Maria Rivero: 'Bakarka, erantzunkizuna neurea da, onerako zein txarrerako'
2017-02-27 08:55 BarriketanMusikaria
Orain arte Siroka taldean eta Hutsa bikotean ezagutu dogu Maria Rivero. Kintsukoroi proiektuan, ostera, bakarkako bideari ekin deutso. Egitasmoko abesti guztietako berbak eta doinuak berak sortuak dira. Disko formatuan barik, abestiak pixkanaka plazaratzen joango da. Lehenengo kantearen bideoa, Ongi etorriak, sarean dago dagoeneko (hemen), eta hurrengo egunetan gehiago etorriko dira.
1.- Japoniatik ekarritako berbea da Kintsukoroi, zer esan nahi dau?
Japoniako kulturan erabilten dan teknika bat da. Apurtutako objektuak konpontzen dituenean, arrakalak disimulau beharrean, urrez beteten ditue eta agirian geratzen da objektu hori apurtu egin dala eta barriro konpondu. Filosofiagaz lotuta, japoniarrek esaten dabe, zeozer apurtu eta berrerabili danean, horrek badaukala balio erantsi bat, objektua politagoa eta indartsuagoa dala. Filosofia polita begitandu jatan hori irakurri nebanean. Momentu haretan bakarkako proiektua martxan jartea nerabilen buruan eta pentsau neban Kintsukoroi izena ipintea.
2.- Halandabe, izen polit bat baino gehiago da Kintsukoroi. Proiektu honetan filosofia horregaz bat egin dozu...
Bakarkako proiektuaren ganean pentsetan orain dala urte batzuk hasi nintzan baina orain arte ez dot pausua egin, bakarrik oholtzan agertzeko bildur horregaitik. Izan be, bakarka, erantzunkizuna neurea da, onerako zein txarrerako. Baina orduan pentsau neban, ni neu nazala, egindako gauza on eta txarrakaz, eta bidean ikasi dodanari esker berregiteko gauza naz. Hori bat dator Kintsukoroi kontzeptuagaz. Nire helburua hori be bada, izan dodazan haustura eta zauri guztietatik abiatuta neure burua berregin dot eta orain indartsuago sentiduten naz.
3.- Kintsukoroi ez da disko bat, proiektu bat baino. Zelan egituratuko dozu?
Hasikera baten diskoa argitaratzea zan asmoa, neuk egindakoa, inoren laguntzino barik: Kantak neuk sortu, etxean grabau... Baina gero, konturatu nintzan disko bat egitea proiektua zarratzea modukoa zala. Diskoa atera eta listo. Ganera, hutsune batzuk ikusi nituan, esaterako bakarkako proiektua ezinezkoa dala, beti daukadalako alboan jente asko laguntzeko prest eta alkarlana beti bultzatu dodalako. Eta hori proiektuan islatu nahi neban. Horregaitik, hasikerako idea hori moldatu neban. Kasualidadez, Bartzelonako produktore bat, Mark Jordan, agertu zan nire bizitzan eta momentu haretan eginda neukan lana pasau neutsan. Alkarlanerako proposamena egin eustan. Baiezkoa emon eta Mark Jordanen moldaketak be sartu nituan proiektuan. Holan, iraganean eta orain nigaz dagozanak sartu dodaz eta, etorkizuneko ezaugarri moduan, Markegaz produkzino horretan sartu. Hasikerako ideari eutsi deutsat, baina bidean etorritakoa batu eta proiektua zabalagoa egin dot. Horregaitik ez da disko bat, proiektu edegi bat baino. Orain be ezin jakin zelan amaituko dan.
4.- Hiru ardatz ditu, beraz, Kintsukoroi-k...
Bai, abestiak plazaratzen joango naz eta bakotxak ezaugarri bat izango dau: Edo bakarka sortutakoa izango da, edo nire tribuagaz egindako kantak izango dira, edo hirugarren aukerea Mark Jordanegaz egindako produkzinoa. Horreek dira hiru ardatzak, proiektuak aurrera egin ahala gehitzen joan naz.
5.- Kantak apurka-apurka plazaratzen joango zara.
Hori da, euskarri diferenteak erabiliko dodaz argitaratzeko. Esaterako, Mark Jordanegaz egindako produkzinoa erakusteko Spotify orri bat sortuko dogu. Aldi berean, SoundCloud eta YouTube guneetan kanalak sortu dodaz (hemen) eta hor kantak jarten joango naz, singleen modura.
6.- Beraz, proiektuko abesti batzuk oraindino sortu barik dagoz?
Ez, ez. Egia esan, urte honeetan kanta asko konposatu dodaz eta badaukadaz gordeta. Beraz, dana kontrolpean daukat, kantak eginda daukadaz baina erabagi dot geldiro-geldiro argitaratzea. Batzuk, beharbada, bideo eta guzti joango dira, beste batzuk ilustrazino edo argazkiek lagunduta... Kanta bakotxari bere denporea emongo deutsat eta jenteari ur tanten moduan eskainiko deutsedaz, kanta bakotxa ondo jagonda.
7.- Zure bizipenak be proiektu honetan sartu dozuzala esan dozu. Zelan egin dozu hori?
Musikagintzan hasi nintzanean, orain dala hamar urte baino gehiago, nik ez nituan kantak idazten, beti idazleek edo bertsolariek idazten zituen gure abestien berbak. Lotsea emoten eustan nik idatzitakoa agertzea. Denporea pasau ahala, Siroka eta Hutsa taldeetan, nire letrak sartzen hasi nintzan, baina oraingoan berba guzti-guztiak dira nireak. Alde horretatik, apur bat gehiago biluztu naz, ahalegindu naz bizi izandako gauza asko islatzen, bildurrak, ikasketak... dana. Kanta guztietan ni neu agertzen naz, ez bakarrik musikea neuk konposatu dodalako, baita nire esperientzia horreekaitik be. Ikutu personala dauka proiektuak.
8.- Musikea be zeuk sortu dozu. Sirokan landutakoen moduko doinuak topauko ditu entzuleak Kintsukoroi-n, Hutsakoen tankerakoak, ala desbardinak?
Ez dakit kanpotik holan ikusten dan, baina niri pasetan jat, kanta bat sortzen nabilenean, melodia ezaguna egiten jatala, nirea dan estilo bat dodalako izango da, ez dakit. Nik uste dot, Kintsukoroi-n, akustikoan edo tribuagaz egindako kantak ezagunak egingo jakozala entzuleari. Baina, ostera, Mark Jordanegaz egindako produkzino horretan, berak ipinten ditu base industrial batzuk eta nik ahotsa ipinten dot, hor nire estiloagaz guztiz apurtuko dot. Nik uste dot jenteak ez dauela inondik inora espero nik holako produkzino baten parte hartzea. Asteotan argitaratzen nabilen abestietan ezaguna egingo da nire estiloa edo kantetako erea, baina Mark Jordanegaz egindakoa plazaratzen dodanean, hor ikusiko da orain arte egindako guztiagaz apurtu dodala. Neugan be apurketa bat egon da, moldatu egin behar izan naz estilo barri horretara.
9.- Kintsukoroi proiektu berezia da zuretzat. Publikoari, ostera, zer emongo deutso?
Entzuleak ni neu topauko nau, biluzik egongo banintz modura. Hori egiten dodan lehenengo aldia da, hori berez bada barritasuna. Zuzeneko emonaldietan, ganera, ahaleginduko naz agertzen proiektuaren hiru ardatzen pintzelkadak. Hau da, Maria agertuko da bere gitarreagaz, gero kolaborazinoak egongo dira eta, hirugarrenik, Mark Jordanegaz egindakoaren zertzelada batzuk be bai. Hori guztia jenteari eskaintzen ahaleginduko naz. Aurrerago zehaztuko dogu zuzeneko emonaldiak non eta noz izango diran.
10.- Hariz Petralanda, Ene Begirada, bideogileagaz grabautako bideoa izan da Kintsukoroi-n atera dozun lehenengoa. Zelakoa da?
Bideo hori Ongi etorriak kantan oinarrituta dago. Neu agertzen naz, zuzenean gitarrea joten. Errefuxiatuei eta kanpotik gugana etorri behar daben guztiei eskainitako kantea da. Proiektuko lehenengo kantea hau izatea nahi izan dot ze, kasu honetan, kantak zelan jaioten diran garbi ikusten da: Neu bakarrik agertzen naz, ia mikrofoniarik eta produkzino barik, natural. Bigarren abestia martiaren 3an aterako dot eta hor beste ardatz batera, tribuaren ardatzera salto egingo dot. Rayco Sánchez rap abeslariagaz batera sortu dogu kanta bat Berta Cáceresen omenez, martiaren 3an dalako bera hil ebeneko urteurrena. Apirilean Mark Jordanegaz egindako produkzinoak zabalduko doguz.
11.- Kanta eta bideo guztiak internetez zabalduko dozuz?
Lehen esan dodan legez, YouTube-n eta SoundCloud-en kanalak zabaldu dodaz. Ganera, martian martxan ipiniko dot mariarivero.eus webgunea, proiektuaren nondik norakoak batzeko. Ganera, webgune horretan nire proiektu guztiak agertuko dira eta nobedadeak hor aterako dodaz.
12.- Siroka taldean eta Hutsa bikote akustikoan be bazabiz. Kintsukoroi proiektuaren eraginez alboratu egin doduz beste biak, ala horreei be eusten deutsezu?
Ez dodaz albo batera itxi, ez. Sirokagaz, hain zuzen, kanta barriak sortzen gabiz, errepertorioa osotuten joateko eta, aldi berean, zuzenekoak emoten segiduten dogu. Hutsagaz bardin, kanta barriak egiten gabiz. Proiektu guztiak bateragarriak dira niretzat. Normala dan ezkero, azken asteotan gehiago egon naz Kintsukoroi proiektu honetan, batez be autogestinoaren bidea aukeratu dodalako eta neu nazalako arduradun bakarra. Baina beste proiektu guztiei eutsita.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!