Bizkaiko garraiobideen inguruko erakusketea ikusgai, Bilboko Ondare aretoan

Bizkaie! 2017-02-17 13:25   Kulturea

Errepidez bidaiariak garraiatzeko erabili diran moduen errepasoa egiten da Diligentziatik Bizkaibusera erakusketan. Apirilaren 27ra arte egongo da.

Unai Rementeria eta Vicente Reyes, erakusketea ikusten | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilboko Ondare aretoan zabaldu barri dan erakusketan, ehun urte baino gehiagoko ibilbidea egiten da Bizkaiko garraiobideen historian. Hain zuzen, errepide bidez personak leku batetik bestera eroateko egon diran garraiobide publikoak dira ardatza, 19. mendearen amaieran hasi eta gaur egunera arte.

Antxinako sasoietatik hasi eta gaur arte, hainbat eszenatokitatik pasauko dira erakusketako ikusleak. Era didaktiko eta entretenigarrian, diligentziak, lurrunez mobiduten ziran autobusak, herrietara heldu ziran lehenengo zerbitzuak, gerra sasoia, Bizkaibus sistemea eta abar emoten dira ezagutzera.

Orain dala 120 urteko diligentzia bat eta 1920ko hamarkadako autobus bat dagoz erakusketan, bidaiarien erosotasunaren aldetik egon diran aurrerapenak agertzeko. Ganera, 1950eko hamarkadako txarteldegi baten eta garaje baten erreplikak ipini ditue.

Horrezaz gan, material osogarri ugari dago: Argazki zaharrak, antxinako txartelak, miniaturak, ibilgailuen piezak, planoak eta abar. Ganera, Bizkaibusen markesina irisgarri barria ikusgai dago. Zortzi minutuko bideo baten laburbatzen dira erakusketako datu nagusiak. 

Apirilaren 27ra arte egongo da Diligentziatik Bizkaibusera Ondare aretoan. Astelehenetik barikura, 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:30era dago zabalik. Bisita gidatuak antolatuko dira ikastetxeetako neska-mutilentzat.

Erakusketearen inaugurazinoan Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusia egon da. Ganera, Vicente Reyes Bizkaiko Garraio diputaduak eta Mikel Martín Zubimendi komisarioak berbaldi bana emon dabe. Reyesek azaldu dauenez, Bizkaiko errepide bidezko garraio publikoaren errepaso afektiboa egin nahi dabe, bizkaitarren bizitzan eragin handia dauen elementua dalako.

2017/02/16 - 2017/04/27

Bilboko Ondare aretoan

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu