Bizitzeari eta askatasunari eskainitako diskoa dakar Mikel Urdangarinek

Dabi Piedra 2017-03-29 13:15   Musikea

Hamar abestiko diskoa da Margolaria (Elkar). Oholtzan 20 urte badaroaz be, lan freskoa egin nahi izan dau Urdangarinek.

Mikel Urdangarin, Bilbon, diskoaren aurkezpen ekitaldia hasi aurretxuan | Ikusi handiago | Argazki originala

Orain dala urte biko bakarkako proiektuaren ostean, bandearen laguntzinoagaz jotera bueltau da Mikel Urdangarin. Honako honetan be, bere bizipenak, kezkak eta desioak agiri dira, baina gitarrearen, bateriaren, baxuaren, biolinaren eta tekladuen doinuek lagunduta. Hamarkada bi egin ditu Urdangarinek oholtzarik oholtza eta, horregaitik, Margolaria diskoan barruan daukan onena emon nahi izan dau.

Hasikeran gogoratu be ez nintza egiten 20 urte bete nebazala zeregin honetan, baina gero pentsau neban aukera hau aprobetxau behar nebala, nire kezken barri emoteko, azaldu dau Urdangarinek, Bilbon egin dauen aurkezpenean. Kantak ahalik eta txukunen idazten ahalegindu naz, tontakeria barik, barru-barrutik.

Horrenbeste urte musikagintzan egin eta gero, disko freskoa eta indarrez betea sortu nahi izan dau Mikel Urdangarinek. Emoitzeagaz konforme geratu dala dino: Artifizio handirik ez dago diskoan, erraz identifiketan da nire betiko soinua. Ahotsak ez, baina tresna gehienen soinua zuzenean grabauta dagoz. Taldekideek be lan ederra egin dabela uste dau Urdangarinek. Beste lan batzuetan sentidu izan dauen presinoa alboratuta, gustura egon da grabazino-prozesuan: Momentu batzuetan energia berezi bat sentidu dot, sensazino magikoa.

Diskoak dakarzan hamar abestiak Mikel Urdangarinek berak konposatu ditu eta, zazpi kantatan, berbak be bereak dira. Abenduan idatzi zituan zazpi kantuotako berbak. Disko bakotxeko abestietako berbak denpora laburrean danak batera idazteko ohiturea dauka. Kantek alkar kutsatzen dabe, alkarren osogarri dira batzuetan, azaldu dau musikariak.

Funtsean askatasunari eta bizitzeari kantau deutso Urdangarinek oraingoan, bere esperientziatik abiatuta. Askatasuna kontzeptu inportantea da berarentzat: Zer da aske izatea bizitza honetan, dana horren araututa dagoan ezkero? Korronte horri kontra egiten ahalegindu naz, alienazinoari kontrapisua ipinten. Urdangarinek azaldu dauenez, gizon librea sarritan aitatzen dau diskoan.

Berari bakardadeak ekarten deutso askatasuna, horrek ingurukoakaz gatazkak sortu arren: Aske sentidutea erosotasunari uko egitea da, askatasunak badauka alde latza, baina niretzat ezinbestekoa da. Azken finean, Margolaria diskoa askatasunaren aldeko aldarria dala dino.

Diskoko abesti bitako berbak Gerardo Markuleta poeteak idatzi ditu. Pozarren dago Urdangarin kolaborazino hori lortu izanaz, baina erronkea be izan dala dino, Markuletaren testuen mailara heldu behar izan dauelako.

Xabier Amurizak idatzitako eta Imanolek plazaratutako Mendian gora abestiaren bersino bat be sartu dau Mikel Urdangarinek. Kolpe ederra jo deutsat, musikea goitik behera aldatu dot, azaldu dau kantariak. Hori bai, Amurizak berak eskatutakoa bete dau: Imanolek sei ahapaldietatik lau sartu zituan bere kantan eta Urdangarinek seirak sartu ditu. Diskoaren izakereagaz bat datorren abestia dala uste dau Urdangarinek: Kantatu nahi dut bizitza esaten dau une baten eta hori da, hain zuzen, disko honen atzean dagoan asmoa.

Hasikeran beste izenburu bat eukan proiektuak (Eskutik eskura, hori be Amurizaren kantatik hartua) baina, azken orduan, Margolaria-ren alde egin eban. Alain Urrutia artisteari egindako omenaldia da, diskoan bertan dagoan Margolaria abestia idazteko Urrutiagan inspirau zalako Urdangarin. Ganera, diskoaren azala be Alain Urrutiak diseinau dau.

Loraldia jaialdiaren azken egunean aurkeztuko dau zuzenean Mikel Urdangarinek Margolaria. Bilboko Campos antzokian izango da kontzertua, apirilaren 8an, 20:00etan. Loraldiko ordezkari Aitor Narbaizak azpimarratu dauenez, aurtengo Loraldiaren egitaraua Urdangarinen zuzeneko emonaldi bategaz amaitzea polita izango da.

Diskoaren azala, Alain Urrutiak egina.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu