Bizkaiko museo eta aretoek bat egin dabe Emakumearen Nazinoarteko Egunagaz

Bizkaie! 2017-03-07 08:23   Kulturea

Bizkaiko Foru Aldundiaren jaubetzako museo eta areto batzuek, jarduera bereziak antolatu ditue martiaren 8aren inguruan.

Gernikako Euskal Herria museoan erakutsiko dan gorua (argazkia: BizkaiKOA) | Ikusi handiago | Argazki originala

Honeek dira Emakumeen Nazinoarteko Egunaren harira jarduera bereziak antolatu dituen guneak: Euskal Herria museoa, Arkeologi museoa, La Encartada fabrika-museoa, Santimamiñeko kobazuloa, Txakolingunea, Arrantzaleen Museoa eta Ondare aretoa.

Lehenik eta behin, gaur, martiak 7, erakustaldi berezia egongo da Gernikako Euskal Herria museoan. Dohaintzan emondako 19. mendeko gorua ikusi ahal izango da eta Meritxell Pinok tresna hori martxan ipiniko dau, bisitariek zelan dabilen ikusi daien. Hari fina ehuntzeko erabiltzen zan gorua. Erakustaldia 18:00etan hasiko da eta, doban dan arren, aurretik lekua erreserbau behar da. Informazino gehiago, hemen.

Martiaren 8an bertan, hau da, Emakumearen Nazinoarteko Egunean, hainbat jarduera egongo dira. Bilboko Arkeologi Museoan, esaterako, Diego Garate arkeologoak Jatorrizko erretratuak, Paleolitoko emakumea iruditan izeneko berbaldia emongo dau. Ganera, martiaren 7tik 12ra jardunaldia egingo da museo horretan, Arkeologia eta generoa, museoa betaurreko moreekin izenburupean.

Bilboko Ondare aretoan, bestalde, aditu talde batek solasaldi baten azalduko dau historiaurreko eta historiako hainbat sasoitan emakumeak izan dauen rola. Besteak beste, autobusak gidatzen dituen emakumeak izango ditue berbalagun, aretoan orain dagoan erakusketearen gaiagaz bat eginaz.

Balmasedako La Encartada fabrika-museoan bisitaldi tematikoa egongo da, martiaren 8an, La Encartada fabrikan emakumeek eukiezan lan-baldintzak eta zereginak azaltzeko. Martiaren 12an bisita antzeztuak egongo dira eta 16an, ostera, Jon Ruiz de Gordejuelak berbaldia emongo dau, Emakumearen rola Ameriketarako emigrazioan izenburupean.

Kortezubiko Santimamiñe kobazuloan bisitaldi gidatuak izango dira hilaren 12an eta Bakioko Txakolingunea doban bisitau ahal izango da 8an. Bermeoko Arrantzaleen museoan eta Gernikako Euskal Herria museoan doban sartu ahal izango dabe emakumeek hilaren 8an.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu