Antzerkiaren Eguna ospatuko dau Bilbok astelehenean
2017-03-23 10:59 KultureaArriaga plazan adierazpen antzeztua irakurriko da eta Harrobia Eskenan antzerki laburra egongo da. Bilboko Udalak eta uriko artistek bat egingo dabe ospakizunean.
Martiaren 27an ospatuko dau Bilboko Udalak Antzerkiaren Nazinoarteko Eguna, hau da, astelehenean. Urtero egun horretan egiten dauen legez, hainbat disziplinatako artistak batuko dira Arriaga plazan, manifestua irakurtzeko, 12:00etan. Irakurraldi antzeztua izango da. Hiru artista arduratuko dira horretaz: Joseba Negro musikaria, Shakti Olaizola zirku garaikideko antzezlea (clown-a, kontorsionistea eta jantzaria da) eta Marta López Mazorra aktorea.
Bilboko Udalaren ustez, horreek hiru lagunek ondo ordezkatzen ditue mundu guztiko artistak, gorputzari, musikeari eta berbei esangurea emoten deutsielako, sormenaren bidez. Arriaga plazako ekitaldia Artekale, Euskadiko Kale Arteen Alkarteagaz batera antolatu dau Udalak, kaleko arte eszenikoei lekua egin guran.
Bilboko Zirkuitua izeneko programea martxan da hileotan Bilboko auzoetan eta, Antzerkiaren Munduko Egunean, ezin emonaldia faltau. Otxarkoagako udaltegian Bea Insa eta Leyre Berrocalen Vidas pasadas lana ikusi ahal izango da astelehenean, 19:30etan. Sartzea doban da. Kazetari estresadu baten eta krisialdi existentzialean sartutako antzezlearen arteko alkarrizketea da umorezko pieza horren oinarria.
Antzerkiaren Nazinoarteko Eguna modu aproposean biribiltzeko, Harrobia Eskena guneak antzerki laburreko pieza bi programau ditu astelehen iluntzerako (20:30). Enrque Vegaren Diva di palo eta Pako Revueltas, Na Gomes eta Enrique Vegaren Procrastinaríon, o tengo un pato en la nevera que se llama Dostoieski programau ditue. Bakotxa 20 minutuko antzezlana da. Saioa hasi aurretik, ganera, eguerdian Arriagan aurkeztutako testua barriro irakurriko da.
Zaleen, profesionalen eta amateurren arteko topalekua izango da Harrobia Eskena egun horretan, udalaren arabera. Otxarkoagako barrutian dago antzerkigintzarako gune hori, gero eta jarduera eszeniko gehiago dituen auzoan, hain zuzen.
Antzerkiaren Munduko Eguna 1961ean sortu eban Antzerkiaren Nazinoarteko Institutuak. Martiaren 27an izaten da, urtero. Mundu osoan irakurtzen dan mezu ofiziala da ospakizunaren ardatza eta, aurten, Isabelle Huppert aktore frantziarrak idatzi dau. Adierazpena 20 hizkuntza baino gehiagotara itzuli da eta egokitzapen bat entzun ahal izango da Bilboko Arriaga plazan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!