Alaine Agirre: 'Liburu hau idaztean konturatu nintzan, egoerarik makurrenean be, idaztea zala nire eginkizuna'

Dabi Piedra 2017-04-24 08:27   Barriketan

Idazlea.

Txoriak etortzen ez diren lekua (Erein) poema liburua aurkeztu barri dau Alaine Agirre idazle bermeotarrak. Ospitale psikiatriko baten egindako egonaldi biak dira testuen oinarria, bertan bizi izandako egoerak eta egindako gogoetak dira olerkien abiapuntua. Autortu dauenez, ingresauta egon zan tartean, idaztea izan zan bere arma bakarra.

1.- Sekula baino personalagoa da liburu hau, honelako liburu bat idazteko beharrizana izan dozu?

Liburu guztiak sortu dira beharrizan batetik, nire kasuan. Beharbada, kasu honetan apur bat gehiago.

2.- Badauka fikzinorik liburu honek?

Niretzat, idaztean, ez dauka zentzunik fikzinoa bai edo ez eztabaideak. Liburu hau esperientzietan dago oinarrituta goitik behera, baina esperientzia batetik abiatuta be, orduko sensazinoak moldatu, aukeratu, sailkatu egiten dozuz, oroitzapen legez zeure buruari kontetan deutsazuzanean. Eta gero idatziz jarten badozu, oraindino be gehiago manipuletan dozu jatorrizko esperientzia ha, fikzinozkoa bihurtu arte. Horrek ez dau esan nahi guzurra danik, ezpada idazketea beti dala sortze-lan bat, eta horren emoitzea ezinbestean dala produktu bat, zeozer artifiziala, lehen ez egoana, eta ez gertakari baten erreprodukzino hutsa.

3.- Zergaitik erabagi dozu hain egoera gordinak zure irakurleei azaltzea?

Batetik, ni neu pasau naz egoera gordin horretatik, eta sakon markau nau. Bestetik, badago erreibindikazino puntu bat be: gaixotasun mentalak estigmatizauta dagoz oraindino gizartean, lotsea emoten deusku halakorik autortzeak, errazago esango dogu diabetesa daukagula, edo amigdalitisa, depresinoa dogula baino. Horrelako gatxetatik pasautako jente askok autortu deust hori, eta eskerrak eman deustez, ausartu nazelako, eta hareei be zelanbait lagundu deutsiedalako.

4.- Gizartearentzat deserosoak diran gaiak azaleratu nahi izan dozuz?

Ez dodaz gaiak aukeratzen deserosotasunagaitik. Ez nabil probokazino bila. Neurri baten esan leiteke gaiak berak aukeratzen nauela ni, nik gaia baino gehiago. Hau da, kezkatzen eta obsesionetan naben gauzei buruz idazten dot gehienbat, eta sarri jazoten da horreek gai deserosoak izatea.

5.- Liburua zeure buruari eskaini deutsazu, zergaitik?

Orain arteko liburu guztiak beti beste batzuei eskaini deutsiedaz, esker on legez. Baina sentitzen neban hau neure buruari eskaini behar neutsala. Zulo sakon horretan bakarrik egon nintzalako, ezinbestean, eta nik neuk egin behar izan nebalako handik urteteko lana, nahiz eta ondoan nituanak laguntzen ahalegindu.

6.- Idaztea ihesbidea da zuretzat?

Ezetz esango neuke. Ihesbidea litzateke, arazoei lepoa emon eta literatura goxo, atsegin bat egingo baneu. Beste kuestino bat da ia idaztea sendabidea dan, nire zaurientzat, edo askabide bat, neure barruko korapiloentzat.

7.- Donostian egindako aurkezpenean esan zenduan aurreneko aldiz idazle sentidu zarela eta poema batzuetan be hori emoten dozu aditzera. Kontuan izanda aurretik be liburu bat baino gehiago argitaratu izan dozula, zergaitik etorri jatzu orain sentsazino hori?

Idazle izateak irudi bat dau gizartean: tertulietan parte hartzen dauen nor edo nor, komunikabideetara konbidetan dabena, edozertaz eretxia daukana, intelektuala… Ni ez naz holakoa, ez dot balio eta ez jat interesetan. Baina, liburu hau idaztean konturatu nintzan, egoerarik makurrenean be, idaztea zala nire eginkizuna, horri esker sentiduten nintzala bizirik eta eusten neutsala neure nortasunari. Horregaitik, zentzu horretan esan dot liburu honi esker sentidu nazela idazle.

8.- Lehenengo poesia liburua dozu. Zer emoten deutsu poesiak?

Egoera horretan sorturiko testuek, bere kaosean, baeukiela edertasun izpi bat sentidu neban, eta poesia formea emotea erabagi neban. Testuak berak ekarri eban erabagia. Nire kasuan, ez daukat poeta-sentimendurik edo genero horregazko sentipen berezirik.

9.- Hurrengo liburua edo proiektua be poesiaren bidetik joango da ala aldatu egingo dozu?

Ez, narratibazkoak dira esku artean dodazanak, dala helduentzat, dala ume eta gazteentzat.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu