aspaldiko lagunakaz barriro oholtzara igoteko gogoa izan dauela autortu dau.



1.- Hamarkada baten ostean, Pi L.T oholtzara bueltauko da. Lehenengo kontzertu hori emoteko gogoz zagoze?


Egia esan, urduritasun puntu bategaz gagoz. Lanak, behinik behin, eginda dagoz, entseguak eginda eta preparau beharreko guztia prest. Horregaitik, orain gogotsu gagoz, ze guretzat oso berezia izango da oholtza ganean alkartzea eta gure zaleakaz batzea.


2.- Taldekide guztiok daukazuez zeuen proiektuak, konpromisoak eta zereginak. Danon agendak bateratzea eta Pi L.T-ren itzulerea preparetea gatxa izan da?

Ba nahiko gatxa izan da, batez be agenda arazoakaitik. Bost taldekide gara eta bakotxak bere proiektua dauka. Kontzertu batzuk alkarregaz jotea erabagi genduanean, arazoa sortu zan fetxakaz. Kontzertuak noz egin, zein zan momenturik egokiena... maiatz parte honetan, asteburu bitan, agendak libre ixteko moduan egon gara danok. Nahikoa lan izan genduan horretan. Jente askok egin deusku eskaria kontzertuak eurenean egiteko, hasikeran iragarritako lau-bost emonaldiez gan beste batzuk antolatzeko eta birea luzatzeko proposamen piloa izan doguz. Baina, egia esan, ez dogu aukerarik izan, ezta kontzertu bakar bat gehiago emoteko be, kanpotik erraza emon leiken arren, justu-justu ibili gara bost kontzertuotan taldekide guztiok egoteko. Entseguak koordinetako orduan be ez da erraza izan, taldekide batek Madriletik etorri behar izan dau. Halandabe, hori guztia pasau da eta orain disfrutetea toketan jaku.


3.- Ganera, bira honetan bost taldekide izango zarie, Pi L.T laukotea edo hirukotea izan zan arren. Kantak egokitu egin behar izan dozuez?

Hasikeratik garbi izan genduan guztiok egon behar gendula. Gu, taldea sortu zanean, laukotea ginan, baina gero Txarli baxujolea Madrilera joan zan eta David, orain Berri Txarraken dabilena, sartu zan. Pentsau genduan polita izango zala taldean parte hartu daben guztiei deitzea. Horrek eskatzen dau kantuak moldatzea, beste kide bat gehiago dagoalako oholtzan. Kantak moldatzea, boskoterako, lan gehigarria izan da, baina ondo pasau dogu. Gu zuzenean ikusiko gaituenarentzat be motibazino gehigarria da bostok batera ikustea. Emozino aldetik politagoa izango da holan, ze danok bizi izan dogu momentu baten edo bestean taldearen ibilbidea eta orain danok batera egongo gara.


4.- Hamar urte pasautxu egin ditu taldeak geldirik. Zergaitik erabagi dozue orain bueltetea, eta kontzertu gitxi batzuk emoteko baino ez?

Ez da egon asmo berezirik edo zehatzik hau erabagiteko. Inoz azaldu izan dot aurretik be, zelan sortu zan hau guztia. Gu lagunak gara eta, joteko ez bada be, askotan batzen izan gara, afari baten edo dana dalakoan. Sarritan urteten eban komentarioa izan da kontzerturen bat egitekoa, erdi brometan. Kontua da, aurten Ibilaldia Mungian ospatuko dala, ez dakit zenbat urte diran azkenengoz han egin zanetik. Mungiako beste Ibilaldi haretako kantua geuk egin genduanez eta aurten Ibilaldia barriro Mungiara datorrenez, zeozer berezia egin nahi izan genduan, polita izango zalakoan. Erdi brometan hasi zan dana, afari baten mahai ganean ipini eta Ibilaldiarena atxaki aproposa zala pentsauta. Ez dago bestelako intentzinorik kontzertu honeen atzean; diskorik grabetea eta holakorik ez dogu pentsau be egin, beharbada zuzenekoak eurak bideoan grabauko doguz eta hortik ezin jakin zerk urten leiken, baina besterik ez. Egia da, bestetik, danok egon garela gogotsu alkarregaz kontzerturen bat joteko, momentu egokia subertetea baino ez zan behar.


5.- Gaur egun, badirudi modan dagoala beste sasoi batzuetako taldeak oholtzan bueltan ikustea...

Bai, eta ez da barri ona hori. Ni ez naz halakoen oso zalea. Seinale ona ez da, horrek esan gura dauelako jenteak beharbada ez dauela topetan gaur egun gustuko talderik, edo ez dagoala lehengo moduko proposamenik. Nik ez dot uste hori pasetan danik, gauza interesgarri asko dagozalako, baina jenteak rocka eta musikea bizi izateko modua aldatu egin dau. Kontzertuetan igarten da, jentearen edadeari begiratuta: Gero eta edade gehiagoko jentea joaten da, erreleborik ez dot ikusten. Ez dakit horrek loturarik daukan lehengo taldeen itzulereagaz, baina, boteprontoan esanda, ez jat iruditzen barri ona danik. Ia jokerea aldatzen dan eta talde barri gehiago sortzen diran.


6.- 1990eko hamarkadearen hasikeran hasi zan Pi L.T kontzertuak emoten. Zelan gogoratzen dozuz hareek urteak?

Ez daukat horrenbeste denpora pasau dan sensazinorik. Atzo izan bazan moduan gogoratzen dot. Ilusino handiko momentua izan zan, ia konturatu barik sartu ginan dinamika baten: diskoak grabau, kontzertuak emon... bizimodu bat zan, eta oraindino bada, ze bost taldekideok segitzen dogu musikatik bizi izaten. Orduan hasitako dinamika horretan segitzen dogunez, ez dot ikusten aspaldiko kontu baten lez. Ilusino aldetik behinik behin, bardin segitzen dot. Guretzat, hori bai, ordukoa deskubrimendu bat izan zan, musikatik bizi ahal izango ginala ikusi genduan, gustetan jakun gauza bat eginaz. Loteria saria hartzea lez izan zan. Taldeagaz hasi ginanok txikitako lagunak ginan, ganera.


7.- Zure musika ibilbidea ze modutan baldintzatu dau Pi L.T-ko sasoiak?

Kanpotik desbardintasun handiagoak ikusi leikez orain jorratzen dodan estiloagaz, baina niretzat dana da musikea. Niretzat, Pi L.T-k itxi dauen arrastorik handiena, eta nire bakarkako ibilbidean be bai, izan da taldekideen arteko hartu-emona, hau da, zer dan batzea eta lan egitea benetan aportetan dauen jenteagaz. Norberak egiten dauenaren ganean, besteek be euren ekarpena eginda, emoitzea zelan biderkatzen dan ikusten dozu. Sorkuntza kolektiboa ezagutu dot, azken finean. Pi L.T itxi eta gero be, bakarka ibili arren, beti ibili naz sensazino horren bila, talderik izan ez arren, nigaz kolaborau daben musikari eta ganerakoakaz holako kolektibotasun bat bilatu izan dot.


8.- Eta Pi L.T taldeak berak, ze leku bete eban bere sasoiko euskal musikan?

Hainbeste urte eta gero honeek kontzertuak iragarri doguzanean, sekulako erantzuna igarri dogu, badirudi arrastoa itxi genduala. Dana dala, ez dakit zein izan zan gure lekua. Guk egin genduana izan zan, betidanik gustau jakuna ahalik eta modurik zintzoenean egitea. Horrek jenteagan izan dauen eragina edo zer aportazino egin dogun? Ba ez dakit, baina esango dot barru-barrutik egin genduala guztia eta hori holan danean jenteagan arrastoa ixten dau.


9.- Musikazale beterano asko zuen kontzertuen zain dagoz. Gazteakana, ostera, helduko da zuen musikea?

Baietz pentsau gura neuke. Entseguetan izan dogun gauza politenetako bat izan da konturatzea gure kantek ondo aguantau dabela denporearen joana. Momentuan bertan, kontzertu eta disko artean, gure musikearen inguruko perspektibarik ez genduan izan. Denporea pasauta konturatzen zara holako gauzez. Orain dala urte batzuk egindako musikeari barriro heldu deutsagunean, ikusi dogu kantuek ondo eutsi deutsiela denporeari, horregaz harro gagoz. Gaur egungo musikazale gazteen aurrean aurkezteko moduko errepertorio bategaz bueltauko garela uste dot. Sare sozialetan edo jentearen esanak entzunda jakin dogu, musikazale gazte batzuek be interesa daukiela, gure kontzertuetara etorteko gazteegiak ziran lehen, eta orain badaukie gogoa.


10.- Sasoiko zagoze taldekideok Pi L.T-ren doinu gogorrenak oholtzan joteko?

Gorputzak eskatzen dauen neurrian egingo doguz kontzertuak, baina entseguetan behinik behin, ez dogu igarri alde handirik sasoi haretan geunkan joteko ereagaz alderatuta. Gorputzaldi aldetik ez gagoz kantsauago. Horregaitik, orain emongo doguzan kontzertuak energia handikoak izango dira, ez dira askorik aldenduko orain dala hamar urte egiten genduzanetatik. Ganera, orain esperientzia handiagoa daukagu.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa