Antzerkiaren Nazinoarteko Eguna: Arte Eszenikoen ikuspegia eta jantza eta antzerkigintzearen aldeko aldarrikapena ardatz

Bizkaie! 2017-03-27 08:20   Kulturea

Antzerkiaren Nazinoarteko Eguna (World Theatre Day) 1961ean abian jarri eban, lehen aldiz, Antzerkiaren Nazinoarteko Institutuak.

Isabelle Huppert. Argazkia: Nicolas Genin | Ikusi handiago | Argazki originala

Gaur, astelehena, martiak 27, Antzerkiaren Nazinoarteko 2017 Eguna ospatzen gagoz eta Autore eta Argitaratzaileen Alkarte Nagusian batzen diran jantza eta antzerkigileek sormenaren balorea aldarrikatu nahi dabe, % 8 baitira gurean. 2016ko datuen arabera, SGAE bazkideak 110.447 dira, eta horreetatik, 8.825 jantza eta antzerkigileak dira.

Antzerkiaren Nazinoarteko Eguna (World Theatre Day) 1961ean abian jarri eban, lehen aldiz, Antzerkiaren Nazinoarteko Institutuak. Ordutik martiaren 27 guztietan hainbat emonkizun izaten dira munduan urteurrena ospatzeko, horreen artean, mundu mailako ospea dauen profesional batek nazinoartean eragina dauen mezu bat aditzera emoten dau; horren bidez Arte Eszenikoen ikuspegia jorratzen edo eta jantza eta antzerkigintzearen aldeko aldarrikapen bat luzatzen da. 2017koari jagokonez, ardura hau Isabelle Huppert frantziar antzezleari egokitu jako; mezua osorik hemen irakurri. 


Arte eszenikoen alde

Arte Eszenikoen aldeko estrategian, Autore eta Argitaratzaileen Alkarte Nagusiak sail espezikoa darabil. Bertan batzen dira arlo horretako sortzaileak eta bertan aintzat hartzen dira euren aldarrikapenak, eskubideak eta beharrak. Bere helburua da arlo horretako sormena aditzera emotea eta, era berean, bertako eskubide ekonomikoak kudeatzea. Gure erakundearen barruan diran zuzendaritza organoetan, ganera, Eskubide Handiko Lan Taldea dabil beharrean. Berari jagoko autore dramatiko eta koreografikoen sorkuntzearen sustapena. Autore horreen artean dagoz, besteak beste, honakoak: Paloma Pedrero, Pera Tantiñá (La Fura dels Baus), Juli Disla, Eduardo Galán, Joan Vives edo Eva Yerbabuena.

Autore eta Argitaratzaileen Alkarte Nagusian batzen garenontzat lehen mailako ardurea da jantza eta antzerkigintzearen sustapena. Autoreek sorkuntza artistikoaren funtsezko elementuak dirala ulertzen dabe. Idea horri eutsiz, SGAE taldeak, Fundazinoaren bitartez, hainbat ekimen jarten ditu abian urtero, esaterako, 1998an Arte Eszenikoetan batzen dan doea saritzeko jaio ziran Max Sariak. Profesionalen sarion hurrengo edizinoa hogeigarrena izango da eta abian dogu, izan bere, bagilaren 5ean izango da, Valentziako Palau de les Arts Reina Sofía gunean.

Horrezaz gan, badira bestelako antzerki-ekimen edo eta proiektuak; oraintsu, SGAE Fundazinoak antzerkigileentzako 2017 Sarien deia egin dau. Helburua, urtero lez, antzerkigintza barria sustazea da, antzerki saioak eta autoreak areagotzea, eta, zeozelan, sektorea aberastea. Jardiel Poncela XXVI. SGAE Saria, Umeentzako Antzerkigintza XVIII. SGAE Saria eta Leopoldo Alas Mínguez Nazinoarteko XI. Saria doguz adierazbide, azken hau, bisexual, trans, gay eta lesbo antzerki testuetarako. Eta Teatro Autor Exprés izeneko bilduma editorialaz be esan daiteke antzerkigintza garaikidea bultzatzeko 2013an martxan jarritako kolekzinoa, hain zuzen be.

SGAE eta berorren Fundazinoaren bestelako ekimen batzuk dira: Irakurketa Dramatizatuak; Antzerki-idazketarako Laborategiak; nazinoarean arte eszenikoak zabaltzeko indarrean diran laguntza eta bitartekoak; ikastaro eta goi mailako tailerren antolakuntzea; eta Erkidego Autonomo guztietan lantzen diran ekimen eta sari zein laguntza guzti-guztiak, besteak beste, Euskadin bertan egiten diranak; horreen artean aitagai, adibidez, indarrean dan Bilboko Antzerki Eskola Jaialdia – FETABI, aurten bere seigarren edizinoan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu