Huaxi indarra galtzen hasi da

Zigor Aldama 2017-04-24 08:19   Bidaide

Adituen eretxiz, komunismoak lujuzko bizimodua ekarri leikela adierazoten dabe datuok.

Huaxin 5.000 herritar inguru bizi dira, huskeria Txinako 1.400 miloe bizilagunen aurrean baina zur eta lur ixten bagaitu be, Asiako erraldoian, mundu guztiak ezagutzen dau herri txiki hori, izan be, Alderdi Komunistako goi kargudunek be, ehunka edo milaka kilometro egiten ditue ekialdeko Jiangtsu probintziako herria bisitetako. Arrazoia udalerriaren sarreran dago, Huaxi munduko herririk onena da adierazoten dauen kartela, hain zuzen be.

Baina herrira jentea erakarteko arrazoi nagusienetakoa zerumugearen lerroa apurtzen dauen 74 pisuko etxeorratza da, barruan bost bufalo dituana; lehenengoa 12. pisuan dago, burdinezkoa da, herriaren garapena bultzatu dauen lehengaia; 24. pisukoa altzairuzkoa da, inguruaren ekonomiari eusteko materialetako bat; 36. pisuan, barriz, brontzezkoa dago; eta 12 pisu gorago zolarrezko bufaloa dago. Azken buruan, 60. pisuan, eraikineko izarra ikusi daiteke: 40 miloe euroko balioa dauen urrezko bufaloa.

Antxina bufaloak erabilten zituen Txinako landa giroan karga edo zamak alde batetik bestera eroateko baina Huaxin aberastasnaren eredu dira, izan be, egoiliar ofizial danak dirudunak dira, yuanetan aberatsak. Miloe bi yuan (270.000 euro) eta bankuko kontu eta kooperatiba legez funtzionetan daben 186 enpresetako akzinoak ditu herritar bakotxak. Horrezaz gan, dobaneko osasun zerbitzua eta jubilazinorako dirutza egokia dabe eta Txinako ganerako lekuetan ez da holakorik. Adituen eretxiz, komunismoak lujuzko bizimodua ekarri leikela adierazoten dabe datuok.

Baina, egia esan, aitatu aberastasuna ez dabe eragin Txinako agintariek, laster laurogeita hamar urtetik gora izango dituan Wu Renbao jn.ak baino; orain gizaldi erdi edo Deng Xiaoping-ek Mao-ren bidebakokeriakaz amaitzeko neurriak aurreikusi eta Txina munduaren erdigunean jarri eban. Sekretupean, Wu Renbao-k torloju lantegia zabaldu eban, arlo hori titulartasun publikokoa zanean; hortik aurrera, merkatu librearen eredua ezartzen hasi zan eta geldiro-geldiro Txina osoan indarra hartzen joan da.

Edozelan be, Huaxi indarra galtzen hasi da. 2015. urtean, diru-iturri nagusienetakoak izan diran altzairutegiak dirua galtzen hasita dagoz gaitasun gehiegi eta nazinoaretko merkatuetan prezioak behera egin dabelako nabarmen. Bardin jazoten da tradizino handiko beste sektore batzuetan be, berbarako, ehungintzan. Txinan esku-lana karuago dago orain eta askoz merkeagoak diran beste herrialde batzuk, besteak beste, Kanbodioa edo Bangladesh indarra hartzen dagoz erropearen produkzinoan. Esangura horretan, bromatan edo, batzuk hasi dira esaten Huaxik saldu egin beharko dituala bufaloak.

Halan da be, herriaren zailtasun ekonomikoak Txinaren indarraren erakusle dira. Sun Haiyen, Huaxiko Alderdi Komunistako presidenteordeak adierazo dauen legez, industria tradizionalak dagoeneko ez dira Txinako ekonomiaren eragile eta argi dago gobernu zentralari barrikuntzea eta teknologia barriak interesetan jakozala. Izan be, Asiako erraldoia bigarrena da munduan I+D horretan gehien inbertiduten dauena eta oso azkar doa AEBei lekua jaten. Ganera, kutsadurearen arazo larriari konponbidea emoteko eragingarritasun energetiko gitxieneko lantegi zaharrenak zarratzen hasi dira, ikatzaren menpekotasuna gitxitzen doa eta energia garbien alde dabiz gogor.

Horregaitik Huaxin be industria sarea eguneratzea nahitaezkoa da; holan egiten ez bada, sortu dogun amesa amesgaizto bihurtu daiteke adierazo dau Sun Haiyen-ek. Gure oparotasuna industria sektore tradizionaletan oinarritu da eta altzairuaz gan, meagintzea, osogai kimikoak eta nekazaritzea be sano garrantzitsuak izan dira baina esku-lana karututea eta ingurumenaren erronka barriak be esanguratsuak izan dira eta egoera horretan oso gatxa da gure manufaktura eragiketak zabaltzen jaraitzea esan dau Wu-ren semeak, egun Alderdiko idazkari lanetan haren aitak abiarazotako dinastiaren buruak.

Edozelan be, posible ete da egun batetik bestera Txinaren mirakulu ekonomikoa ekarri daben osogaiak baztertzea? Herrialdearen garapen prozesuaren parte dala esango neuke baina ez dakit peoiaren edo lantegiko beharginaren lanak egiteko gaitasuna baino ez dogunokaz zer egingo daben dino Shanghai urian eraikuntzan lan egiten dauen Yu abizeneko beharginak. Eta ez da bildurra bakarrik ze altzairuaren berreraketa prozesuak 150 miloe tona gitxiago produzidutea eta miloe erdi beharginek lana galtzea ekarriko dau. Hori gitxi ez eta aurreikuspenen arabera, 500 miloe tona gitxiago produziduko litzatekezan ikatzaren sektorean be 1,3 miloe kaleratze izango dira.

Hori bai, ekonomia barriko sektoreetan, barriz, aukera handiak izango dira, Interneten zein teknologian dabizen enpresetan. Huaxin badakie hori eta, beraz, igaz 1.630 miloe yuaneko (220 miloe euro) diru-sarrerea ekarri eban finantza zerbitzuetan egingo dabe indarra; Gure enpresak zerbitzu anizasunerako egokitu behar doguz. Gure finantza oinarri sendoa erabili behar dogu aldaketa hori ondo eta azkar egin daiten adierazo dau Wu gazteak. Holan, astiro-astiro Huaxi igaz 30 miloe euro galdi zituan itsas-garraioa lako negozio galgarriak baztertzen hasiko da.

Era berean, erronkak ez dira faltako, berbarako, egoiliarra izan ez arren, bertan lan egiten daben herritarren kasua. Tradizinoan, landa giroko etorkin horreek ez dabe ezelako etekinik atera lehen aitatutako oparotasun egoera horretatik; baina, egun, urteko 90.000 yuaneko (12.100 euro) errentea gauza handia ez bada be, Wu jn.ak etekinak kooperatiben parte diran guztien artean eta bazkide ez diranen artean be banatzeko proposamena egin dau. Adituen esanetan, aberats eta pobreen arteko gorabeherak indargabetzea da asmoa. Era horretara, aberatsen herria Txinaren norabide barriaren pàradigma bihurtu da, pilatzen joakozan arazoei konponbidea emoteko ahalik eta azkarren berregokitu behar dan herrialdea. Niretzako ohore handia da azken aldion Txinan zelan hobetu dan ongizatea ikustea, gu ez gara salbuespna adierazo dau Su jn.ak. Dana dala, ez dira gitxi oraintsura arteko abantailea gitxitzen doala igarten dabenak. Wu Renbao aitzindaria izan zan baina burges egin gara eta ikuspegia galdu egin dogu dino izen-abizenik atatu gura ez dituan egoliar batek. Akaso, gure agintariak aldatu eta indar barria beharko geunke esan dau. Izan be, Huaxik be herrialde osoaren arazo politiko eta ekonomikoak bizi ditu.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu