Kirmen Uribe Polonian izan da, Gernikaren eta Auschwitzen inguruko jardunaldi baten

Bizkaie! 2017-04-21 08:36   Kulturea

500 ikasle ingururen aurrean egin dabe berba Ondarroako idazleak eta beste hainbat adituk, Oświęcim urian.

Kirmen Uribe, Auschwitzeko kontzentrazino esparruan (argazkia: Etxepare Euskal Institutua) | Ikusi handiago | Argazki originala

Europa Gernika eta Auschwitzeko esperientzien ostean izenburuko jardunaldian parte hartu dau Kirmen Uribek. Oświęcimgo Udalak, Europako Tradizino eta Kulturearen Aldeko Alkarteak eta Auschwitz-Birkenau Fundazinoak antolatu dabe. Egunotan, Iñigo Urkullu Lehendakaria eta Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentea Polonian dagoz, Gernikako bonbardaketearen 80. urteurrenaren harira eta Gernikako Arbolaren kimu bat Auschwitzen landatzeko asmoz. Bisita horregaz lotuta antolatu dabe Oświęcimgo ekitaldia (Auschwitzen polonierazko izena da Oświęcim).

Kirmen Uribek eta ganerako adituek, 500 ikasle poloniar eta euskaldun inguru izan ditue entzule. Etxepare Euskal Institutuak jakin eragin dauenez. Kirmen Uribek uste dau, Gernikako eta Auschwitzeko esperientziak alkarregaz lotuta dagozala: Gernikako bonbardaketea, geroago naziek Varsovian egin eben triskantzearen entsegua izan zan, azaldu dau Uribek berbaldian, ezin doguz ahaztu orduan hildakoak, ezta totalitarismoaren kontra burrukatu ziran poloniarrak eta euskaldunak be.

Memoria historikoa gordeteko deia egin dau Kirmen Uribek: Egunero, danon artean, eregi beharrekoa da memoria, egiteko daukagu memoria, diktadurearen biktima askoren gorpuak ez dakigu non dagozan be. Europan erronka handiak dagozala uste dau, eskuma muturraren igoerearen eta giza eskubideen urraketen aurrean. Errefuxiatuei emoten jaken tratua ez dala egokia adierazo dau Uribek Polonian, gure ateak ixten deutsieguz.

Kirmen Uribek Poloniako idazle bat, Wislawa Szymborska, aitatuaz amaitu dau saioa. Literatura Nobela irabazitako idazle honek irudi bat erabilten eban zoriontasuna adierazoteko -azaldu dau Uribek-: zelai baten etzunda zerura begira dagoan persona bat. Baina zoriontsu izateko, personeak behar dau duintasuna, behar dau lana eta etxea eta behar dau begirunea.

Berbaldi horregaz lotutako bidaia instituzionalean, Iñigo Urkullu Lehendakariak Gernikako Arbolearen kimua landatu eban atzo Auschwitzeko kontzentrazino esparrua egon zan lekutik hur, Oświęcim uriko Zasole parkean. Auschwitz eta Gernika belaunaldiz belaunaldi iraun dauen oihu lazgarriaren adierazle dirala uste dau Lehendakariak. Ekitaldi horretan, pakerako eskubidea giza eskubide unibersal bihurtzeko eskatu deutso Urkulluk Nazino Batuen Erakundeari.


Euskal kulturearen ordezkaritzea Polonian

Polonian euskal ordezkaritza zabala ibili da egunotan, besteak beste, Iñigo Urkullu EAEko Lehendakaria, Ana Otadui, Bizkaiko Batzar Nagusietako burua, Kirmen Uribe, Garikoitz Mendizabal, Xabier Aburruzaga, Arkaitz Pascuas, Nagore de las cuevas eta Naiara Billalabeitia.


Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu