Oihane Perea: 'Finalean, energia piloa sentidu neban oholtzan'

Dabi Piedra 2017-04-10 08:05   Barriketan

Oihane Pereak barru-barrutik kantau eban Gasteizko Principal antzokian, Arabako Bertsolari Txapelketako finalean. Alderdi personalean gorabehera batzuk izan ditu azkenaldion eta, horregaitik, kantaera personala agertu nahi izan eban, aldarrikapen kolektiboak bigarren mailan itxita. Txapela amari eskaini eutsan. Ibilbide luzea eta oparoa dauka Pereak bertsolaritzan, honako hau Arabako laugarren txapela dau eta. Finalaren osteko emozinoa pixka bat baretuta, txapelaren esangurearen eta aurrera begirako erronken ganean egin deusku berba.

1.- Arabako laugarren txapela dozu hau. Ze berezitasun dauka laugarren honek aurrekoen aldean?

Txapelaren inguruko jazoerakaitik eta emozinoakaitik, oso berezia izan da hau. Persona legez polita izan da. Pentsetan neban hiru txapel baneukazala eta, beharbada, horregaz nahikoa zala, beraz kopuruak ez ninduan motibetan, beste zeozerk bultzatu nau. Beste posizio batetik kantau nahi neban txapelketan, orain helduagoa naz. Finalean be, bertsotan disfrutetera urten neban, lasaitasunez. Helburu hori bete neban eta horren ondorioa izan zan txapela jaztea.


2.- Finalean zein izan zan zure motibazino nagusia?

Motibo personalak izan ziran, etxekoakaz lotutakoak. Energia piloa sentidu neban oholtzan, indartsu egon nintzan eta horrek dana emotera bultzatu ninduan. Azken urteak gogorrak izan dira niretzat, asko ikasi dot eta ez naz orain dala sei urte txapela irabazi eban persona ha. Ganera, azken urteak morez bizi izan dodaz, emakume legez, eta txapelak letra moreak zituan. Ama gaixorik neukan, niretzat eredu garrantzitsuenetako bat izan dana. Nire emozinoak argi eta garbi abestera bultzatu ninduen hainbat motibo baegozan. Pilak topera kargauta joan nintzan eta emoitza atsegina izan zan.


3.- Letra moredun txapelaren inguruan kantau zenduan finalean bertan. Anekdotikoa emoten dauen arren, txapelaren diseinuak be indarra emon eutsun, ezta?

Bai, egia da, keinu bat egiten eustala sentidu neban [barrez]. Tira, gero konturatu naz Bizkaiko txapela be morea izan zala, inportantzia handirik ez daukan detailea da. Baina niretzat, egia da, alde sinbolikotik asko esaten ebala. Prozesu baten amaierea legez jantzi neban txapela.


4.- Finaleko emakume bakarra izanik, ganera, ikuspegi more horretatik kantetako beste motibazino bat izan zenduan.

Bai, beste bost finalistak, danak dira mutilak. Asko maite dodaz, lagun eta bertsokideak dira niretzat. Baina ez dot ahaztu nahi, finalaren ateetan geratu zirala, ordezko, Andere Arriolabengoa eta Paula Amilburu, aramaioarrak biak. Biek indar handia transmitidu eusten eta ekipoaren ordezkari izatea egokitu jatan, baina horrek ez ninduan itsutu. Nik neuretik kantau neban, baina egia da Arabako emakume bertsolari guztiok merezidu genduala sari hau, danok garelako bikainak eta autentikoak.


5.- Emakumezko bertsolaria zara eta, ganera, bertsolari arabarra. Bide urratzaile sentiduten zara?

Bai, urte askoan gure ahotsa oso baldintzatuta egon da. Baina finalean bertan, egoera hori gogoan izan arren, ez zan nire kezka nagusia, ikuspegi personalago batetik kantau nahi izan neban. Jakina, ni arabarra naz eta horretaz harro nago, badirudi arabarrok trabeska jaio garela eta, halandabe, geure bidea egin dogu. Bide horrek egiten gaitu desbardin. Arabarra izatea, emakumea, txikia... nire izatearen parte dira eta bertsoaren munduari egiten deutsadan ekarpena da, ez dot ezer demostratzen ibili beharrik.


6.- Finalaren egunean, Asier Otamendigaz buruz burukoa jokatu ostean, aurkezleak zure izena esan ebanean, zer pasau jatzun burutik?

Ordura arte oso zentrauta egon nintzan, saioan sartuta. Baina nire izena esan ebenean, arpegia eskuakaz tapau neban, argazkia be atera eusten holan. Lur hartze moduko bat izan zan, konturatu nintzan zer egin neban eta emozinoz bete nintzan. Amagaz akordau nintzan, eta berehala konturatu nintzan txapela berari eskaintzea zala benetan nahi nebana.


7.- Egun batzuk pasau dira une hunkigarri haretatik. Orain zelan bizi dozu laugarrenez Arabako txapeldun izatea?

Orain finaleko gauzak errepasetan nabil, emozinoei deskantsu apur bat emoten. Hasikeran aparraldi edo leherketa moduko bat izaten da eta orain gauzak bere lekura bueltau behar dira. Orain etorri jat patxadea, baina nekea be bai. Txapela puntu bategaitik irabazi neban, orduan izan ahal zan Asier Otamendirena be bai, edo Manex Agirrerena. Edo Xabi Igoarena... eta aitatu nahi dot Serapio Lopezek eta Iñaki Viñasprek be lan polita egin ebela. Viñasprek poto bat egin eban, baina bestela nik buruz burukorako kinielan neukan, Manexegaz batera. Ez neban igarri, beharbada hurrengo baten. Edozelan be, finalaren egunean pilak ondo kargauta neukazan eta, orain, ba askoz gehiago. Hau guztia bizitzan aurrera segitzeko eta bertsotan segitzeko energia iturria izango da.


8.- Alderdi kolektibotik, deigarria da belaunaldi askotako bertsolariak egon zineela finaleko seikotean.

Bai, egia da. Eta, ganera, eskualde askotakoak be bai! Lau eskualdetako bertsolariak egon ginan, bertso eskolak daukiezan ia guztiak dira horreek. Mendialdea eta Arabako Errioxa falta ziran, baina sari banaketan hantxe izan genduzan hareek be, laguntzen. Sarea izan da txapelketearen irudia eta finalean ikusi da gure lurraldean sortu dogun sarea. Sare horizontala da, txapelaren buztana da horren guztiaren puntea, baina azpian eragile asko dagoz, txapela baino inportanteagoak.


9.- Horrek esan nahi dau Arabako bertsogintzearen harrobi lana bide onetik doala?

Nik uste dot baietz. 1982an sortu zan lehenengo bertso eskolea eta belaunaldi haren ordezkaria da Serapio Lopez, baita Karla Santisteban be, niri txapela jarri eustana, behargin kantsau ezina. Han hasi zan lan bat, eskoletan eta bertso eskoletan, hasikeran leku jentetsuenetan, Aiaraldean eta Gasteizen. Ilusino handiagaz, hori zabaltzen joan zan, gero eta jente gehiago euskalduntzen hasi zan... 40 urtetik beherako belaunaldi guztiok handik gatoz. Gure gurasoen belaunaldiak egin eban ahalegina ez da ahaztu behar, gaur egun dogun egoera on hau ulertzeko. Araban badogu geure ekosistemea bertsotan, hemengo errealidadera egokitua. Bere neurrira etorrita dago Arabako bertsolaritzea, 2000. urtearen bueltan izan eban loraldiaren ostean. Baina nik uste dot une aproposean gagozala halako beste loraldi bat etorteko.


10.- Zu zeu zelan aldatu zara lehenengo txapela irabazi zenduanetik?

Batez be, heldutasuna daukat orain, esperientzia gehiago daukat, eta gehiago disfrutetan dot. Nik uste dot prozesu bat dala, batzuek arinago egiten dabe, beste batzuek astiroago. Bertsolaritzea bizitzeagaz be tartekatu behar da eta horrek be eragiten dau. Esaterako, nik ume bi izan nebazan, baina sekula be ez naz geratu. Egoera guztietan kantau dot, ama izan barri be bai, eta jenteak eskertu egiten dau ahalegin hori, ni horren natural agertzea. Holan, aldiro aldiro sentiduten dodana oholtzara eroaten dot. Orain, alde personaletik momentu onean nago eta jenteak mikrofonotik hori igarri ahal izatea da asmoa.


11.- Laster hasiko da Euskal Herriko Txapelketa Nagusia eta zu bertan izango zara, Arabako txapeldun zaren ezkero. Zein izango da zure helburua hitzordu horretan?

Orain arte neure buruari egin ez deutsadan galderea da hori. Baina Arabako txapela irabazi dodanetik, kazetari guztiek galdetzen deusten gauza bat da. Lehenago esan dodanaren haritik, uste dot, Araba ordezkatzera joan beharrean, Oihane izatera joan behar dodala. Testuingurua be ez da bardina, Arabako finala serioa da, baina egia da familia arteko giroa egoten dala, danak dakie ondo nor nazen eta zer egin dodan 15 urte neukazanetik. Euskal Herrikoan, ostera, ezagutzen ez nauen publikoa dago eta hori erronka bat da, bertsotan nabilen artean nor nazen azaldu behar deutsedalako. Erronka polita da. Aurreko aldietan be ahalegindu naz eta uste dot neurri baten helburua bete dodala, baina ez naz geratu guztiz aseta, ia oraingoan. Oihane izatera noa nire laugarren Txapelketa Nagusi honetan, beharbada azkena izango da eta.


12.- Txapelketa Nagusiaren ostean, nora bideratuko dozu zeure bertso ibilbidea?

Ez dot uste bizitzan horren aurrera begira jarri behar danik. Egunean egunekoa disfrutetea beharrezkoa da. Txapelketa Nagusian parte hartzea ederra izango da, gogotsu nago, baina ez dot pentsau nahi hortik aurrera zer egingo dodan.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu