Hiztegi Juridiko-Parlamentarioa atera dabe Euskaltzaindiak eta ganbara legegileek

Dabi Piedra 2017-02-24 13:44   Euskerea berbagai

Hego Euskal Herriko bost erakunde legegileek alkarlanean jardun dabe hiztegi barria egiten. Alor juridiko-parlamentarioan erabilten diran terminoak batu ditue.

Erakunde legegileetako eta Euskaltzaindiko ordezkariak, hiztegia aurkezteko ekitaldian | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskaltzaindiak eta Eusko Legebiltzarrak 2011n sinatutako akordioa da Oinarrizko Hiztegi Juridiko-Parlamentarioaren abiapuntua. Gero, Hego Euskal Herriko ganerako ganbara legegileak batu jakoz proiektuari: Nafarroako Foru Parlamentua eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Batzar Nagusiak. IVAPek eta UZEIk be lagundu dabe.

Euskerea hizkuntza ofizial danetik, 35 urteotan erakunde publikoek terminologia berezi bat sortu dabe euren jardunean erabilteko. Oinarrizko Hiztegi Juridiko-Parlamentarioak batasuna emon deutso bide horri, hau da, normalizazinoa erakunde bakotxak bere aldetik egin beharrean, ados jarri dira forma bateratuak onartzeko. Desbardintasunen ganetik, batasuna dakar, azaldu dau Andres Urrutia euskaltzainburuak Bilbon, hiztegia aurkezteko ekitaldian.

Hego Euskal Herriko erakundeetako ordezkaritza zabala egon da ekitaldi horretan. Bakartxo Tejeria eta Ainhoa Aznarez legebiltzar bietako presidenteak batetik, Batzar Nagusietako hiru presidenteak bestetik (Pedro Elosegi Arabatik, Ana Otadui Bizkaitik eta Eider Mendoza Gipuzkoatik). Eusko Jaurlaritzearen izenean, Josu Erkoreka eta Bingen Zupiria sailburuak egon dira. Alderdi politikoek eta euskalgintzako eragileek be bialdu ditue ordezkariak.

Erakunde guztietako ordezkariek ezaugarri bat nabarmendu dabe, hiztegi barriari balioa emoten deutsana: Guztien arteko adostasuna. Erakunde bakotxak lan luzea egin dau alor honetan, baina orain batasuna emon deutsagu, adierazo dau Gotzon Loberak, batzorde teknikoaren buruak.

Erabilteko jaio da hiztegi hau, azpimarratu dau Andres Urrutiak, normalizazinoaren bidean danontzako tresnea izango da. Batez be, lan parlamentarioan ibilten diranak izan ditu gogoan euskaltzainburuak: Eguneroko lanean erabilgarri izango jatzue. Hizkuntzea eta zuzenbidea, gizartean eragin sakona daukien atal bi dirala dino Urrutiak, eta hiztegiak biak batzen dituala.

Izenburuak dinoan legez, oinarrizko hiztegia da plazaratu barri dana. Hau da, lan parlamentarioan beharrezkoak diran berbak dagoz, modu labur, zehatz eta argian jasota. Terminoen euskeratik gaztelaniarako itzulpena emoten da eta, ondoren, gaztelaniatik euskerarako zerrendea dago. Ehun orrialde inguruko argitalpena da. Axularren berbak gogoan, txikia dalarik handia da hiztegia, Andres Urrutiaren ustez.

Hiztegian 1.754 berba jaso dira eta Euskaltzaindiaren Osoko Bilkureak onespena emon deutso zerrendeari. Papelean atera dabe hiztegia, baina teknologia barriek emoten dituen aukerei esker, hiztegia osotzen eta hobetzen joateko asmoa agertu dabe bultzatzaileek.

Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidenteak euskereak egindako ibilbidea gogoan izan dau: Etxeko hizkuntza izatetik, lan profesionaletara pasau zan euskerea, parlamentuetako zereginak tartean. Horregaitik, Hiztegi Juridiko-Parlamentarioa ezinbesteko tresnatzat jo dau.

Erakundeen arteko adostasuna txalotu dau, bestetik, Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidenteak, ziur nago alkarlan hau ez dala azkena izango. Tejeriak ganeratu dau, oraindino lan handia dagoala egiteko eta hiztegia beste pausu bat dala, benetako hizkuntza askatasunaren helburura bidean.

Hiztegiaren bersino digitala, hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu