Gernikako bonbardaketearen 80. urteurrena, gogoan

Bizkaie! 2017-04-26 13:46   Kulturea

Gaur 80 urte, Francoren aliaduek Gernika suntsitu eben. Erakundeak eta kultura eragileak hainbat ekitalditan gogoratzen dabiz efemeridea.

Jose Maria GorroƱo alkatea, Gernika eta Nagasakiko bonbardaketetako lekukoei harrerea egiteko unean (argazkia: Gernika-Lumoko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

1937ko apirilaren 26a merkadu eguna zan Gernikan. Alemaniako hegazkinek uriaren kontrako erasoa hasi ebenean, beraz, erdigunea jentez beterik egoan. Bonbardaketeak ehundazak hildako eragin zituan eta txiki-txiki eginda itxi eban Gernika. Horri esker, ganera, Francoren aldeko armada faxisteak Bizkaia hartzeko aurrerapausua egin eban, egun horreetan Bizkaiko fronteko burrukaldiak momentu gorenean egozan eta. Sasoi haretako Alemania nazia eta Francoren aldeko faxistak aliaduak ziran. Kideei laguntzeko eta geroago II. Mundu Gerran erabiliko ziran gerrako teknikak probetako lekua izan zan Gernika alemaniarrentzat.

Zortzi hamarkada geroago, gerrearen izugarrikeriaren sinbolo bihurtu da bonbardaketea. Gernika-Lumo, ostera, pakearen aldeko uria da. Memoria historikoa berreskuratzeko ahaleginean, egun berezia da gaurkoa, apirilaren 26a. Urteroko ekitaldi instituzionalak egingo dira: Lora-eskaintzea, sirena hotsa (15:45ean, bonbardaketea hasi zan orduan), mezea eta abar. Sirenea Gernikako bonbardaketearen arduradun izan ziranen senideek aktibauko dabe, Von Richtofen eta Von Moreau Kondor leginoko ofizialen ondorengoek hain zuzen.

George Steer eta Mathieu Corman kazetariei lora eskaintzea egingo deutsie hilaren 26an, bonbardaketearen barri zabaldu ebelako munduan. Gerrako korresponsal guztientzat be izango da gorazarrea, Gernika-Lumoko Udalak zehaztu dauenez. Iluntzean, 19:00etan Eriabarrenean hasita, Gernika garretan antzerki ibiltaria ikusi ahal izango da uriko kaleetan. Ondoren, manifestazino isila egingo da kandelakaz.

Ganera, Lizeo Antzokian, Pakearen eta Adiskidetzearen Gernika sariak emongo jakez aurtengo sarituei, hau da, Kolonbiako pake prozesuan parte hartu daben Juan Manuel Santos presidenteari eta Rodrigo Londoño FARCekoari. Gervasio Sánchez fotokazetariak be gorazarrea jasoko dau.

Nagasaki uri japoniarra be gogoan hartu dabe Gernikan aurten, hau da, II. Mundu Gerran bonba nuklearragaz egindako erasoa jasan ebanetako bat. Atzo, martitzena, Gernikako eta Nagasakiko bonbardaketatik bizirik urtendako hainbat lagunek ekitaldi baten parte hartu eben. Euren lekukotasuna zabaldu zan hor. Jose Maria Gorroño Gernika-Lumoko alkateak eta Janusz Chwierut Auschwitzekoak egin eutsien harrerea bonbardaketa bietako lekukoei.

Beste alde batetik, Francisco Escuderoren Gernika obrako piezak joten dabil asteon Euskadiko Orkestra Sinfonikoa uri ugaritan. Gasteizen eta Iruñean jo eta gero, gaur, eguaztena, Bilbon izango dira musikariak. Bihar eta etzi, Donostian. 1987an estreinau zan Gernika, Bilboko Koral Alkartearen enkarguz.

Gernikako bonbardaketeak eragindako mina eta hondamendia agertzen ditu Escuderoren konposizinoak, izan be, gerrearen ondorio gogorrak bere azalean bizi izan zituan musikariak. Obra honetan, Gernikako uriaren alegoria bat egitea zan bere asmoa hasikeran, baina bonbardaketeak eragindako sufrimenduaren erakusle be bihurtu da. Kontakizunaren haria galdu barik, Gernika obrako pieza aukeratu batzuk joko ditu Euskadiko Orkestreak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu